Iban Urizar, 'Amorante'. Musikaria

«Kantuak ez ditut pop logika batetik egin nahi»

Hartu harri bat, irudi bat, soinu bat herri kulturatik; zizelkatu, jantzi eta bota berriro plazara, errekara; «ea zein uhin sortzen duen». Amorantek 'Harri herri har' diskoa plazaratuko du bihar, bere hirugarren lan luzea, Badok atarian esklusiban estreinatua.

JON GARATE.
gorka erostarbe leunda
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun

Bihar du diskoaren aurkezpen kontzertua Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan (20:30) Iban Urizar Amorante-k (Elgoibar, Gipuzkoa, 1975). «Ahal dudanean, behintzat, Itziar Garaluzerekin joango naiz zuzenekoetara, ikus-entzunezkoak proiektatzen ditu! Duda nuen musikariekin edo irudiekin joan. Erabaki dut irudiekin egitea, eta pozik nago». Maskarak, herri musiken biribilketak, paganismoaren iruditeria, Bilintxen eta Harkaitz Canoren hitzak, Odei Barrosoren rapa, tronpetak, atmosfera elektronikoak... eta gehiago bildu ditu Harri herri har disko berrian (Forbidden Colours). Eta kanpaiak. Elkarrizketa telefonoz egiten hasi bezain pronto entzun dira 10:30ekoak.

Kanpaiaren soinua zer da zuretzako? Zer duzu kanpaiekin?

Ez nago ziur, baina etxetik kanpaiak entzuten ditut. Betidanik oso presente izan ditut, ez da bakarrik tinbrikoki, baizik eta sinbolikoki. Denboraren kontzeptuak soinu bat izango balu, hori kanpaia litzateke. Bestalde, animaliei zintzarriak jartzen zaizkie desberdintzeko. Hori ere bada gure ekosistemaren soinu banda, eta maite dut ezkilak entzutea.

Kantu bakar batek bil ditzake bere barruan oso giro eta genero desberdinak, eta zati oso markatuak izan…

Bai, dena narratiba kontua da; ez nago orain hertsiki pop kantu bat egiteko fasean. Herri musikari heltzen diot, baina zuzenekoetan edo diskoan modu desberdinean islatzen dut. Horrek eramaten nau moldaketak eta narratiba aldatzera disko bat egiteko orduan; abesti bat hasten da modu batean, bidaia baten modura alda liteke bide erdian, eta beste era batean bukatu. Ezustekoak hartzea gustatzen zait entzule modura, eta saiatzen naiz neu ere halakoak sortzen. Kantuak ez ditut pop logika batetik egin nahi.

Izenburuan dago Gabriel Arestiren Harri eta herri eta dago Harri orri har esku jokoa ere.

Hiru kontzeptu hartu ditut jolas baten bitartez: harriak gure herria sinbolizatzen du; harriak balio du sortzeko, baina astuna da era berean. Harri horretatik zizelkatzen dut kantua. Herri txiki batekoa naiz ni, eta oso desberdina da musika nola bizi den herrietan edo hirietan, eta zein mekanismoren bidez zabaltzen den batean zein bestean. Eta azken kontzeptua har hori da. Angloek erabiltzen dute earworn izeneko kontzeptua: belarriko harra edo horrelako zerbait. Abesti bat barrenean sartu eta atera ezin duzunean, horixe da earworn. Niri askotan gertatu izan zait, baita nire kantuekin ere, baita hainbeste gustatzen ez zaizkidanekin ere.

Zure ibilbideari erreparatuta, irudi luke ibili zarela orain artean bidexketan jolasean eta xerka, eta orain, argazkietan ageri den moduan, atera zarela maskara jarrita kalera, herrira, plazara, bildu duzun guztiarekin.

Musikari eta artista askori gertatu bezala, berrasmatze faseak igarotzen dira. Maskara jarri eta kentzearen jolas hori gustatzen zitzaidan: iruditeria pagano bat dago oinarrian, kasu honetan erlijio kristauari aurre egiten diona, eta ikonografia horretatik ni oso gertu sentitzen naiz, bai estetikoki eta baita kontzeptualki ere. Eremu horretan ibili nahi nuke. Hor sentitzen naiz erosoago, gaur egungo kronistaren rolean baino.

Badago europar tradizioko herri musiken oihartzuna, alegrantzia pagano hori; baina, era berean, badago beste adar bat sofistikatuagoa, musika garaikidea, pianoa, atmosfera elektronikoa, jazzaren ahairea…

Gaur egun dena nahastuta doa, eta segun eta zein musika entzun edo maitatzen duzun, batetik eta bestetik ateratzen duzu. Tronpeta jotzaile gisa jo dut musika klasikoa, jo dut herri musika, oraindik ere herriko bandan aritzen naiz, inprobisazioa eta musika esperimentala ere maite dut... eta horren guztiaren emaitza da hau. Herriko bandan aritzeak musika narratiba eta koordenatu batzuetara zaramatza, eta uste dut disko honetan hori igartzen dela.

Edonola ere, sumatzen da Amoranteren lengoaia destilazio puntu batera iritsi dela, gailurra ez bada oso gertukoa, eta lengoaia propioa sortu duela.

Hori entzuteak poz handia ematen du. Edonola ere, gailurra baino gehiago nahi nuke izatea bidearen beste puntu bat. Ez naiz kontziente non nagoen, baina bide bat egiten ari naiz. Ikusiko dugu etorkizunak zer esaten duen, baina lengoaia propioa garatzea ezinbestekoa da niretzat. Pop egituretatik ihes egitea hortik dator, eta benetan ez zaidala interesatzen irrati formularen logiketara makurtzen den musika egitea. Zure motxilan pilatzen joan zaren hori ateratzen da, eta sortzen dira horrelakoxe Frankenstein piezak...

Aitor Etxebarriaren [musikari, ekoizle eta diskoetxeko arduradun] ekoizpena eta giro ambient hori inoiz baino presenteago dago?

Oso presente dago, elkarrekin lan egin dugulako. Urtebetetik gora aritu gara disko hau lantzen; aldian behin geratzen ginen kantuak ehuntzen joateko. Prozesua beti bera izan da: nik zuzenekorako sortzen ditut kantuak; zuzenean probatzen ditut, eta nire arazoak etorri ohi dira estudioan. Eta gero, ez zait interesatzen diskoa zuzenekora eramatea bere horretan. Galdetzen didate, «nola sartuko duzu biolin hori zuzenean?». Ez da axola zaidana; kantuek badute beren muina, eta zuzenekoetan muinera joan ohi naiz. Uste dut kantu hauek onartzen dituztela jantzi desberdinak.

Odei Barrosorekin kantu bat, Ez dira, eta Amaia Mirandarekin beste bat, Arrels. Lehenak rap bortitza dakar, eta bigarrenak, instrumental bat.

Odei oso pertsona interesgarria iruditzen zait, bai bertsolari gisa, bai rap kantari gisa, baina bereziki pertsona gisa, jatorra eta talentu handikoa. Berak idatzi zuen letra, zezen baten ikuspuntutik eta rap formatuan. Gure herriko jaietan zezenak pisu handia dauka: animalia baten sufrimendua jartzen dugu kalean gu dibertitzeko. Gizarte bezala asko daukagu ikasteko oraindik ere. Kantua, printzipioz, ez zihoan diskoan, baina Odeik magia egiten du, eta tematu nintzen diskorako grabatu behar genuela. Lehen zatian dago Odeiren rapa edo drill gordinagoa, eta gero dator bigarren puska, zeinetan ageriago geratzen den Amoranteren estiloa dela. Amaia Mirandarena, aldiz, diskoa ixten duen kantua da. Oso gitarra jotzaile fina iruditzen zait, haren abesteko modua bezalatsu, baina honetan instrumentala sartu dugu. Ez genuen elkar ezagutzen, idatzi nion neure burua aurkeztuz, eta ezagutzen zuela nire jarduna esan zidan. Beraz, ondo hartu dugu elkar: estudioan saio bat egin genuen, bera gitarrarekin, eta harmoniuma eta tronpeta sartuz nik.

Gonbidatuekin jarraituz: Hatxe, Xabier Zeberio, Harkaitz Cano...

Erreka kantuan Hatxek [Idoia Hernandez] jotzen du, eta Xabier Zeberiok egin dit harizko jantzi bat zoragarria. Magia egiten du moldaketekin eta horren erakusle zuzena da Erreka. Nik, berez, kantu hori pianoarekin konposatu dut, baina ez naiz pianista fina, alegia, oso gaizki jotzen dut, eta eskatu nion Hatxeri jo zezan, oso fina baita. Badirudi nire unibertsotik ateratzen den kantua dela, baina nik oso nire sentitzen dut.

Kantu erreka bat da, gainera, erreka baten gisara egiten du bide…

Hain zuzen ere; Harkaitz Canok idatzitako hitzak dira. Kontatzen du, besteak beste, mediku batek errezetatzen zuela errekari begiratzea malenkonia edo depresioa sendatzeko. Hori da abestiaren muina, eta uste dut abesti erreka ederra geratu dela.

Bilintxen Pobriaren suertia musikatu duzu. Jende xumeari musika, dantza eta kalea geratzen zaizkio…

Herri musikaren kaxoi erraldoi horretan eroso nago, oso kaxoi zabala delako eta ia edozer sar dezakedalako. Musika esperimental asko egin izan dut, egiten dut, eta asko kontsumitu ere bai. Soinu bortizten oso zalea naiz. Pobriaren suertia-ko bertsoak ez dira adituentzat Bilintxen hoberenak, baina niri oso estimagarriak zaizkit, oso iruditeria antzinakoa izanik, gaur egun pairatzen ari garen egoera bati erantzuten diotelako. Gaur egun, jende asko ikusten duzu eskean kalean, eta neure burua askotan topatzen dut euren aurretik besterik gabe pasatzen, ia existituko ez balira bezala. Kontraesan asko sortzen dizkit, eta abesti horrek erantzun nahi dio horri oso modu sinplistan, panfletorik gabe, baina ez dakit lortzen dudan. Interesatzen zaizkit aspaldiko testuak jantzi modernoekin, edo testu modernoak antzinako jantziekin. Kontraste horretan oso gustura mugitzen naiz.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo webgune honetara:

www.badok.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.