Kantuzko «zirkulu ireki» bat

Zazpi kantu bildu ditu Nogen taldeak argitaratu berri duen 'Åben Cirkel' diskoan, eta hainbat musikari ezagun izan ditu lagun. Lau kontzertu iragarri dituzte oraingoz, eta «oso pozik» daude jendeak egindako harrerarekin

Ezker-eskuin, Markel Idigoras, Olatz Cuevas, Ane Negeruela, Jokin Gilisagasti eta Alex Irazusta Nogen taldeko kideak, Åben Cirkel diskoa aurkezteko argazki batean. MARIO LEZAUN.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Igande goiza da eta jada berandu/ nahi duzunaz hitz egin dezakegu/ ezin da ezer konpondu, ezin da ezer konpondu...». Hala du hasiera Nogen musika taldeak orain hilabete argitara eman zuen Abendua kantuak. La M.O.D.A. taldeko David Ruiz izan dute kantu horretan lagun, euskaraz kantari. Taldeak berak egin zuen, orduan, abestiaren argazkia hedabideei bidalitako promozio testuan: «Buruari klik egin eta urtea zerotik hasteko beharra; edota abendua amaitzea urtearen erdian. Abendua-k denok bizi ditugun momentu zailen inguruan hitz egiten du».

Hain zuzen ere, kantu horrekin iragarri zuen taldeak bazuela disko bat esku artean. Gaur kaleratu dute, eta, aurreko lanekin egin bezala, danierara jo dute disko berriari izenburua jartzeko: Åben Cirkel. Taldeko kide Markel Idigorasek azaldu du esanahia: «Zirkulu irekia esan nahi du Åben Cirkel-ek euskaraz. Esan nahi du momentu bat ez dela inoiz modu berean errepikatuko, leku bat ez dela berriro momentu bereko leku bera izango... Diskoa izendatzeko adiera polita iruditu zitzaigun».

Bost dira taldea osatzen duten kideak: Olatz Cuevas (baxua), Jokin Gilisagasti (bateria eta ahotsa), Alex Irazusta (gitarra eta ahotsa), Ane Negeruela (ahotsa) eta Idigoras (ukelelea eta ahotsa).

«Disko hau da orain arte egin ditugunetan desberdinena. Eklektikoena akaso. Ausartena, zalantzarik gabe», aurreratu du Irazustak. Zazpi kantu jaso dituzte, denera, lan berrian —17, Guztia edo ezer ez, Orein, Glastonbury, Abendua, Galdu duenari eta Maleta—, eta hainbat artistak hartu du parte abestiotan. Irazustaren hitzetan, kaleratu dituzten hiru disko luzeen artean, Åben Cirkel-i eskaini diote «mimo» gehien: «Beti esan ohi da azken diskoa dela talde batek atera duen diskorik onena. Gure kasuan ere hala dela esango nuke. Inoiz baino lehenago hasi ginen abestiak egiten, eta inoiz baino beranduago bukatu dugu. Zergatik? Kantu bakoitza zaindu nahi genuelako, eta sortzeko eta fintzeko behar zuen denbora eman diogulako. Abesti bakoitza bere unibertsoan murgildu dugu, eta hori dena osatzeak lan handia eskatzen du». Bat dator harekin Idigoras: «Nortasuna eman nahi izan diogu abesti bakoitzari; bai ahotsean eta baita instrumentalki ere. Esango nuke lortu dugula».

Aurreratu dute, halaber, diskoa «espazio jakin batean» kokatu dutela. Irazusta: «Diskoa leku batean gertatzen da, eta istorioak sortzen dira bertan. Horregatik uste dugu dela gauza gehien kontatzen duen diskoa. Publikoak, batez ere, zuzenekoetan nabarituko du hori».

Bada denbora bat lana amaitu zutela, eta Irazustak kontatu du «urduri» pasatu dutela ordutik gaurdainoko denbora: «Disko bat bukatu eta argitaratu aurreko denbora tarte hori errusiar mendi baten moduko zerbait izaten da. Behin bukatuta, munduko disko onena iruditzen zaizu, baina hortik bi astera intseguritateak azaleratzen dira, eta egin duzuna ez zaizu hainbesterainokoa iruditzen. Halere, gu oso pozik gaude azken emaitzarekin. Gogoa dugu oholtzan aurkeztu eta publikoarekin batera disfrutatzeko».

Lehen akordeen zain

Diskoa kaleratu aurretik iragarri zituzten aurkezpen birako kontzertuak. Azaroaren 17an ekingo diote birari, Iruñeko Zentral aretoan; hurrengo egunean, berriz, azaroaren 18an, Gasteizko Jimmy Jazzen izango dira; hilaren 24an, Bilboko Kafe Antzokian joko dute; eta abenduaren 30ean, Donostiako Dabadaban. «Iruñeko lehen akordeak jotzen ditugunean konturatuko gara zenbat merezi izan duen egindako lanak», Idigorasek.

Orain hilabete pasatxo jarri zituzten salgai kontzertu horietarako sarrerak, eta egun gutxiren buruan saldu zituzten Donostiako sarrera guztiak. «Maitasuna da hori guretzat», azaldu du Idigorasek. «Jendeak guri harrera hori egitea oso polita da.Benetan bereziak izango dira aurkezpen birako lau kontzertuak. Eman digun maitasun guztia itzuli nahiko genioke publikoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.