Kantuan diren herriak

Musika Bizian jaialdiak estaturik gabeko hainbat herritako musika taldeak eta luthierrak bilduko ditu larunbatean eta igandean, Galdakaon

Groenlandiako Nanook da Galdakaon arituko diren taldeetako bat. MUSIKA BIZIAN.
Inigo Astiz
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Dantza heldu zen lehenik, eta musika gero. 1955. urtean sortu zen Andra Mari dantza taldea Galdakaon (Bizkaia), eta, ordutik, hainbatetan gonbidatu dute Euskal Herritik kanpo dantzatzera. Izan da Europan, esaterako, eta izan da AEBetan, eta bidaia horietan estaturik gabeko beste hainbat herrialdetako hizkuntzak, kantak eta dantzak ezagutuz joan, eta hala piztu zitzaien, azkenean, jaialdi propioa sortzeko gogoa. 2013. urtean sortu zuten Musika Bizian izeneko festibala, eta larunbatean eta igandean egingo dute aurtengoa. Transilvaniako Fanfara Transilvania, Groenlandiako Nanook, eta Galiziako Xavier Diaz & Aduferias de Salitre arituko dira, besteak beste, eta erakusketa ere antolatuko dute larunbaterako, hainbat luthierrekin. Iturrondoko plazan jarriko duten karpan izango dira ekitaldi guztiak.

«Hasieratik erabaki genuen hau ez zela musika festibal bat bakarrik izango: erakusleiho bat ere zabaldu nahi genion herriari, herritarrek ere ikusi ahal izan dezaten munduan badirela Euskal Herriaren moduko beste hainbat nazio». Andra Mari dantza taldeko kide eta Musika Bizian jaialdiko antolakuntza taldeko kide da Garatz Unamunzaga, eta, dioenez, hasieran ezarritako helburu bera du oraindik ere festibalak.

Folka eta beste

Dantza taldeko boluntarioek antolatzen dute jaialdia, eta, Unamunzagak dioenez, musika taldeak topatzea izaten da lanik zailenetako bat. «Kontuan izan behar da talde hauek ez daukatela, adibidez, Berri Txarrak taldeak izan ahal duen proiekziorik; bilatu egin behar dira, eta herri horretan egiten diren festibaletan dagoenari begira egoten gara horretarako». Pozik daude orain arte lortutakoarekin.

Folk musika izan ohi da nagusi jaialdian, baina, Unamunzagak onartu duenez, berezia izango da aurtengo egitaraua: «Rockero xamarra atera zaigu», onartu du. Eta, oraingoan, egitarauan izango diren euskal taldeengatik gertatu da hori, gehienbat. Niko Etxart eta Hapa Hapa taldea arituko dira ostiralean, eta Liher larunbatean.

Folkari lotuago doaz Galdakaon izango diren nazioarteko taldeak. Xabier Diazena, esaterako, izen ezaguna da Galizian, eta, besteak beste, Kepa Junkerarekin jotakoa ere bada. 2015ean hasi zuen Adufeiras de Salitre kantariekin elkarlana, The Tambourine Man diskoarekin, eta beste bi lan kaleratu dituzte geroztik: Noro?: Algunhas mu?sicas do Norte (2018) eta As catedrais silenciadas (2020).

Karpato mendietako Cugir hirian sortu zen Fanfara Transilvania taldea, eta hamar musikari inguruk osatzen dute. Balkan Gypsy Brass Band hitzekin definitzen dute euren burua, eta, hain zuzen, ijito musika tradizionala eta Balkanetako melodiak uztartzen dituzte haien kantek.

Groenlandiakoa da Nanook taldea, eta Christian eta Frederik Elsner anaiek sortu zuten. 2009an eman zuten argitara beren lehen diskoa, arrakasta handiz, eta gora baino ez dute egin geroztik. 15.000 disko inguru saldu dituzte guztira, eta hamaika herrialdetan izan dira beren pop-rock doinuak aurkezten.

22 bandera

Aurten esfortzu berezia egin dute kontzertuei ez ezik luthierrei ere leku bat eskaintzeko, eta horregatik gehitu diote Artisauen durundia leloa jaialdiari. Larunbat goizean izango dute erakustaldia, karpan, eta Euskal Herriko instrumentuez gainera, Gaskoiniakoak, Galiziakoak, Kataluniakoak eta Sardiniakoak ere ikusi ahalko dituzte bertaratzen direnek. Ikusi, eta baita entzun ere, luthierrek erakustaldiak ere egingo baitituzte. Urtez urte, jaialdian parte hartzen izan direnen herrialdeetako banderak jarri dituzte zintzilik karpan, eta, Unamunzagak adierazi duenez, 22 herrialderen koloreak zintzilikatuko dituzte aurtengoak ere gehituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.