Kantuaren sindikalista

Pete Seeger hil da, AEBetako folklorea berreskuratu eta aktibismo politikorako tresna bilakatu zuen kantariaEzkertiarra izanik, komunismoaren aurkako sorgin ehizaren jazarpena jasan zuen

Pete Seeger, 50eko hamarkadan Kalifornian emandako kontzertu batean, jende artean. Z / BERRIA.
mikel lizarralde
2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
«Nire bizitzako lanik garrantzitsuena izan da jendeari erakustea ez duzula zertan aberatsa eta ospetsua izan jendea abestera bultzatuko duen kantu bat egiteko». Kantu bat egiteko, kantu zahar bat berreskuratzeko. Kantuari beste ahotsetan bizitza emateko. Pete Seegerrentzat ( New York, 1919-2014) musika eta komunitatea bat ziren. Batak bestea zekarren. Eta kantuan aritzen zen talde bat ekintza politikorako ate bat zen. Ate ireki bat. Horregatik, berak —eta Woody Guthrie, eta halako beste gutxi batzuek— irekitako ate horretatik sartu ziren mundura 60ko hamarkadan gitarra eskuan hura aldatu nahi zuten kantariak. Seeger herenegun hil zen, 94 urterekin, bizitza osoa konpromisoari lotua igaro ondoren.

«Seeger tipo integroa izan zen, konprometitua, ezkertiarra, eta kantari bikaina». Benito Lertxundik 1971ko otsailean ezagutu zuen Seeger, kantari estatubatuarrak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian abestu behar zuela-eta hiruzpalau egun Ez Dok Amairukoekin pasatu zituenean. Orduan ezagutu zuen aurrez aurre, aurretik ere bazuelako haren lanaren berri. «Batzuetan galdetzen da zer den poesia. Bada, nik beti esaten dut poesia ez dela bakarrik idatzitakoa, baizik eta bizitzeko modu bat. Agian hori da poesiarik inportanteena. Eta Seeger beti ikusi dut txori bat bezala bizirik. Haren bizitza oso poetikoa izan da». Nire ekialdean diskoan (2002), Zergatik utzi kantatzeari grabatu zuen Lertxundik, Seegerren Old Devil Time-ren moldaketa.

Seegerren konpromisoa, herriarekiko lotura aipatzen dira hari buruz idaztean eta hitz egitean. Nola langile mugimenduaren alde kantatu zuen 40ko hamarkadan, nola eskubide zibilak defenditu ziruen eta Vietnamgo gerra arbuiatu zuen 60ko urteetan, nola McCarthy senatariarensorgin ehiza antikomunistaren biktimetako bat izan zen... Konpromisoa aipatuta ere, haren naturaltasuna nabarmendu du Lertxundik. «Barrutik ateratzen zitzaion, ahalegin berezirik egin gabe. Horrelakoa zen bera. Pentsa, 94 urterekin hil da, eta iaz, artean, kantuan ari zen». Hain zuzen ere, joan den urteko irailean Farm Aid jaialdian azaldu zen bere banjoarekin. Ondoan zituen bere oinordekoetako batzuk, Willie Nelson, John Mellencamp, Neil Young... baina Seegerrek publikoa jarri zuen kantuan. This Land is Your Land (Lur hau zure lurra da), Woody Guthrie lagunak 40ko hamarkadan idatzitako ereserkia.

Ez zen jendea kantuan jartzen zuen lehenengo aldia. Are gehiago. Esan daiteke jendea kantuan jartzea izan zela haren zeregina. Harena izan zen, adibidez, XX. mendearen hasieran idatzitako gospel ereserki bat (We Shall Overcome) 60ko hamarkadan arrazakeriaren kontrako kantu ez-ofizial bihurtzearen ardura. Seegerrek berak protesta mugimendu hark izan zuen doinua ekarri zuen gogora orain dela urte pare bat egindako elkarrizketa batean: «Amerikako historiako protestarik musikalena izan zen hura. Inportanteena ez baita birtuosismoa, baizik eta taldearen musikaltasuna».

Politikaz maitemindua

Seegerrek kantuaren bidea hartu zuen, baina har zezakeen kazetariarena ere. Ez alferrik, eskolako berripaperak zuzendu izan zituen, eta bazuen berriemaile sena, baina ez zuen lanik lortu. «Batek daki, baina agian ona izango nintzen!», zioen umorez ofizio bihurtu ez zuen afizioaz.

Harvardeko Unibertsitatean ikasketak hasi, eta berehala utzi egin zituen, «politikaz maitemindu» zelako. Alderdi Komunistara hurbildu zen, eta bere lekua herritarren ondoan zegoela jabetuta, trenetaraigota, Estatu Batuetako musika tradizionalaz busti zen. Estatuz estatu kantuak bilduz. Urte haietan kongresuko liburutegiko folk musikaren artxiboan lan egin zuen Alan Lomaxekin, 30eko hamarkada baino lehen sortutako kantu haiek guztiak biltzen.

XX. mendearen erdialdean zuriak espaloi batetik eta beltzak bestetik zihoazen AEBetan. Baina baziren biak lotzen zituzten korronteak ere. Batik bat, musikari lotuak. 40ko hamarkadaren hasieran langile mugimenduaren ahozko tradiziotik edan zuen bezala —musika laukote sindikalista osatzen zutela zioen kantariak—, urte batzuk geroago, blues eta folk kantari beltzen defentsa egin nahi izan zuen The Weaversekin. Lead Bellyren kantu bat (Good Night Irene) irratietan etengabe jartzen zituzten haietakoa bihurtu zuen. «Musika zen beltzak eta zuriak modu naturalean elkarrekin aritzen ginen esparru bakarretakoa», aitortu zuen urte batzuk geroago.

50eko hamarkadako lehendabizikoak urte mugituak izan ziren AEBetan. Komunismoarekiko eta ezkertiar kutsua zuen edozerekiko beldurra eta obsesioa gizarte osora zabaldu zen, eta Joseph McCarthy senataria bihurtuko zen sorgin ehiza haren buru agerikoena. Seeger deklaratzera deitu zuten 1955ean, eta bere ideiez eta lotura politikoez galdetu zioten, baina kantariak uko egin zion erantzuteari. «Uste dut nire bizitza guztian ez dudala egin konspirazioaren inolako antzik duen ezer». Bere kantuetako batzuk zirenez salaketaren oinarria, Seeger prest azaldu zen haiek zuzenean abesteko, baina batzordekideek ez zioten utzi. Ordurako utzia zuen Alderdi Komunista, Stalinek hartutako bidearekin oso kritiko, baina artean bere burua komunistatzat jotzen zuen «k txikiarekin bada ere».

Zigor hura erabatekoa izan zen Seegerrentzat. Desagertu zen telebistatik, desagertu zen irratitik. Baina, era berean, lekua egin zuen aldaketa eskatzen zuen gazteria berri batean. John Birch Society erakunde ultraeskuindarrak boikotatu egiten zituen haren kontzertuak, baina, aldi berean, jende gero eta gehiago biltzen zuen.

Izan ere, folk revival mugimendua pizten ari zen ordurako, eta hari lotutako Newporteko jaialdiaren sortzaileetako bat izan zen Seeger 1959an. Hain zuzen, Newporteko jaialdian gertatu zen musikaren historiako gertaera bitxien zerrendan leku garrantzitsua izan eta Seeger protagonista duen bat. 1965ean, Bob Dylan ordurako mitifikatu batek, gitarra elektrikoa hartu, eta nolabaiteko ostiko bat eman zion iraganari. Dogmari. Orduko hartan Seeger haserretu batek aizkora batekin kableak moztu zitueneko kondairak gaur egunera arte iraun du, nahiz eta berak beste modu batean azaldu duen behin eta berriro: «Maggie's Farm ari zen kantatzen eta ez zen ezer ulertzen, mikrofonoak haren ahotsa distortsionatzen zuelako. Teknikariari eskatu nion konpontzeko, baina ez zidan kasurik egin. Nik hitzak entzun besterik ez nuen nahi; ez nuen ezer haren gitarra elektrikoaren aurka». Dylanekiko miresmena ez zuen ezkutatu inoiz: «Historian egon den musika egilerik handienetako bat da. Pertsona zoragarria da».

70eko hamarkadan, mende erdia gaindituta eta aktibismo musikal eta politiko tradizionaletik aldenduta ez, baina beste batzuei irekia, Seeger beste borroka bati lotu zitzaion: ekologismoari. Clearwater ontzia eraiki zuen, eta bozgorailua eskuan, ibai kutsatu hura garbitzeko kanpainari ekin zion. Herritarrak kontzientziatuz, urak zikintzen zituzten industriak salatuz, legeak aldatzeko presio eginez.

2011ko uztailaren 22an, Anders Behring Breivik eskuin muturreko kideak 77 pertsona hil zituen Utoyan, Norvegiako uharte batean. Gero, epaiketan, esan zuen Pete Seegerren My Rainbow Race kantua «haurrei burua jateko tresna marxista» dela. Segidan, 40.000 norvegiar Breivik espetxeratua dagoen kartzelako atarira joan eta aho bakarrez kantatu zuten abesti hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.