Txomin Artola. Kantaria

«Kantu bat, jotzen den une oro sortzen da berriz»

Ia hamarkada bat oholtzetatik urrunduta egon eta gero, berriro harrapatu du zuzeneko emanaldien beroak, dela kantaldietan, dela bakarka, dela Ange Duhalde lagun duela.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Hondarribia
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Behialako ezpatarien kokoxpeko bizarra, ile adats zaindu luzea, gitarra irudiz jositako alkandora deigarria, eta egiazko gitarra bat altzoan. Izan zitekeen 60ko hamarkadan AEBetan sorturikofolk-rock talde ugari horietako kide bat. Baina Hondarribikoa da (Gipuzkoa, 1948), Fernando Artola Bordariidazle eta poetaren semea. Ez Dok Amairuk gaztetxo harrapatu zuen; Rock Radical Vasco deituak, heldutxo; baina 70eko hamarkadan kantari hasi zen gazte anglofilo hark bere lekua topatu zuen euskal entzuleen artean. Bi hamarkada pasatxoz kantari aritu ostean, 1997an kaleratu zuen Hondarribian, orain arteko azken diskoa, Urbil Artola semea lagun zuela. Ondoren, isilunea. Banako tabernaren eta kontzertu gunearen ardura hartu zuen jaioterrian, iaz arte: «Une ederrak eman zizkigun tabernak, baina lasaiago bizi nahi nuen, eta itxi egin genuen». Lokala salgai du, baina oraindik han igarotzen ditu une asko eta asko, semearekin entseatzen, besteak beste. 2009ko apirilean Gu gira kantaldi kolektiboan parte hartzeko deia jaso zuen. Zuzenekoen arra piztu zion hark. Orduz geroztik ez da gelditu ere egin, dela kantaldi horietan parte hartuz, dela semearekin emanaldiak eskainiz, edo dela Ange Duhalderekin batera bien errepertorioa errepasatuz.

Badira pare bat urte-edo berriro plaza publikora agertu zinenetik, baina aurrez denbora luzea egin zenuen erdi ezkutuan. Nahita ala behartuta?

Ez, ez, nik hala nahi izanda. Fase horrek zortzi bat urte iraun zuen, eta izan zen Hondarribian Banako aretoa ireki nuelako. Horrekin batera erabaki nuen tarte bat irekitzea kantagintzan, eta ez nekien inoiz itxiko ote zen. Buru-belarri egon nahi nuen tabernan, nire semearekin batera lanean. Hori izan zen arrazoi nagusia. Deiak eta gonbiteak izaten nituen, baina beti ezezkoa ematen nuen.

Eta nola moldatu izan zinen musikatik aldenduta?

Egia da musikatik neurri batean baztertu nintzela, baina hemen, lokalean ere musika egiten nuen. Hemen badut soinu ekipamendua prestatuta, eta nahi dudanean entxufatu eta has ninteke jotzen. Oso erosoa da lan egiteko, ez duzu denbora galdu behar gauzak armairutik ateratzen eta abar. Beraz, luxu bat da horrelako lokal bat izatea. Musikarekin kontaktua ez nuen galdu. Galdu nuena da jendearen aurrean aritzea, nire burbuilatik kanpo aritze hori.

Zortzi urteko tarte horrek balio izan dizu ordura arte egindakoaz pentsatzeko. Irakaspenen bat atera duzu?

Dudarik gabe. Beti ari naiz dena dudan jartzen. Ez dut esango beti zalantzarekin nabilenik, baina autokritika egiten dut. Gustatzen zait gauza berriak bilatzea. Adibide bat jartzearren: ni ez naiz inoiz konforme egoten nire gitarraren soinuarekin. Gitarra ona dut, baina saiatzen naiz soka desberdinak erabiltzen... beti ezinezko perfekzioaren bila.

Autokritika aipatu duzularik, zein autokritika egingo zenuke publikoki?

Gauza asko. Egunaren arabera ere izaten da hori. Egun batzuetan gogorragoa izaten naiz neure buruarekin, eta beste batzuetan ulerkorragoa. Batzuetan pentsatzen dut orain arte egindakoa ez dagoela gaizki, eta beste batzutan hau, hori eta hura beste era batera egingo nituzkeela, baina beti zalantzan jartzen. Denbora askoren ostean itzuli naiz jendaurrera, eta konturatzen zara inertzia bat baduzula oraindik ere, eta halako aldaketarik ere ez dagoela.

Gu gira-rekin kantaldien goratze moduko bat azaldu da azken bi urtean. Ez al da ariketa nostalgiko hutsa halakoak antolatzea?

Niretzat oso esperientzia atsegina izan da, eta hala da oraindik, gaur egun ere hor gaudelako. Nire itzuleraren arrazoia kantaldi hauek izan dira. Insistitu zidaten, eta hasieran nik ezetz esaten nuen, utzia nuela eta Banakon lanean ari nintzela. Azkenean animatu nintzen Kursaalean egin zen lehen emanaldi hartara, eta gero konturatu nintzen ondo pasa nuela. Horrek ondorio batzuk ekarri zituen, eta deiak hasi ziren, eta baiezkoak ematen hasi nintzen. Zer irabazi dut nik? Irabazi dut berriro jendearen aurrean kantari ibiltzea, publiko entregatu batekin topo egitea, eta aspaldi ezagututako kantari batzuekin berriro ere elkartzea eta harremanetan jartzea.

Entzule entregatua bai, baina publiko gazte eta berri askorik ez da arrimatu.

Bai, hori egia da. Gazte batzuk etortzen dira, baina badago belaunaldi eten bat. Baina ez Gu gira-rekiko, aurretik ere bazegoen... Gurasoekiko beti sortzen da kontrako jarrera bat, eta guri bakarrik ez, gure ondorengoei ere gertatzen zaie. 90eko hamarkadan puri-purian zirenak oraingo gazteek ez dituzte ezagutu ere egiten.

Ez zaitu kezkatzen zure irudia duela hamarkada batzuetako Txomin Artola harekin soilik lotzeak?

Aukera hori badago, jendeak ez badu besterik ikusi nahi... esaterako, kantaldi horiek kolektiboak dira eta nire antologiako kantuak abesten ditut, baina, horrez gain, orain Ange Duhalderekin ere banabil. Eta hori desberdina da. Hasteko, errepertorio zabalagoa egin behar dut, baina hor ere nire lehengo kantuak daude. Nire nortasuna ez da galtzen.

Jendeak Txuriko eta Goizeko euri artean kantuekin lotu zaitu betiko.

Bada, gehienbat bai. Badaude beste kantu batzuk ere, baina ezin naiz kantaldi batetik atera horiek abestu gabe.

Eta ez al zaizu astun samar bilakatzen?

Hotz-hotzean pentsatuta, halako burutazioak etortzen zaizkit, eta pentsatzen dut nola eman ote niezaiokeen buelta horri, baina, azken finean konturatzen naiz kantu bat jotzen den une oro sortzen dela, momentuko errekreazio bat baita, nahiz eta 35 urte izan. Horregatik, ez daukat arazorik kantu horiek jotzeko. Goizeko euri artean egin nuen 22 urte nituela. 1969an Ingalaterran nintzen: Woodstock, The Beatlesen Abbey Road... handik soldaduskara etorri eta egin nuen kantu hori. Konforme, horrek adierazten du kantuak urte asko dituela, eta ni neu ere zahartu naizela, baina, gaur eguneko 22 urteko gazte batentzat oso egunekoa izaten jarrai dezake, ezta?

Mundua ez da aldatu orduz geroztik?

Ez da hainbeste aldatu. Zenbait gauza bai, teknologikoki batez ere. Baina pertsonen eboluzioa ez.

Euskal kantaritzat al duzu zeure burua gaur egun?

Bai, dudarik gabe.

Duela hogei urte inguru Argia-k egindako elkarrizketa batean zenioen euskal kantari izateari uzteko erabakia hartu zenuela.

Bai, garai hartan hala esan nuen. Hura izan zen sekulako presioa sentitzen nuelako euskal kantari izateagatik. Hortik libratu nahi nuen.

Zein presio mota?

Presio politikoa zen. Liberatu nahi nuen, eta protesta gisa esan nuen hori. Euskal kantaria izateak esan nahi zuen euskaraz besterik ezin zenuela egin. Oso garbizalea zen garai hartan euskararen mundu hori, batez ere kantariekin. Futbolari bati ez zitzaion gauza bera eskatzen, adibidez. Baina denbora igaro zen, nire ikuspuntua lasaitu eta aldatu zen, eta orain ez naiz besterik niretzat eta jendearentzat: euskal kantaria. Umiltasunez esanda, harro nago euskal kantari izateaz.

Outsider sentitzen zenuen zeure burua 80ko hamarkada hartan?

Bai, outsider sentitu izan naiz kasik beti. Nire burua askotan kuestionatu dut. Filosofatzen hasten zara eta pentsatzen duzu gaztetan Kaliforniara joan izan banintz dena oso desberdin izango litzatekeela... Burutazio horiek gazte nintzela ere izaten nituen, neure burua erosoago sentitzen bainuen AEBetan kokaturik, adibidez. Entzuten nuen musika hangoa zen batez ere. Filosofia eta pentsatzeko moduarekin ere bat egiten nuen, hippyak, eta Route 66a, eta... Ez Dok Amairu sortzeko zen oraindik, eta atzerriko musika entzuten nuen.

Ez Dok Amairukoak ia garaikideak dituzu, baina zu baino zahartxoagoak. Nola bizi izan zenuen mugimendu hura? Hortik kanpo ere sentitzen zenuen zeure burua?

Bai, pixka bat bai. Ez Dok Amairu sortu zela ez nuen berehalakoan jakin. Nik garai hartan gitarra jotzen nuen eta abestu egiten nuen. Abesten nuen guztia ingelesez izaten zen, zertxobait frantsesez. Amateur modura jakina. Hori zen nire kultur eskarmentua. Ez Dok Amairu sortzean, jakin nuen bazirela gazte batzuk euskaraz kantatzen zutenak. Oroitzen naiz lehenengo aldiz Irunera etorri zirenean. Amaia antzokian izan zen emanaldia, talde osoa han zela, igande goiz batez. Ni txoratuta gelditu nintzen. Lehenbiziko aldiz entzun nituen halako gazte batzuk, niretzat zaharrak ziren, hamar bat urte gehiago zuten eta, euskaraz abesten, eta aurrenekoz entzun nuen txalaparta, bai hotsa eta baita hitza ere. Batez ere Letek inpaktatu ninduen. Ordura arte dena kanpotik ikusten nuen, eta orduan hasi nintzen sentitzen gertuago; baina gero, segituan Ingalaterrara joan nintzen. Han, bertako folk zirkuituan murgildu nintzen. Kantari ezagun asko ezagutu nituen. Ingalaterrakoak, Eskoziakoak, Irlandakoak... denek ingelesez kantatzen zuten. Nik zer egin behar nuen, haien aurrean ingelesez kantatu? Euskaraz kantatzen hasi nintzen, erakusteko nortasuna duen herrialde batekoa nintzela eta folka kanta nezakeela. Kanpoan erabaki nuen euskaraz kantatzen hastea.

Gaur egun ere, outsider?

Bada, pentsa... Erdi isilean egon naizen zortzi urte horietan gitarra jo dut nire kaxa. Besteak beste, hasi nintzen The Beatlesen kantuak hartu, eta abestu gabe gitarra moldaketak egiten. Hogei bat kantu-edo prestatuak ditut, instrumental soilak. Esango didazu horrekin nora noan... [barrez]. Egiten dudana da niretzako jotzea eta disfrutatzea. Horrek plazer handia ematen du. Nik horrekin ia nahiko dut. Nork berearekin disfrutatu behar du. Euli batek elefante batek baino gutxiago disfrutatzen al du larrua jotzean?

Musika nahikoa al duzu zoriontsu izateko?

Musika oso garrantzitsua da zoriontsu izateko, baina musikarekin bakarrik ezin zaitezke zoriontsu izan. Beste gabezia batzuk baldin badituzu, dena hondoratzen da. Baina garrantzitsua da, eta egilea baldin bazara, ez duzu muntaia handirik behar. Nik musika tresna bat behar dut, gitarra bat behar dut, esaterako. Beste batzuek, hori ere ez.

Musika jotzen duzu, zuzenekoetan buru-belarri ari zara; eta sorkuntza? Ateak zabaldu al dizkiozu? Kantu edo disko berririk ba al duzu buruan?

Hori, egia esateko, baztertuta daukat. Zertxobait egiten dut, barrenean beharra sortzen denean, baina disko bat ateratzea beste kontu bat da. Gaur egunean diskoa hilda dago. Gaur egunean sekula baino errazago argitara liteke disko bat, baina arazoa da ez dela saltzen. Zertarako disko bat egin? Orain behintzat, hori egiteko nagikeria dut. Proiektu bat badut, baina, oraingoz, zuzenekoetan jarri nahi dut indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.