Kantuz sortu den hiria

Easo abesbatzak 82. Musika Hamabostaldian estreinatuko du haurrekin batera sortu duen 'Hirira' opera. Hiriari buruz duten ikuspuntua jaso dute hitzetan: nahiak eta beldurrak.

Parte hartzaileak, entseatzen, Easo abesbatzaren egoitzan, Donostian. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Izenak helmuga erakusten du: Hirira. Hara gonbidatu nahi dituzte ikusleak. Haurren hirira; haurrek imajinatu, antolatu eta kantatu duten hiri horretara. Izan ere, hori erakusten du Easo abesbatzak haurrekin sortu duen ikuskizun berriak: haurrek etengabe pentsatzen eta eraikitzen duten hiri bat, helduek diseinatutakoen antza duena batzuetan, eta haietatik urruntzen dena besteetan. Azken ukitua ematen ari dira abesbatzaren egoitzan; etzi aurkeztuko dute, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Donostiako 82. Musika Hamabostaldiko egitarauaren barruan.

Non bizi nahi dute haurrek? Nolako hiria nahi dute? Gauza asko aldatuko lituzkete? Paul Hindemith konpositore alemaniarrak galdera horiek egin zituen 1930. urtean, Wir bauen eine Stadt (Hiri bat eraikitzen ari gara) izeneko haur operan. Easo abesbatzak lan hori hartu du abiapuntutzat, eta, hura egokitzeko, parte hartze prozesu bat egin du 8 eta 16 urte bitarteko 35 haurrekin. Gorka Mirandak koordinatu du obra, Mafalda Saloio da zuzendari artistikoa, eta David de Oliveira musika zuzendaria. Marta Garcia arduratu da parte hartze prozesuaz, eta berak idatzi ditu operaren hitzak.

Easo abesbatzak Itsasotik eskolara proiektua aurkeztu zuen Musika Hamabostaldian duela hiru urte, eta hark irekitako bidetik iritsi da Hirira. Energia bizikoa da; haurrek alderik alde betetzen dute agertokia, hainbat pieza geometrikorekin batera. Eszenaren itxura erabat aldatzen dute horien bidez: itsasontzi bat fabrika bihurtzen da, fabrika hiri... eta mugimendu bakoitzarekin kontatzen dute hiriari buruzko zerbait: ez dutela zarata atsegin, astelehenak bereziak direla, ados egon ez arren erabakiak elkarrekin hartu behar direla, eta abar.

Hala ere, ikuskizunak ez du istorio zuzen eta oso bat kontatzen; ez dago hasierarik, korapilorik eta amaierarik. «Batzuetan helduei gehiago kostatzen zaie hori ulertzea haurrei baino», ohartarazi du Garciak. «Zenbat istorio daude hiri batean? Pertsonak adina, eta gehiago. Obran ez dago pertsonaia nagusirik, rol klasikorik... Haurrak hiritarrak dira, hiria eraikitzen ari dira, eta prozesu hori erakusten diete ikusleei», azaldu du.

Praktikoa eta fantastikoa

Iaz hasi ziren haurrekin ikuskizuna sortzen. Tailer batzuk antolatu zituzten, eta haurrei beren hiriari buruzko zenbait galdera egin zizkieten jolasen eta ariketen bidez: nolakoa den, nor bizi den, helduek zer rol duten, espazioak nolakoak diren... «Zer desio eta beldur dituzten», finean, Garciak esan duenez. «Hiria etxea da nolabait, baina baita gauza arrotz edo ezezagun bat ere; horri buruz ere hitz egin nahi genuen».

2020aren hasieran egin zuten hori, koronabirusak eta hari aurre egiteko neurriek dena hankaz gora jarri aurretik. Eta, haurrek emandako erantzunen artean, gauza batzuek atentzioa eman zioten Garciari: «Galdetu genien hiri batean zer lanbide diren garrantzitsuak, eta atera ziren handik hilabetera funtsezko esaten zitzaien guztiak; oso argi zuten hiri batek zer behar dituen funtzionatzeko». Haurren zentzu praktikoa eta mundu fantastikoa uztartzen ditu obrak, Garciaren hitzetan.

Praktikotasun horren adibidea da irtenbide errazak proposatzen zituztela gustatzen ez zitzaizkien gauzak konpontzeko: «Zakarrontzi gehiago jartzea, iturriak ipintzea, parkeak eraikitzea... Ez dute atrakzio parke ikusgarririk behar pozik bizitzeko».

Haurren ideiak baliatuta sortu dituzte kantuen hitzak, baita koreografiak eta jantziak ere. «Ez zaie koreografia bat ezarri, haiek sortu dituzte mugimenduak, Mafaldarekin egindako jolasen eta inprobisazioen bidez: dantzarekin, keinuekin...». Jantzien kontzeptuei buruz, Garciak nabarmendu du mutilen eta nesken artean bereizketak ez egitea erabaki zutela; berdin erabiliko dituzte galtzak eta gonak batzuek eta besteek.

Moldaketa askea

Hindemithek jatorrizko obra idatzi zuenean, garbi esan zuen haurrek lantzeko asmoz sortu zuela, eta haien neurrira moldatzeko egina zela. Easo abesbatzak aldaketa batzuk egin ditu: bertso batzuk erantsi dituzte, beste batzuk kendu, eta laukote batera egokitu dute musika. Pianoarentzako eta abesbatzarentzako obra bat da, baina lau musikari ariko dira agertokiaren gainean: David de Oliveira pianista, Juan Miguel Amador klarinete jotzailea, Nerea Quincoces perkusionista eta Marianne Brandstettner biolinista. Josu Alberdinek egin ditu moldaketa guztiak. Gainera, Hindemithek sortutako beste pieza batzuk ere txertatu dizkiote operari. Hemeretzi abesti daude denera.

Hiriari buruzko ikuspegi berezi bat emateaz gain, aldarrikapen bat ere egin nahi dute ikuskizunaren bidez: haurrak ere herritarrak direla, eta haien iritzia kontuan eduki behar dela hiriak antolatzerakoan. Pasaian (Gipuzkoa) egin zuten parte hartze prozesu batean gertatutakoa kontatu du Garciak, adibide gisa: «Zer behar zuten galdetu zietenean, erantzun zuten 'Tabakalera bat' nahi zutela. Jakina, ez zuten halako kultur zentrorik eskatzen, baizik eta toki handi bat, estalia, lasai egoteko. Gauza sinpleak dira, baina, ez badizkiegu galdetzen, ez dakizkigu». Uste du entzutea dela gakoa: «Asko dugu ikasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.