Kantuz egindako ibilbide bat

'Maite Idirin, herrigintza kantuz' liburua kaleratu du UEUk. Idirinen beraren bizitza kontatzen du, haren diskografia ardatz hartuta. Garai bateko «emazte borrokalariei» eskaini diete lana

Maite Idirin, 2015eko martxoan. BOB EDME.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Maite Idirin, herrigintza kantuz liburua aurkeztu zuten atzo Jokin Apalategi Begiristain EHUko katedradun eta idazleak —Idirinen senarra ere badenak—, eta Paulo Iztueta Armendariz ikerlariak. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik kaleratu dute lana, Baionan. Idirinen bizitza kontatzen du liburuak, musika ardatz hartuta. «Garai hartako neska gazteen testigantza bat da, nolabait», azaldu zuen Gidor Bilbao UEUko kideak.

Apalategik ekin zion liburuaren gaineko azalpenari, eta ideia nondik etorri zen kontatu zuen lehen lehenik. Haren hitzetan, Idirinen gaixotasuna izan zen lana abiatzeko lehen arrazoia: «Bera joaterako, berari buruzko liburu bat egin dugula ikustea nahi nuen, behintzat». Bilbaok «maitasunez beteriko» liburutzat du lana. Izan ere, «maitasunez» idatzi dute lana autoreek, eta UEUko kideek ere «maitasunez jardun» dutela azpimarratu nahi izan zuen Bilbaok; «Maketatzaileetatik hasita, pentagramak papereratu dituztenetaraino». Haren ustetan, Idirinekiko zor bat zuen UEUk liburua argitaratu aurretik, eta hura kitatze aldera otu zitzaien ideia.

Idirini eginiko «omenaldia» izateaz gain, «emakume kantari guztiei» eginiko omenaldia dela adierazi zuen Apalategik segidan. Haren ustez, emakumeak ahaztuak dira Euskal Kantagintza Berria mugimenduan: «Emakumekantari oso onak daude historia ikaragarria egin dutenak; Maite bera, baina badira [Lourdes] Iriondo, Estitxu eta [Amaia] Zubiria ere, besteak beste». Apalategik ahaztutakoak aipatzeari ekin nahi izan dio emaztearen ibilbidea kontatuz, baina ondorengoei ere «bidea zabaltzea» espero duela azaldu zuen. Hargatik, honako hau irakur daiteke liburuaren orrien artean: «Emakume borrokalariei, eurekiko esker onez beterik».

Kantagintza, «bizkarrezur»

Izenburuak ulertarazten duen bezala, Idirinek herrigintzari egindako ekarpena da liburua gidatzen duen gaia. Eta ekarpen hori «kantuz» egin zuen hein handi batean. «Kantua haren bizitzaren %99 izan da», Apalategik. Kontatu du, halaber, 1968an, Atahualpa Yupanquiren kontzertu batetik bueltan sartu zela bete- betean «munduan anitz tokitan sortu zen kantuzko militantzia erreibindikatzailean». Idirin ez zen lehena izan Euskal Kantagintza Berrian, baina ez zen lehenengo izatetik urrun ibili, Apalategiren esanetan. Horrela, 1968an argitaratu zuen lehen diskotik estilo bereko Ahizpatasunera diskorako bizipenak kontatzen dira liburuan, xeheki.

Apalategiren hitzetan, Idirinen diskoak dira liburuaren «bizkarrezurra». 1968tik 1979ra arteko disko guztiak jaso dituzte bertan; zazpi, denera. Lehena, kasu baterako, Atahualpa Yupanquiren lau kantuk osatzen dute, eta, hain justu ere, haren izena jarri zion lanari: Atahualpa Yupanqui euskeraz. Gabriel Arestik eta Paulo Iztuetak euskaratu zizkioten Maite Idirini kantu haiek. Urte berean, Durangoko Azokan aurkeztu ahal izan zuen lan hura.

Disko bakoitzaren sorreraren testuingurua, azala, kantu guztien hitz eta pentagramak jasotzen ditu liburuak lehen atalean. Bigarren atalean, berriz, Idirinek musika klasikoan ukandako ibilbidea jorratzen da, hain xeheki egina ez bada ere. Apalategiren arabera, Euskal Kantagintza Berrian musika klasikoan aritu zen bakarra. «Klasiko ikasketak egin zituen, diplomak atera zituen, urrezko dominak ere lortu zituen; denak, denak ditu». Beraz, naturalki Euskal Kantagintza Berritik musika klasikoaren mundura igaro zela dio Apalategik.

«Emazte engaiatua»

«Maite beti izan da euskaldun eta euskaltzalea, baita militante sutsu eta borrokalaria ere. Bada, borroka horren berri eman nahi nuen nik», azaldu du Apalategik. «Abeslari engaiatuaren bizipenak kontatzen dira liburuan», gehitu du.

«Ez dakit historia liburu bat dela esan daitekeen, baina, edonola ere, historiaz beteta dago lan hau», erantsi du Bilbaok. «Ez du Maiteren historia soilik kontatzen,1968 eta 1979 urte bitarteko neska gazteen historia ere kontatzen du».

Idirinek 1968an Zeberion (Bizkaia) eskaini zuen lehen kantaldia, baina berehala ihes egin behar izan zuen Espainiako errepresioa zela medio. Parisera iritsi zen, eta han ezagutu zuen Apalategi. Bertan zela, kafe antzokian kantatu ohi zuen gauera. Hartara, anitz bidaiatu eta toki anitzetan kantatu ahal izan zuen gero; Flandrian eta Jugoslaviako Eslovenian, besteak beste. «Diskoek haren bizitza kontatzeko aukera ematen dute», laburbildu du Bilbaok.

Bere ibilbidean pertsona anitz topatu zituen emazteak, eta hala islatu nahi izan dute liburuan. Bilbao: «Kantuekin batera, pertsonaia galeria izugarri eta askotarikoa agertzen da. Niri harrigarria egin zitzaidan zelako jende ezberdina topatu daitekeen bertan: oso politikoki markatuak batzuk, beste batzuk erabat beste mundukoak».

Aurkezleen arabera, harrera ona izan du liburuak oraingoz. Belaunaldi bereko jendea hurbildu zaie, identifikatuta sentiturik. «Helburuetako bat maitasunetik historia liburutxo honetan garai hartako testigantza uztea da», azaldu du Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.