«Oso egokitzapen librea egin dugu; sinopsia da antzekotasun bakarra». Gaur estreinatuko du Demode konpainiak Kutsidazu bidea, Ixabel musikala, Bilboko Arriaga antzokian, eta, Patxi Barco zuzendariaren hitzetan, eskeletoa baino ez du komunean ikuskizunak Joxean Sagastizabal idazlearen izen bereko nobelarekin. Musikalean ere, liburuan bezala, Juan Martin euskara ikastera joango da baserri batera, eta, han, seko maiteminduko da Ixabelekin. Baina horraino. Musikala izanik, hamazazpi musika eta dantza piezaren bidez kontatzen baitu istorioa ikuskizunak. Barcorekin batera Aitziber Garmendia arduratu da dramaturgiaz, eta Joli Pascualenak egin ditu musika moldaketak.
Duela egun batzuk egin zuten aurrestreinaldia, Urnietako Sarobe aretoan (Gipuzkoa), eta, Barcok dioenez, oso sentsazio onak izan zituzten. «Estreinaldira iritsiko ginela ikusi genuen». Izan ere, zuzendariaren arabera, «bereziki zaila» izan da emanaldiaren sorkuntza prozesua, eta ez dute beti argi ikusi azken portu hori. Itxialdiaren aurretik jarri zuten martxan proiektua, baina, koronabirusaren krisia lehertu, eta zalantzan izan ziren segitu ala ez.
Jauzi bat ere izan da musikala konpainiarentzat. Demode Quartet laukotearen ikuskizunak sortu dituzte orain arte, baina bikoiztu egin dute lantaldea orain: eszenografia sortu, musika konposatu, hitzak idatzi... «Halako proiektu bati aurre egiteko, denok konpartitzen genituen istorioen bila hasi ginen, eta orduan agertu zen Kutsidazu bidea, Ixabel, taldeko batzuk erabat euskalduntxarrak garelako, beste batzuk euskaldun berriak, euskaldun zaharrak... Guztiok ukitzen gintuen».
Kantatzen, dantzatzen eta antzezten dakiten zortzi kideko lantaldea bilatzea izan da erronketako bat, Barcosen hitzetan, eta hala batu dira proiektura Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Ngema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano. Korkostegi izango da Juan Martin, eta Redondok jokatuko du Ixabelen rola; gainerako aktoreek pertsonaia bat baino gehiago jokatuko dute.
Tangoa eta trapa
«Ni euskaltegiko irakaslea naiz», azaldu du erdi barrez Pascualenak, «eta, gero, behi bat ere banaiz, haritz bat, sagar bat, eta musika banda bateko kidea». Berak sortu ditu emanaldiko musika piezak ere, eta berak darama emanaldiko musika zuzendaritza. Azaldu duenez, klase guztietako estiloak entzun ahalko ditu ikusleak: doinu klasikoak, trap-folk bat, ska bat, charlestone bat, rock kanta bat, tango bat... Demode Quartet taldean kide dituen Huitzirekin eta Romanorekin batera sortu ditu denak, eta Aiora Zulaikak eta Barcok ere lagundu dute hitzekin.
Euskara ikasten ari direnei keinu bat egin nahi izan diete estreinaldian, eta streaming bidez ere ikusi ahalko da ikuskizuna. Etxepare Euskal Institutuak munduko hamaika unibertsitatetan dituen ikasleek Internet bidez ikusi ahalko dute saioa.
Kantaidazu bidea, Ixabel
Joxean Sagastizabalen 'Kutsidazu bidea, Ixabel' nobela oinarri hartuta, musikal bat sortu du Demode Quartet konpainiak. Gaur estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu