Euskarazko kantagintzaren bueltako «ikasgune eta bilgune» izatea. Eta euskarazko kantagintza aztertu eta hura sustatzeko baliabideak eskaintzea. Helburu nagusi horiexekin eta azpititulutzat Euskaraz kantatzen duen herria jarrita abiatuko da Kanterri ikastaroa, uztailaren 11n eta 12an, Oiartzunen (Gipuzkoa). Udalak, Oiartzungo Kantagiltza elkarteak eta Ahotseneak antolatu dute, eta sei hizlari ariko dira estreinako aldian: Fermin Etxegoien idazle eta kazetaria, Anari Alberdi musikaria, Itxaro Borda idazlea, Ihintza Orbegozo musika kritikaria, Imanol Epelde musikari eta irakaslea, eta Jon Maia bertsolaria.
Helburu xeheagoak ere markatu dituzte antolatzaileek: euskarazko kantagintzaren ekarpen historikoa eta egungoa «bere ertz guztietatik» aztertzea, kantuetarako letrak euskaraz sortzen trebatzea eta euskaraz kantatzeko «grina transmititzea». Izan ere, Gotzon Barandiaran Ahotseneko kidearen esanetan, kantagintzaren auziak apenas izan duen gogoetarako lekurik, eta zenbait egitasmoren ezagutzak —Musikariak Ikastetxeetan programa eta Oiartzungo Kantagiltza solasaldi musikatuak aipatu ditu— eta inguruan sumatutako kezkek bultzatu dute ekinbide berria; gogora ekarri du Uemak Lanarteari egindako eskaera: hain zuzen,udalerri euskaldunetako gazteen artean euskararen erabilerak behera egin duela ikusita, kulturgintzak zein ekarpen egin zezakeen aztertzea galdegin baitzioten.
Euskal kulturaren transmisioa ardatz duten beste zenbait plazen aldean, bereizgarri aipagarri bat finkatu nahi du Kanterrik: ikastaro formatuarena. Barandiaranek aipatu du, adibidez, Udako Ikastaroetan ez dutela topatu izan gaiari berariaz eskainitako tarterik. Haren ustetan, ordea, bada gogoetarako mamia duen gaia. «Ahotsenean askotan atera izan da kezka ea egungo letragintzaren kalitatea beherantz egiten ari den, esaterako, edo XX. mendean izan zuen eragin politikoa zertan den...». Kanterriren lehen urtean, bada, ertz ugari horien isla bat jasoko dutela nabarmendu du. Lehen orduan, Etxegoienek eta Orbegozok hitzaldi teorikoak emango dituzte; ondotik, Anari, Epelde, Borda eta Maiak saio praktikoagoak egingo dituzte.
Izena emateko epea zabalik da jadanik: ekainaren 24ra artean gorde ahalko da lekua,www.labur.eus/kanterri helbidean.
Kanterri ikastaroa abiatuko dute Oiartzunen, uztailaren 11n eta 12an
Euskarazko kantagintzaren inguruan ariko dira Fermin Etxegoien, Anari, Itxaro Borda, Ihintza Orbegozo, Imanol Epelde eta Jon Maia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu