Esanezin taldeko abeslaria

Ianire Aranzabe: «Kantua da garrantzitsuena, eta zokoratua geratzen da batzuetan»

Urtebete igaro da Esanezin-ek ‘Erretratu bat’ lehen lan luzea plazaratu zuenetik; Aranzabek, ordea, sentitzen du orain egiten ari dela haren aurkezpen biratxoa. Altsasun ariko da etzi, BERRIAren aldeko kontzertuan.

Ianire Aranzabe. ANDONI CANELLADA / FOKU
gorka erostarbe leunda
Ordizia
2024ko azaroaren 7a
05:30
Entzun

Harriz eta egurrez inguratuta hartu gaitu Ordiziako (Gipuzkoa) D’elikatuz gunean Ianire Aranzabek (Altzaga, Gipuzkoa, 1999), Esanezin izenez ezagun den musikariak. «Gustura egoten naiz hemen oso; kontzertuak antolatzen ditugu, eta soinu-teknikari lanak egiten ere hemen ikasi dut». Musika ibilbidea bizitzarekin erabat lotua darama. Ari da abestiak sortzen ere, baina orain zuzenekoekin gozatzen ari da, eta etzi Altsasuko Iortia kulturgunean (Nafarroa) ariko da, 19:30ean hasita, BERRIAren aldeko kontzertuan.

«Iragarpenak sarri ez dira nahikoa ekaitza saihesteko», diozu Erretratu bat diskoko lehen kantuan, Zaila-n... Ekaitz asko izan duzu urtebete honetan?

Aurreikusi baino gehiago, akaso. Kantu hori izan zitekeen etorriko zen horren aurreikuspen moduko bat. Diskoa sortzeko prozesua oso lasaia izan zen lehen EParekin konparatuta [Aireratzen, 2021]. Diskoa atera behar genuenean, nahasketak egiten ari ginenean, orduantxe hasi nintzen urduritasuna sumatzen. Lehendik ere izan nituen ekaitzak, eta urtebete honetan asko izan ditugu, baina udazkenean halako barealdi bat etorri da, eta eskertzen da.

Zer barealdi?

Grabazio prozesua nahiko gorabeheratsua izan zen, nahi baino justuago ibili ginen estudioko kontuengatik; azken hilabetea maldan gorakoa egin zitzaidan, kosta egiten baitzitzaidan ikustea buruan nuena gauzatzeko gai izango ote nintzen, neuzkan espektatibak beteko ote nituen… estresagarria izan zen. Behin aterata, poz handia izan zen, eta gogo handia nuen erakusteko, sinisten genuen kanta horietan, egindako lanean eta abar, baina ez genuen erabat disfrutatu, ez genuen nahi beste jo hasieran, kontzertu batzuetan arazo teknikoak izan genituen, eta, halakoetan, dena jartzen duzu zalantzan. Lehen hilabeteetan ez genuen jarraitutasun handirik izan, eta zeure buruari galdetzen diozu ea gai ote zaren oholtza gainean kantuak defendatzeko. Akaso denbora behar genuen, besterik ez. Udan kontzertuak ematen hasi, udazkenean ere jarraitu, eta halako egonkortze prozesu bat izan da. Akaso diskoak ere bere bidea egin behar zuen kontzertuak iristeko. Eta orain halako barealdi bat, baina kantuen bideak segitzen du.

Hala ere, askotan «hautsi» omen zara geroztik, Oraindik kantuan diozunari jarraituta. Norberaren puska hautsiak osatzeko baliagarria da musika?

Bai, nik uste horregatik nagoela hemen, hain zuzen ere. Niretzat, musika beste aukera baten modukoa izan da. Hemen nago askotan hautsi naizelako, eta hautsitako pieza horiek osatzeko balio izan dit musikak. Behar pertsonal batetik sortu da hau dena, ni guztiz konturatu gabe ere. Musikak leku bat okupatzen du nire bizitzan eta jende askoren bizitzatan. Kantu hori iritsi arte agian ez gara konturatzen, baina, iristen denean, konturatzen gara kantu batek bizitza aldatzen dizula eta egunerokoan musika oso presente egonagatik, kantu hori iritsi bitartean ez garela jabetzen haren garrantziaz.

'Bestaldea' | Ianire Aranzabe (Esanezin)
Zergatik eman dizu beste aukera bat musikak?

Esanezinek asko markatu du nire bilakaera pertsonala. Lehen EParen izenburua ere har genezake prozesua definitzeko: Aireratzen. Musikaren munduan lehen urratsak egiten ari den norbaiten bilakaera da. Baina baita garai hartako Ianirerena ere, iraganeko etapa bat kontatu eta atzean geratu zelako. Musikak berak, oholtzan gorputza jartzeak eta kantuek tresna oso garrantzitsuak eman dizkidate pertsonalki ere aurrera egiteko; Ianirek izan dituen zalantza, beldur eta konplexu asko gainditzeko eta kudeatzeko bidea eman dit musikak. Ianirek asko dauka Esanezinetik, eta Esanezinek asko dauka Ianirerengandik, separaezinak dira. Den-dena ez dut kontatuko inoiz, kantu guztiak ere ez dira literalki hartu beharrekoak, edo bai, auskalo, kar-kar, baina eskutik goaz, bai.

Musikak berak, oholtzan gorputza jartzeak eta kantuek tresna oso garrantzitsuak eman dizkidate pertsonalki ere aurrera egiteko

Zirrara tristea badago deitu diozu udazkeneko birari. Tristura sorkuntzarako abiapuntu izan daiteke?

Bai, kontu hau berezia da. Lehen EPa atera genuenean, elkarrizketa egin zidan Birkite Alonsok [Birkit musikaria], eta hark horrela definitu zuen Esanezinen soinua. Hori iradokitzen zion: zirrara tristea. Mila buelta emanda ere, nik ez dut lortzen ondo definitzea Esanezin musikalki zer den. Birkitek bi hitzetan lortu zuen. Jendeak bai lotzen nau tristuraren edo nostalgiaren mundu horrekin, eta hori hala da. Ni egunerokoan ez naiz batere tristea, alaia naiz oso, baina uste dut tokatzen dela tristuratik ere sortzea eta eragitea. Hori ere oso ariketa zintzoa da, bizitzak exijitzen digun ariketa bat.

Garai bateko Anarik sinatzeko modukoa da leloa, bestalde, nahiz eta azken diskoan gai sozialagoak landu dituen. Ikusten duzu zeure burua inoiz bestelako gaiei eta bestelako aldarteei kantatzen?

Ez nizuke ezetz esango. Ez daramat denbora askorik honetan, baina uste dut denborarekin aldatu naizela, eta lehen EPtik lehen diskora gai berriak daudela sentitzen dut, eta musikalki ere atera direla leku berriak, eta horietan gustura nagoela. Hemendik urte batzuetara, auskalo, ez diot ezeri aterik ixten.

Trebea zara lelo bilakatzen diren esaldiak asmatzen. «Ez nuen jakin hobeto egiten» da horietako bat. Nahiko ondo jakin duzu egiten, diskoa atera eta urtebetera oraindik biran zara, eta geroz eta leku gehiagotatik deitzen dizute.

Bai, egia da hori, kasik kontzertu gehiago dugu udazkenean, diskoa atera eta urtebetera, argitaratu zen garaian baino. Prozesua oso egonkorra izan da, ez dugu izan sekulako boomik ere, eta, egia esan, eskertzen dut. Bizitza proiektu nahiko lasaia dut, eta hau eskertzen dut. Disko bat ateratzen duzunean, erritmoa oso markatua izaten da askotan: diskoa argitaratzea, Durangoko Azoka, gero bira… Guri ez zitzaigun horrela atera. Kontzertu batzuk eman genituen diskoa aurkezteko garaian, ez nahi bezainbeste, eta akaso orain ari gara duela urtebete atera zen disko horren aurkezpen bira egiten, eta pozik; iristen direnean iristen dira aukerak.

Musikaria zara, baina hitza aingura sendoa duzu musika sorkuntzan…

Bai, kontatzen duzun hori oso inportantea da niretzat. Musikak ere asko kontatzen du, musikak ere biltzen ditu hitzak, eta kantuarena ez dago beti super serio hartu beharrik, sortu daitezke kantuak dibertsiotik eta gauza txikietatik abiatuz ere, baina, niretzat, garrantzitsua da oholtza batera igo eta zer kontatzen dudan. Sinisten dut kantuek gauza inportanteak kontatzen dituztela, eta, mundu xelebre honetan kantu batek zerbait eragiten badio norbaiti, asko da. Ez dakit mundu hoberik sortu daitekeen jada, baina ariketa zintzoa da behintzat, eta erreminta bat izan daiteke.

Sinisten dut kantuek gauza inportanteak kontatzen dituztela, eta, mundu xelebre honetan kantu batek zerbait eragiten badio norbaiti, asko da

Urte hau baliagarria izan zaizu euskal musika komunitatearen erretratu bat egiteko?

Bai eta ez. Ez dakit jakingo nukeen erretratu zehatz bat egiten. Urtebete honetan, jende gehiago ezagutu dut, kointziditu dut batean eta bestean musikari eta talde hainbatekin, eta gauzak ikusten dituzu poliki-poliki, baina era berean, konturatzen naiz bakoitzak badituela bere mobidak eta bere ikuspuntuak. Azken urteetan dezente aldatu da gure eszena, baina, era berean, eszena txikia da oraindik ere, eta ezinbestean ia denok ezagutzen dugu elkar. Baina, aldi berean, ez dakit ez ote den nahiko zaila eszena horretan presentzia izatea. Hor ere badaude mailak, eta hor galdu egiten gara.

Zergatik?

Mailak egon badaude, garbi ez daukadana da maila horiek nola sortzen diren edo zeren arabera, edo nork sortzen dituen. Akaso guztiok sortzen ditugu, edo denok dugu horri buruz zer hausnartu eta akaso eman beharko genioke buelta bat. Nik babesa eta zintzotasun handia nabaritu dut gertuko komunitatean eta haren leku edo adarretan. Ni oso babestua eta oso zaindua sentitu naiz, eta komunitate goxo bat dugula uste dut. Harreman politak eta zintzoak egin ditut, eta sentitu dut jende hori hor egon dela laguntza behar izan dudanean. Arazoa gehiago da, ziur asko, musika industriarena, oso aldakorra eta ziurgabea da eta…

'Zaila' | Ianire Aranzabe (Esanezin)
Eta hortik mailak eta aldeak...

Goiko mailan jartzen ez diren horiek nola zokoratzen diren. Talde eta musikari horiei lekurik eta espaziorik ez eskaintzea da arazoa. Musika ez du soilik egiten ustezko maila horrek. Proiektu asko galtzen dira bidean maila jakin batean egotea ezarri zaielako. Eta hori injustua eta arriskutsua iruditzen zait: proiektuen balidazioak egitea ustezko maila horren inguruan. Musika proiektu bat ez da soilik kalitatea; beste gauza asko ere badira. Oraintsu atera du komunikatu bat Carmen Boza espainiar kantariak esanez oholtza utziko duela, eta oso identifikatua sentitu nintzen esaten zituenekin. Oso etsigarria da ikustea nola niretzat garrantzitsuena den hori, alegia, kantuak, azken planoan geratzen diren. Beste guztiak gehiago inporta du, beste guztiak hartu du lehen planoa. Etsigarria da ikustea kantuak ez direla nahiko, beti beste zerbait egin behar dela ez dakit nora iristeko. Kantuak bere bidea egiten du, eta komunikazioa ere beharrezkoa da, baina beti ez dakigu egiten edo guztiok ez dauzkagu baliabide berberak. Kantua da garrantzitsuena, eta zokoratua geratzen da batzuetan.

Popa, teklatuak eta kutsu elektronikoa indarrean dira, molde desberdinetan gurean. Eroso zaude hor?

Lehen esan dut ez diodala ezeri aterik ixten, baina kostatzen zait Esanezin popetik aldenduta irudikatzea. Egia da popa ere aldatu egin dela, eta jaso dituela erreferentzia berriak. Gure inguruan asko ikusten dut popa, pop elektronikoa eta beste gauzekin nahastutakoa. Ez dakit bogako dagoen, baina gu eroso gaude hor, eta ni asko betetzen nau musika estilo horrek. Kostatzen zait neure burua popetik urrunduta ikustea.

Kostatzen zait Esanezin popetik aldenduta irudikatzea. Gu eroso gaude hor, eta ni asko betetzen nau musika estilo horrek

Besterik entzuten duzu? Musika elektronikoa, urbanoa…?

Musika gustuetan nahiko irekia naiz. Gustatzen zait jendeari kantuak gomendatzea, eta asko gustatzen zait kantuen gomendioak jasotzea ere. Bereziki popa entzuten dut, baina denetarikoa eta diferentea. Elektroniko hutsa ez dut askorik entzuten, pop elektronikoa bai, hori asko. Euskarazkoa entzuten dut batez ere, hori bai: Akaleia, Bihar proiektua, Merina Gris, J Martina, Eire… Olatz Salvadorren azkenak asko du pop elektronikotik, eta oso gustura entzun dut. Hemendik hamar minutura beste batzuk gehituko nituzke. Urbanoa urrutixeago geratzen zait oraindik, baina nik uste dut nahi gabe ere entzungo dudala. Ez diot ezeri muzin egiten. Naxker izan da azken deskubrimendua, eta oso-oso gustura entzun dut, freskoa da. Oso proiektu interesgarria iruditzen zait.

Bestaldea kantuan, zera diozu: «Behar nituen heldulekuak bihurtu dira zuen eskuak». Hori ere izan da urte hau?

Bai, gauza hauek neurtzen ez da erraza, baina esango nuke lehen lan luze honekin iritsi garela lehen EParekin iritsi ez ginen leku batzuetara, handitu egin dela gure publikoa, eta kontzertuetara joan eta jende berria ikustea pozgarria da oso. Disko honekin, bestaldeko esperientzia batzuk bildu ditugu, aurrera egiten laguntzen digutenak, eta kantu berrietarako inspirazioak ere ekarri dizkigutenak.

Zer da arrakasta zuretzat musikaren munduan?

Egin dudan guztia jada arrakasta da niretzat. Bide hau kasik nahi gabe hasi nuen, bizitzak eskatzen zidalako. Pertsonalki, musikan bide egiteak bigarren aukera asko eman dizkit. Musikak eta oholtzaren gainean egoteak lagundu egin dit nire buruak zituen oztopo asko gainditzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.