Jon Maiari Elgoibarko gaztetxetik (Gipuzkoa) bertsoak kantatzeko hots egin zioten 1990. urtean. «Jendetza zegoen parke hartan, ondorengo kontzertuetarako zain, bilduta: Pottoka eta M-ak», gogoratzen da. Bertso saioa bukatzear zirela, azken agurrean, «rap esan ezin zitzaion rap bat» egin zuen. Gero, gaztetxe barruan, Fermin Muguruza joan zitzaion, bertsolari bat halakorik egiten sekula ikusi ez zuelako. «Hitz egingo genuela esan zidan, burutazio bat zuela eta egun batean nirekin hitz egin nahi zuela». Halatan, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako zortzi kanta egin zituen Maiak 1991ko lehen hiru hilabeteetan. 18 urte zeuzkan.
Harrezkero, denera, 166 kanta egin ditu. Denak zerrendatuta datoz Elkar etxeak plazaratutako Kantu bat gara disko-liburuan. Haietako batzuk aukeratu eta orrialdeetara aldatu ditu hitzak: Negu Gorriak, Zaldibobo, Def Con Dos, Gari, Gozategi, Benito Lertxundi, Anari, Mikel Urdangarin, SA, Ken Zazpi, Mursego, Betagarri eta beste zenbaitentzat egindakoak, eta bai halaber bera kide izandako Karidadeko Benta eta Hezurbeltzak taldeentzat.
Maiak idatzitako kanta guztiak enkarguz egindakoak dira: «Musikaria gustura geratu arte ez da bukatzen nire lana. Nahikoa da esatea: 'Esaldi hori, Jon...'; kantaria eroso sentitu arte aldatuko dut». Oso eskertuta dago bere hitzak daramatzaten doinuak sortu dituzten musikari guztiekin. «Nire bizitzaren soinu banda kantatu dute».
Abesti horiei buruzko zertzeladak eta oroitzapenak idatzi ditu Maiak, baita kantuaren generoari buruzko gogoetak ere. Maite Mutuberriaren hamalau ilustrazio dakartza, zuri, gorri, urdin eta beltz kolorez. Xabier Amurizak idatzi du hitzaurrea: «Nahiz eta hil diren herri guztiak kantatzen hil ziren, kantatzen duen herria ez dela hilko sinetsaraziko dizu».
Liburuaren atzealdean dator diskoa. Sampling Squad bikoteak egindako sarrera bat du hasmentan; ondoren, hamahiru kanturen bertsioak; azkenean, epilogo gisa, Donostiako belodromoan 2016an errezitatu zuen Kantu bat gara. Pello Ramirezenak dira bost bertsio, Gorka Hermosarenak beste bost, eta Nacho Sotorenak lau. Ramirezek biolontxeloa jo du; Hermosak, akordeoia eta bandoneona; eta Sotok, pianoa eta teklatuak. Perkusioaz Ander Zulaika arduratu da. Parte hartze bereziak ere izan dira pieza batzuetan, hala nola Aire ahizpak, Anton Latxa, Aiora Zulaika, Asier Etxeandia edo Eire Maia Manterola. Diskoa abuztuan grabatu zuten Elkar estudioan, Victor Sanchez soinu ingeniariarekin.
Belaunaldiz belaunaldi
Kantagintzari egindako gorazarre egiteko modu bat da disko-liburu hau. «Niretzat forma artistiko liluragarri bat da kanta», adierazi du Maiak. «Forma asko dauzkagu: margolaritza, zinema, literatura. Baina, niretzat, kantua da formarik ederrena. Oso berezia da. Gizakiaren espresio intimoa eta indibiduala da, baina kolektiboa aldi berean. Milaka urtetatik dator». Noiz egin ote zen lehenengo kantua, galdetzen dio bere buruari. «Duela 40.000 urte? Isturitzeko kobazuloan [Nafarroa Beherea] animalia baten hezurrarekin egindako txirula horrekin haizea kantu bihurtu zuen?».
Maiaren aburuz, kantuak jaso egiten du hitza, beste estadio batera eramaten du. «Hitzari gehitzen dizkio sonoritatearen bidea, giroa, intentzioa, indarra, norabidea, kanala, kodea». Liburuan idatzi du ez dakiela zer gizatalde klase den Euskal Herrikoa: «Erresuma bat gara?, autonomia erkidego batzuk?, estatu bat?, errepublika bat? Forma juridiko eta administratibo horiek iragankorrak dira. Batzuetan izango gara gauza bat, besteetan beste bat. Baina beti izan garena eta beti izango garena da kantu bat». Milaka urtetan irauten du kantuak eta, Maiaren arabera, etenik gabeko eraldaketan dihardu. «Eskerrak eraldaketari! Bestela, fosil bat izango ginateke, fosil bat izango litzateke gure hizkuntza. Euskal kantua milaka urtetan bizi da, eta horren katebegi oso txiki bat sentitzen naiz ni».
Kantaren forma asko interesatzen zaiola aitortu du Maiak, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititu daitekeelako, eta harrigarriki baita menderik mende ere. «Belarrira xuxurlatzen dugu. Ehunka pertsona sutan jartzeko balio du. Herri mugimenduak pizten ditu. Nazioak ordezkatzeko erabiltzen da ereserkia. Negar egiten dugu kantuarekin. Edozein momentutan jartzen gaitu dantzan. Kantuak, berez, ez du euskarririk ere behar: geure gogoan doa. Ezin da lotu, ezin da birrindu, ezin da txikitu, ezin da erre. Gure barruan dago».
Kontzertuak iragarri ditu dagoeneko: abenduaren 29an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian arituko da; urtarrilaren 6an, berriz, Bilboko Arriaga antzokian; eta urtarrilaren 7an, Zumaiako (Gipuzkoa) Zumaiena aretoan.
Kantaren forma liluragarria
Jon Maiak 'Kantu bat gara' disko-liburua argitaratu du. Hamahiru abestiren bertsioak grabatu eta kantatu ditu. Maite Mutuberriaren irudiak dakartza. Kontzertuak egingo ditu Donostian eta Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu