Xuban Intxaustik zuzendutako eta Amets Arzallus protagonistatzat duen Mugaminak filmaren uneetako batean, Zipre uhartea bitan erdibitzen duen mugari soa luzatu, eta hasperenez adierazten du Nese Yasin poetak: «Munduko 50 metro luzeenak dira». Aurretik azaldu du nola duela ez hainbestera arte, hiru hegazkin hartu behar izaten zituen, eta atzerrian eskalak egin, muga horren alde batetik bestera igaro ahal izateko. Horregatik munduko 50 metro luzeenarena.
Egoera ezezaguna izango du askok hori, egoera ezezaguna duenez askok Ziprekoa. 1974an Turkiako armadak Mediterraneoko uharte horren iparraldea okupatu zuenetik, bitan banatua bizi da herrialdea, eta marra artifizial horren alde banatan kokatzen dira Zipreko komunitate greziar zein turkiarrak. Zipreko egoerak, ordea, ez ohi ditu tituluak bereganatu. Azken batean, Arzallusek dioenez, «munduan ez da gertatzen dena kontatzen, kontatzen dena bakarrik gertatzen da». Eta Zipre, dioenez, «ez da kontatzen».
Horregatik, Donostia 2016k bultzatutako Europa Transit egitasmoaren eskutik, uhartean izan da Arzallus, bertsoen eta Zipreko kantu inprobisatu tradizionalaren bitartez lurralde hartako egoeraren berri izateko. Esperientzia Mugaminak dokumentalean jaso du Intxaustik, eta atzo estreinatu zuten filma Donostiako Zinemaldian, munduko indarkeriari buruzko zinemari eskainitako The Act of Killing ziklo tematikoan. Europa Transit proiektuaren barruan, gainera, kontinenteko beste bederatzi lurraldetan izandako gatazka egoerak ere erretratatuko ditu Intxaustik, dokumental banatan.
Atzoko aurkezpenean, filma proiektatu aurretik zein ondorenean, hitz ezberdinez eskertu zion zuzendariak protagonistari proiektuan izandako inplikazioa. «Asko ireki da», esan zuen Intxaustik Arzallusez. Horregatik, espero ez zuena lortu duela azaldu zuen zinemagileak, alegia, «dokumentala hain Ametsena izatea».
Eta egia da. Filma, herrialde bateko erradiografiaz harago, Amets Arzallusen hausnarketa pertsonala ere baita, Zipreko egoeraz abiatua, bai, baina orokorragoa ere badena, eta muga duena ardatz. Eta horretaz badu zeresana bertsolariak: Ipar Euskal Herrian babestu behar izan zen errefuxiatu baten semea da, eta Hendaia (Lapurdi) izan zuen jaioterri, noizbait norbaitek mugatzat ezarri zuen Bidasoako uretatik gertu.
Distantziaz, beraz, baina enpatiaz ere begiratu die Zipreko alde bateko eta besteko biktimei. Kantatu du lurraldeko musikariekin, lagundu ditu biktimak gurasoen hilobi parera eta aspaldi ostutako etxeen atari itxietara, eta entzun ditu negar zotinak eta hondamendiari buruzko poemak. Eta bueltan ekarri du ikusi eta ikasitakoa, etxe pareko mugaren absurdoaz hausnartzeko - «Bidasoako urak ez daki zein aldetan dagoen Frantzia»-, eta aitarekin solasean Euskal Herriko iragan hurbilari begiratzeko.
Finean, «autoariketa» izan dira bidaia eta filmaketa prozesua Arzallusentzat, eta balio izan dio, dioenez, Euskal Herrian, gatazkaren alde batean eta bestean egondakoen arteko «enpatia faltaz» ohartzeko. Horregatik uste du exijitu behar zaiola dagokionari muga inposatuen ezabatzea, baina uste du badirela norberak desegiten lagundu dezakeen mugak ere. Eta horregatik da Mugaminak filma, azken batean, kantu bat, muga batetik bestera, eta mugaren alde batetik beste aldera.
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. The Act of Killing zikloa
Kantu bat mugaz gaindi
Bertsoaren eta Zipreko kantu inprobisatuen bitartez, uharteko gatazkari begiratu dio Amets Arzallusek, eta 'Mugaminak' filmean jaso du Xuban Intxaustik esperientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu