Badira kantuan soilik ahoska daitezkeen abizen batzuk, eta Robles Arangiz sendiarena da horietako bat. Bederatzi anai-arreba ziren etxean; guztiak musikari, eta sona handiko ere bai haietako batzuk. Soroak taldea osatu zuten lau anaiek, eta Ainarak taldea beste lau ahizpek, eta Euskal Herritik kanpo ere oihartzuna lortuzuen familiako gazteenak: Estibaliz Robles Arangizek, hain zuzen ere. Estitxuk. Ezagun egin ziren haren abestiak Euskal Herrian, hamabost disko kaleratu zituen, aritu zen Parisen, izan zen euskal kantagintzaren berritzaileetariko bat, eta Venezuelara ere heldu zen haren sona. 48 urterekin hil zen, minbiziaren eraginez, aurten 25 urte, hain justu, eta haren ibilbidea omendu nahi izan dute orain urteurrenaren aitzakian. Omenaldi kontzertua antolatu diote Loraldia jaialdiaren barruan senideek Bilboko BBK aretoan bihar. Robles Arangiz familiako hiru belaunaldi arituko dira kantuan, eta Niko Etxart eta Gontzal Mendibil musikariak ere izango dituzte lagun.
Bestela ere aski ezagun dituzte senideek Estitxuren kantak, eta ez dute haiek ikasten lan handirik izan. Etxean abesten dituzte haren abestiak, harekin zuzenean arituak dira batzuk, eta Naia Robles ilobak ere badu disko bat kalean izebaren abestiekin. «Ez da batere arazorik bi orduko emanaldia egiteko», onartu du Iker Robles Arangizek. Halere, hainbat entsegu egin dituzte emanaldirako dena ongi prestatu eta antolatzeko.
Erretratu musikal moduko bat ere izango da kontzertua, familiako kideek azaldu dutenez. Estitxuren kantak izango dira errepertorioaren ardatz nagusia; baina horrez gainera, Estitxuren letrak dituzten abestiak ere emango dituzte, baita, harenak izan gabe ere, Estitxuk maite zituen bestelako abesti batzuk ere. Dantza ere izango da ikuskizunean, eta «sorpresak» izango direla ere aurreratu dute.
Kantua, herria eta irria
Emanaldian umore tanta batzuk ere tartekatzea da familiaren asmoa. Iker Robles Arangiz nebak azaldutakoaren arabera, hiru baitziren Estitxuk gehien maite zituen gauzak: «kantua, irria eta Euskal Herria».
Gertuko zuen Estitxu Gontzal Mendibil musikariak ere, eta, gogoratzen duenez, hirutan aritu zen harekin kantuan. «Hurkoak ditut Robles Arangiz familiakoak», onartu du. «Euskaldunon artean, ahots lirikorik eta goxorik onena Estitxuk zeukan; Luis Marianok zeukana gizonezkoen artean Estitxuk zeukan emakumezkoen artean: ikaragarrizko ahots goxoa zeukan; barruraino sartzen zen».
Estitxuren kantak abestuko ditu Mendibilek ere kontzertuan, eta Iparragirre abeslariaren kanta bat ere interpretatuko duela esan du. «Asko maite dut nik Iparragirre, eta Estitxuk berak ere bai, eta hor egongo da kanta hori horregatik», azaldu du.
Naia Robles 12 urterekin aritu zen lehenengoz kantuan Estitxurekin, eta, gogoratzen duenez, gerora hamaika aldiz igo zen izebarekin agertokira. Estitxuren alboan izan zen 1993ko otsailaren 5ean eskaini zuen kontzertuan ere. Denbora zeraman kontzerturik eskaini gabe, gaixotasunaren ondorioz, eta gertukoek sumatzen zuten bere azken emanaldia izango zela. Zuzeneko hura amaitu, eta hiru astera hil zen, azkenean, eta Irunen eskainitako kontzertuan malkoei eutsi ezinik egon zen horregatik Naia Robles behin baino gehiagotan.
«Haren ahotsa gogoratzen dut, haren kantatzeko manera, eta haren kanta batzuk eskainiko ditut Bilbon», azaldu du orain.
Iazko martxoaren 8an Estitxuren izena jarri zioten Baionako kale bati, eta orduan piztu zitzaien senideei omenaldia egiteko ideia. Haiekin batera izan zen ekitaldian Frank Dolosor kazetaria ere, eta, urteurrenaren harira,musikariari buruzko dokumentala prestatu du berak. Paraleloan egin dute aurrera bi proiektuek, senideen hitzetan, eta dokumentala estreinatu eta hilabete ingurura helduko da horregatik omenaldi kontzertua.
Zentsuraren aurka
«Zer edo zer eman diogu euskal kulturari». Robles Arangiz familiak euskal musikari egindako ekarpena hartu du gogoan Iker Robles Arangizek. Soroak taldeko kide izan zen bera bere hiru anaiarekin batera, eta, gogoratzen duenez, garai hartan, euskarazko abestiak tartekatzen hasi zen lehen taldea izan zen haiena. Aurkakoak ere izan zituzten, baina. «Gitarra espainolarekin euskaraz jotzen genuen, eta kritikak ere izan genituen horregatik».
Manu Robles Arangiz ELA sindikatuaren sustatzaile eta EAJko diputatu ohia zuten aita, eta frankismoak ez zien hori barkatu. Bilbotik erbestera joan behar izan zuten familiako hainbat kidek, eta arazo bat baino gehiago izan zituzten agintariekin. Estitxuk berak, esaterako, zentsura jasan zuen, eta kontzertu batzuk ere galarazi zizkioten.
Omenaldiaren harira, bi disko ere kaleratu dituzte musikariaren senideek. Robles Arangiz sendiaren 60 urteko musika ibilbidea du oinarri batak, eta Estitxuren azken-aurreko diskoetariko baten berredizioa da bestea: 1982ko Guraso'eri lanarena, zehazki.
Kantuan ahoskatzeko izenak
Estitxuren omenezko kontzertua antolatu du Robles-Arangiz sendiak, Niko Etxart eta Gontzal Mendibil musikariekin batera. Bihar izango da zuzenekoa Bilbon, Loraldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu