Su festa eta ikusgarritasun handirik ez du, baina talka bat da, hala ere, Mikel Urmeneta artistak sortu duen azken pieza. Lanaren mundua sartu du artearentzat prestaturiko gunean. Irabaziak sortzeko gune gisa agerrarazi du, tradizioz behaketarako gunetzat hartutakoa. Langileen lan jarduna tresna artistiko bihurturik. Marcelo Zelaieta kaleko bulegoetatik atera, eta Iruñeko Moises Perez Albeniz arte aretora eraman du Urmenetak Kukuxumuxu Ataute izeneko enpresa. Osorik: telefono, ordenagailu eta 22 langile. Dena jarri du jendearen bistara. Kapitalismoa ikuskizun. Kukuxumuxu Relocated izendatu du lana, eta maiatzaren 23ra arte izango da galerian.
Autobiografikoa da pieza, Urmenetak dioenez. Izan ere, bere bizitzaren ardatz izan den enpresaren tripak dira, azken finean, jendeari erakusten dizkionak. «Behar bat izan da niretzat beti sorkuntzarena, eta baita lan egitea ere. Orain inoiz baino gehiago. Bi behar horiek bat egiten dute pieza honetan, eta behar bakarra sortzen da. Gatazkak sortuko ditu bateratze horrek, bai galerian, bai enpresan. Bi instituzioen gabeziak dira erakusketan agerian gelditzen direnak». Bi adibide jartzen ditu: galeria ez dago enpresa batek behar dituen kable guztiak hartzeko prestatuta, eta enpresa ez dago galeria batek duen ikusgaitasun mailarekin lan egitera ohituta.
Kirrinka egiten du bateratzeak, artistaren hitzetan. Ipurdi bistan daude bi instituzioak erakusketan, haren ustez. «Zalantzan jartzen da enpresaren ideia, baita galeriarena ere. Langile hauek guztiak hemen egoteak zikindu egiten du tradizioz behaketarako baino izan ez den espazio hau. Galeria ez dago gisa honetako erakusketa bat hartzeko gaituta. Eta, bestalde, enpresak ere hermetikoak eta opakoak dira beti, eta gardentasun ariketa honekin ikusi ahal izango da bide hori ote den balio duen bakarra, edo bestelako bideak ere badauden».
Gardentasuna eta zaintza. Bi kontzeptu horien artean aritu beharko dira langileak lanean bi hilabetez. Galeriaren neurri, exijentzia eta ordutegietara moldatu beharko dute bi hilabetez. 25 langileri eskatu zaie iritzia, eta leku aldaketa egitearen alde azaldu dira haietariko 22. Beren tresna guztiak hartuta dabiltza galerian orain. Bisitariaren begiradapean arituko dira galerian, baita haien mugimendu eta ekintza guztiak Interneten ikusgai jartzen dituzten hiru kameraren zaintzapean ere. Eta ikusgaitasun hori izan da haien kezka nagusia, Urmenetak azaltzen duenez. «Bi hilabetez ohituta dauden baino askoz ere ikusgaitasun handiagoa izango du haien jardunak, eta bisitatzen gaituen orok egin beharko du bat irizpide horrekin. Hornitzaile, bisitari eta besteek».
Langileak langileei so
Ispilu jolas bat ere bada Kukuxumuxu Relocated: lanetik atera den jendea lanean ari den jendeari begira; lanik aurkitzen ez duen jendea 22 langileren lan jardunari so; diseinu enpresa bateko langileak arte enpresa baten barruan lanean; langile batzuk greba egunean lanean, eta beste batzuk greban... Dena jendearen bistara. Egungo egoera ekonomikoak indar berezia ematen dio, gainera, erakusketari, artistaren ustez. Egoera larria da, eta bere azalpenetan Urmenetak ere ez ditu enpresaren arazoak ezkutatzen. «Kukuxumuxuren lau enpresetariko bik lan erregulazioko espedientean ziren. Erakusketan dagoena da haietariko bat, eta bere lan jarduna galeriaren ordutegira moldatu beharragatik, hain zuzen ere. Erakusketa bukatzean ikusiko da zer gertatzen den».
Garden izateak ez du esan nahi, ordea, mailaketa edo bereizketarik ez dagoenik. Kristalezko kutxa moduko batek bereizten du bilkura aretoa gainontzeko langileek hartzen duten gunetik, eta hesi moduko batek bereizten ditu langileak eta bisitariak. Galeriara joaten den orok dauka, hala ere, bilkura gunean gertatzen dena entzuteko aukera. Mikrofono batzuei esker negoziazioa, eztabaida eta erabaki guztiak daude entzungai. Baita sarean ere. Zuzenean. Bestalde, atsedenerako gordetako gunean ere egin ahal izango du topo bisitariak langileekin. «Menderakaitza da pieza hau», azaltzen du Urmenetak. «Guztiz bizirik dago, eta bisitari bakoitzak ikusiko du erakusketari zer eskatzen dion, eta harengandik zer jasotzen duen. Ez dakigu zer pasatuko den. Etengabeko mutazioan dago galeria bera, baita arte lana ere». Lanean.
'Ready made korporatiboa'
Ready made korporatiboa. Izendapen hori ematen dio Urmenetaren lanari Francisco Javier San Martin arte historialari eta kritikariak. Marcel Duchamp artistak arte galeriara gernutoki bat eramanda ireki zuen ildoaren barruan egindako beste urrats bat gehiago da Kukuxumuxu Relocated, haren ustez. San Martinek idatzi du erakusketarako prestatu duten katalogoko testua. Talka batez mintzo da: irudi literarioen eta gorputz errealen artekoaz. «Artelanen behaketarako leku bat, irabazi asmoa duen ekoizpen jarduera batek zikindua. Lanaren errealitatearekin talka bortitzean, alegia. Lanari buruzko mito literarioak lanean ari diren gorputzekin talkan». Objektua baino gehiago aktibitatea da erakusketaren giltza, San Martinek azaltzen duenez. «Iruñeko galeriara doan ikusleak ez ditu telefonoak soilik aurkituko, baizik eta baita telefonoak erabiltzen dituzten pertsonak ere: ez soilik gernutoki bat —Duchampekikoak amaitzeagatik—, baizik eta baita beren lan orduetan pixa egiten duten langileak ere».
Orain hiru urte hasi zen Urmeneta erakusketa lantzen, eta piezaren benetakotasuna defendatzen du Moises Perez Albeniz arte galeristak. «Hemen ez dago inolako antzezpenik. Lanean ari dira langileak, bulegoetan ariko liratekeen bezala». Eta berak ere talka bat aipatzen du: jendearen espektatiben eta instalazioaren artekoa. «Hona etortzen denak espero du hormetan zerbait ikustea, baina hemen ez dute halakorik aurkituko».
Hainbeste aipatzen duten talka horrek bultzadarik eman dezakeen ikertzen ere jarri da enpresa, bestalde. Eta Moises Perez Albenizko esperientziak langileengan duen eragina ikertzeko talde bat kontratatu du horregatik.
Erakusketa ikusi ahal izateko, bisitatu webgune hau:
www.galeriampa.com
Kapitalismoaren ikuskizuna
Kukuxumuxuko lantoki bat eraman du Mikel Urmeneta artistak Iruñeko Moises Perez Albeniz galeriara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu