Azken mende erdian ugaritu egin dira artistaren barne zaurietan arakatu eta sortzailea bere buruaren aurrean jartzen duten lanak. Disko konfesionalak. Katarsi lana egiten dutenak. Artean halakoak sorpresaz hartzen zireneko garaietan argitaratu zuen, ordea, John Lennonek Plastic Ono Band, bere minak, grinak, haserreak eta nahiak lehen lerroan jartzen zituen disko aitzindari eta, batik bat, oso pertsonala. The Beatles taldea desegin ostean grabatu zuen lehenengo diskoa izan zen, eta 1970eko abenduan kaleratu zuten. Orain, 50 urte igaro direnean, Plastic Ono Band. The Ultimate Collection argitaratu dute, jatorrizko lanaz gain, argitaratu gabeko maketak, estudioan grabatu baina diskora iritsi ez ziren piezak eta bestelako bitxikeriak sei CD eta bi blu-ray diskotan biltzen dituen lan erraldoia
Lennonek 1970ean bizi zuenari guztiz lotutako diskoa da Plastic Ono Band. Zenbait tirabira izan ondoren, The Beatlesek urte hartako apirilean eman zuen azken hatsa, baina horren aurretik Lennon eta haren emazte Yoko Ono Arthur Janov psikologoarekin terapia egiten hasiak ziren. Janov prestigio handiko terapeuta zen garai hartan garrasi primitiboa deitzen zuen terapiagatik; haren iritziz, sentitzea eta bere burua ezagutzea du gizakiak sendatzeko oinarrizko mekanismoetako bat, eta, horregatik, oinazea sortzen duten eragileak garrasika aipatu behar dira.
Lennonek ondo betea zuen ordurako oinazeen motxila. Haurra zela, aitak alde egin zuen; ama, berriz, gazte zela hil zitzaion; dibortzio bat jasan zuen; Yoko Ono bere orduko bikotekidea haurdun gelditu zen, baina galdu egin zuen haurra; eta, gainera, ez zuen ondo eramaten The Beatlesek lortutako arrakasta neurrigabea. 1970a zen Lennon Janoven kontsultara iritsi zenean. «Mundu osoak biziki maite zuen pertsona bat zen Lennon, baina ospearen, boterearen eta lausengu horien guztien atzean ume bakarti bat besterik ez zegoen», esango zuen Janovek berak musikariari buruz.
Terapia eginda, 1970eko uztailean Lennon prest zegoen bere emozioak eta sentipenak disko batean islatzeko. The Beatles desegin aurretik, hiru disko esperimental zituen grabatuak Yoko Onorekin, pop eta rock formatuei bizkarra ematen zietenak —Two Virgins (1968), Life With The Lions (1969) eta Wedding Album (1969)—, baina Plastic Ono Band bestelako lan bat izango zen. Garratza eta gordina bai, The Beatlesen zenbait kanturen azukreari uko egingo ziena ere bai, baina, halere, kantu forma estandarrari lotuko zitzaiona.
Ringo Starr The Beatleseko laguna baterian zeukala eta Klaus Voormann baxuan, Lennonek gitarra eta pianoa jo zituen. Diskoaren oinarria soiltasuna izatea nahi zuen abeslariak, kantatu eta kontatu nahi zuenak ez zuelako bestelako apaingarririk behar, eta, horregatik, bitxia da Phil Spectorri deitu izana diskoaren ekoizpenaz arduratzeko, produktore ezagunaren nortasunaren erakusle baitziren ekoizpen oparo eta geruzaz josiak. Spectorrek, ordea, uko egin zien bere lan egiteko manerei, musika tresna gutxi batzuen biluztasuna agerian uzteko.
Amari deiadarra
Hil kanpaien hotsekin hasten den unetik beretik, Plastic Ono Band bidaia bat da. Barne bidaia bat. Ondoan izan ez zuen amari eta ihes egin zuen aitari kantatzen die saminez, mina garrasika aireratuz (Mother): «Ama, izan ninduzun, baina nik ez zintudan inoiz izan [... ], aita, utzi ninduzun, baina nik ez zintudan inoiz utzi». Diskoko azken kantua, berriz, My Mummy's Dead da, amaren heriotzak eragindako tristura gitarra akustiko huts batekin islatzen duen pieza labur eta ia hautsia.
[youtube]https://youtu.be/3D0nMzHjMR8[/youtube]
[youtube]https://youtu.be/SiOZNdePFsc[/youtube]
Bi horien artean, Lennonek bere burua aurkezten dio entzuleari, iragazki handirik gabe. Aurrera egiteko eta hauskortasun garaietan «borroka irabazteko» deia egiten du (Hold On), bakardadeari dion izua azaleratzen du (Isolation), eta maitasunak bere bizitzan duen zentralitatea aldarrikatzen du (Love). Halaber, God-en eszeptizismo metodikoari uzten dio lekua, eta idoloetan eta sinesmenetan ez duela sinesten kantatzen du —Biblia, tarota, Hitler, Jesus, Kennedy, Buda, Elvis, Zimmermann (Bob Dylan), The Beatles...—. «Neure buruarengan besterik ez dut sinesten, Yokorengan eta nigan».
[youtube]https://youtu.be/aCNkPpq1giU[/youtube]
Kantu bilakatutako garrasi primitiboa
The Beatles desegin ondoren John Lennonek grabatu zuen lehenengo lana berrargitaratu dute, 'Plastic Ono Band', zortzi diskoko edizio erraldoi batean, kaleratu zutenetik mende erdia igaro den honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu