Kantuak, hiruko multzotan

Hibai Etxebarria musikariak estudioko lan berria plazaratu du: 'Triptics III-IV'. Igandean egingo du zuzeneko aurkezpen bakarra Euskalduna jauregian, Loraldia jaialdiaren barruan

Hibai Etxeberria musikariak Triptics III-IV bere lan berria aurkeztu zuen, astelehenean, Bilboko Campos antzokian. ARITZ LOIOLA/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Triptikoa. Definizioz, hiru ataletan banatzen den gainazal bat da, zati guztien baturaz zentzua hartzen duena. Batez ere arte plastikoetan baliatzen da formatua, baina musikan txertatu du Hibai Etxebarriak. «Mundu piktorikoari loturiko kontzeptu bat da; hau da, hiru margolanek osatu ohi dute. Bakoitzak bere kabuz entitate propioa du, baina batera ikusten dituzunean zentzu osoa hartzen dute». Gogoeta batetik heldu zen ondorio horretara Etxebarria: «Gaur egun jendeak ez ditu albumak kontsumitzen, abesti solteak baizik». Eta Aitor Etxebarria El_Txef_A anaiaren eragina zela medio, lehen diskoa plazaratu zuen 2017an: Triptics I - II. Orduantxe aurkeztu zituen aurrenekoz abestiak hirunaka, bi sortatan. Bi urteren ondoren, formatua errepikatu du, eta triptikoen bigarren zatia kaleratu: Triptics III - IV.

Autoekoiztutako proiektua da, baina Gaztelupeko Hotsak-en kargu doa banaketa. Hala ere, musikariak azpimarratu du esfortzu ekonomiko handia egin behar izan duela, eta, horregatik, zuzenean entzuteko aukera bakarra iragarri du: igandean egingo du kontzertua Bilboko Euskalduna jauregian. Loraldiaren barruan antolatu du emanaldia, eta aurreratu du «berezia eta bakarra» izango dela.

Proiektu jarraitu gisa ikusten du musikariak triptikoen ideia.«Hasierakoa nire aurkezpen gutun antzeko zerbait izan zen; esperimentu bat, eta hein batean, entsalada estilistiko bat». Ondoren, triptikoen ideia garatzen jarraitu du. Batasuna nabari da bai izenburuan, bai diskoaren azalean, esaterako. Halere, continuum horrek ez du aniztasuna oztopatu. «Proiektuak ez dauka estilo zehatzik. Nik abestiak sortzen ditut, ahal dudan modurik ederrenean, inolako aurreiritzirik gabe». Eta, doinuetan ez eze, hitzetan ere pluraltasunaren alde egin du. Lau kapitulutanbost hizkuntza jorratu ditu musikariak: ingelesa, gaztelera, euskara eta italiera ageri zituen lehen diskoak. Orain, frantsesa txertatu du. «Proiektuaren beste elementu bat hizkuntza da: hizkuntza nagusia musika da, eta euskarak presentzia handia du». Bost hizkuntzak igandeko zuzenekoan entzun ahalko direla aurreratu du.

Bada, Triptic III: Euskarazz izenburua duen zatian, jazza, inprobisazioa eta hirukote musikaria izan ditu ardatz. «Euskal kantutegiko abestiak guztiz eraldatu eta inprobisazioz busti ditugu. Jazzaren eskaleta eta harmonia oinarri hartu beharrean, euskal dantzen melodia eta erritmoa baliatu ditugu». Ander Garcia kontrabaxu jotzailearekin eta Carlos Seji bateria jotzailearekin batera aritu da Etxebarria. Besteak beste, Benito Lertxundi eta Su ta Gar izan dituzte bertsioen abiapuntu. Ostera, orkestrarekin «jantzi» ditu kantuok egileak.

Laugarren triptikoa, berriz, omenaldietarako baliatu ditu Etxebarriak. Lehenik, Loraldia jaialdiari eta, horri helduta, familiari. Triptics IV: Bouquet euskarara itzuli du, esanahia zein zentzua azaltzeko: «Kasu honetan Bouquet hitzak lore sorta esan gura du, frantsesez. Loraldiko kontu honekin guztiarekin esker onekoa izan nahi nuen, ez bakarrik kontzertuan, baita sorkuntza aldetik ere. Loraldirako sortua dago Bouquet, eta hiru loreri eskainia». Lehen lorean egin du etenaldia. Familiari eskaini dio Pagotxa kantua. «Pagotxak poztasuna adierazten du, eta gainera hirusta baten antzeko lore bat ere bada». Hirustaren hiru hostoak ditu Etxebarriak ama, aita eta anaia.«Nire bizitzako hiru zutabeak dira, eta haiei idatzi diet abestia». Ondoren, kantuaren bideoklipa ere osatu du etxean topatutako 8 mm-ko zintan filmaturiko irudiak digitalizatuta. Bigarren kantua frantsesez sortu du, eta hirugarrena, ingelesez. Azkena du kutunetan kutunena: «To a Pale Orchid kantuak ixten du diskoa, eta, niretzat, inoiz idatzi dudan abestirik ederrena da». Zuzeneko emanaldian dantzaz lagunduta kantatuko du gogokoena. Izan ere, Garazi Pablo dantzari klasikoa izango du oholtza kide abeslariak.

Zuzeneko grabaketa

Prozesu sortzailearekin batera,grabaketan ere egin du indar musikariak. Oiartzungo Mecca estudioan grabatu dituzte doinuak, eta berezia deritzo grabaketaren nolakotasunari. «Ez dugu inolako efektu teknologikorik erabili, entzuten diren tresna guzti-guztiak zuzenean jo eta grabatu ditugu». Horren bidez, efektu organiko eta analogikoa lortu nahi izan duela azaldu du. «Aukera sortu zen instrumentuak banaka grabatzeko goi mailako musikariekin eta orkestrak lagunduta».

Kontzertuan, orotara, hamabost musikari bilduko ditu oholtzan Etxebarriak. Jazz hirukotea batetik, gitarra elektrikoak lagunduta. Banda deitu dio horri. Bestetik,zenbait hari instrumentuz eraturiko sorta; eta, hirugarren eremuan, zeharkako flautak. Antolaketa hirukoitza mantentzen du zuzenekoak berak ere. Hala iragarri du: «Lehen zatian, gitarra akustikoarekin azalduko naiz, jazz klasiko eran. Bigarrena, berriz, folklorikoagoa da, trikitiak presentzia handiagoa du. Eta, azkenik, harribitxiak». Jakin-mina piztu guran, ez du zehaztapen gehiagorik eman. Beraz, kontzertu «bakar» horretan ase beharko du jakin-mina entzuleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.