«Zer musika estilo da musika euskaraz?». Zuzen egin zuen disko denda batzuetan nagusi izaten den musika sailkapenaren aurka Izaro Andres musikariak, atzo Durangoko Azokan Mixel Ducau musikariarekin batera egindako Gogoetaren Plaza solasaldi zikloko saioan. Berdin biltzen ditu etiketa horrek Berri Txarrak, Alos Quartet eta bere diskoak, eta horregatik Izaroren galdera. «Bi belaunaldi» jarri nahi izan zituen oholtzan Antton Iturbe BERRIA egunkariko musika kritikari eta saioko moderatzaileak. Batetik, Ducau, 66 urtekoa, eta, bestetik, Izaro, 24 urtekoa. «42 urteren aldea dago bien artean», zehaztu zuen aurkezleak, eta ironiaz eman zizkion eskerrak zaharrenak. «Mila esker azpimarratzeagatik». Eta barre publikoak, zeina nabarmen baitzen 30 urteko batez besteko adinetik beherakoa.
Behin baino gehiagotan atera zen euskararen gaia ere solasaldian. Sortzaileari eskatzen zaion militantzia politiko esplizituaren eskaerari buruz aritu zen Izaro, esaterako. «Nik sentitu dut exijitu zaidala izatea militantea politikoki hainbat gauzatan, baina izatea militantea politikoki haiek izan diren moduan, eta beste eredu batzuk ez dira ulertu. Niri esan zait nire musika ez dela politikoki militantea, eta nik esaten dut nire militantzia nire bizitzan egiten dudala, eta musika egiten dudala musika egiteko plazeragatik. Musika bada tresna bat politikoki eragiteko gizartean, baina ez da hori bakarrik, eta horra mugatzea bada arriskutsua». Eta orduan aipatu zuen euskararena. «Niri esan didate ez naizela euskaltzalea, eta ni euskaraz bizi naiz, baina nire aita erdalduna da, eta nik ingelesez ere kantatzen dut, eta ingelesez entzuten dut. Nik sortzen dudana koherentea da nire bizitzarekin, eta ez dut egiten inolako estrategia politikogatik; egiten dut nire gelan nagoelako konposatzen eta datorrena datorrelako».
Euskaraz, ingelesez eta gazteleraz kantatzen ditu abestiak Izarok, eta, atzo azaldu zuenez, ez du jendeak beti ulertu aukera hori. Hizkuntza bakoitzaren egoera kontuan hartzearen alde aritu zen musikaria, eta onartu zuen euskaren aldeko diskriminazio positiboaren beharra. Baina aipatutako exijentzia militantea ez du euskararen gaiarekin soilik sentitu. Kontatu zuenez, bere abestien letretan feminismoak pisu gutxi zuela aipatu zion behin kazetari batek, adibidez.
«Batzuek uste dute hutsaren hurrengoa dela euskararekin eta beste gaiekin dudan konpromisoa, baina ez da hala; ezberdina da. Ni euskaraz bizi naiz. Nire bateria jotzailea andaluziarra da, eta ari da euskaraz ikasten. Euskaraz hitz egiten diogu birako bidaietan, ikas dezan. Eta euskara ikasten ari da, nire bizitzan ikusten duelako bizitza eredu erakargarri bat». Edonola ere, musikariak zehaztu zuenez,bere lanarekin jaso duen erantzunaren «ehuneko oso txikia» osatzen dute gisa horretako komentarioek; «baina badaude».
Musikaren eragin soziala ere aipatu zuen moderatzaileak. Iturbe: «Duela 40, 30 edo 20 urte musikariak oro har gizartean zuen eragin soziopolitikoa egun daukana baino askoz ere handiagoa zen. Zergatik uste duzu gertatu dela hori?». Zikloak aipatu zituen Ducauk. Onartu zuen, esaterako, Errobi taldearekin zebilenean «sukar bat» igartzen zuela Hego Euskal Herrian emandako kontzertuetan. «Kontzertu bat gertakari handia zen orduan». Baina aitortu zuen 80ko hamarkadaren bueltan itogarria ere suertatu zitzaiola musikak eta mugimendu politikoek izan zuten lotura hori.
Arnas falta
Euskal Rock Erradikalaren garaia aipatu zuen zehazki musikariak. «Nik kokoteraino bukatu nuen Errobiko garai hori. Bazen garai horretan politikoki pisu bat jasanezina zena; militante guztiak hor inguruan, eta, 'Gora ETA militarra' eta 'Gora Euskadi askatuta!', eta beti-beti horrekin. Hori zen astuna. Sentitzen nuen ezin nuela arnasarik hartu hemen. Ametsaren bidea diskoarekin nire erronka handia egin nuen musikalki. Nahi nuen ireki. Aire pixka bat. Behar nuen atera horretatik, eta ikusi nuen ber denboran etorri zirela Fermin [Muguruza], eta Kortatu eta abar. Niretzat hura zen horrore bat! Ulertzen dut beharrezkoa zela punk mugimendu gisa, hautsi behar zirela gauza batzuk, baina musikari gisa, niretzat jasanezina zen. Errespetu guziz diot, baina musikalki, ingelesez erraten dutenez, ez da izan nire te kikara».
Eta horregatik urruntzea. «Behar nuen beste zerbait, arnasa», berriz ere Ducauk. Eta kanpoan urte batzuk egin ostean, Euskal Herrian da berriz orain. «Garaiak oso ezberdinak dira». Leku berean, beraz, baina bestelako ziklo batean.
«Zerbait gaizki ari gara egiten, ze gure kultura sortzaileek ezin dute kultur sortzetik bizi. Gizarte modura planteatu beharko genuke zerbait». Prekaritatea ere izan zuen mintzagai Izarok. Gordin irudikatu zuen egoera. «Ez daukagu inongo langile eskubiderik, ez gaixoaldirako eskubiderik, ez erretirorik, ez ezer. Horregatik, musikari naizenetik konturatu naiz ezin naizela gaixotu, ze bestela agur, eta bizitza hori egunero super prekarioa da, behintzat ez badaukazu B plan bat, eta behintzat gutxieneko egonkortasun bat eskaintzen dizun beste lan bat». Eta horregatik gizarteari egindako deia, gaia kontuan har dezan.
Eta Ducau, ados. Azaldu zuenez, berak ere ospitale psikiatriko batean egiten duen lanaldi murriztuko lana baitu benetan bizimodurako sostengu nagusi. «Hori gabe,oso zaila da».
Durangoko 52. Azoka. Musikagintza
Kantatzeaz gainerakoak
Izaro Andres eta Mixel Ducau musikariek prekaritatea, euskara eta sorkuntzarako arnasa hartzeko beharra izan dituzte mintzagai Gogoetaren Plazan egindako solasaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu