Bixente Martinez. Musikaria

«Kanta zaharrak amodio handiarekin eta errespetu txikiarekin tratatu ditut»

Oskorritik Oskorrira doa Bixente Martinezen ibilbidea. Ia mende erdiz taldeko kide izan zen, eta, orain, haren kantuak oinarri dituen disko batekin estreinatu da bakarlari.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
mikel lizarralde
Zarautz
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Harizko hainbat tresna hormetatik zintzilik, eta baita beste zenbait gitarra ere, txoko batean eta bestean. Bixente Martinezek (Eibar, Gipuzkoa, 1954) Zarautzen (Gipuzkoa) duen estudio txikiak argi erakusten du haren zaletasunik handiena. Haren eguneroko lantoki eta tresnak dira. «Nire bizitza da. Lagunak jubilatuta dauzkat. Baina zer da politagoa? Paseo bat eman, zerbait hartu eta bazkaltzera joatea? Edo estudiora etortzea? Nik argi dut».

Oskorriko parte izan da musikaria ia 50 urtez, Hiru Trukuko kide ere bai, eta Igelaren Bandaren gidari da egun. Baina joan den udazkenean argitaratu du bere bakarkako lehenengo diskoa, 67 urterekin, Txoria buruan eta ibili munduan (Elkar). Oskorriren kantutegia begirada propioz berreraikitzeko ahalegina. Bihar aurkeztuko du, Donostiako Lugaritz kultur etxean, Haatik konpainiako Lide Romero eta Aimar Odriozola dantzariek lagunduta.«Oholtza gainean musikari bakarra izango naiz, baina iruditu zitzaidan dantza izan zitekeela osagarri bat, musika zapalduko ez zuena eta bai lagundu».

Aurrenekoz argitaratu duzu disko bat zure izenpean. Aurretik ez duzu horren beharrik izan?

Ez bereziki. Bizitza osoa ibili naiz musikari lagunez inguratuta, eta gustura ibili naiz beti. Gainera, bakarrik aritzeko, oso ona izan behar duzu, eta ni ez naizenez kantaria, erronka handiagoa da instrumentu batekin lan instrumental bat egitea. Hau ez da izan aurretik pentsatutako pauso bat, egoerak bultzatutakoa baizik.

Pandemiak eragindakoa...

Etxean egon behar horrekin, pentsatu nuen zeregin bat behar nuela burua lanean izateko. Neure buruari erronka jarri nion: bakar-bakarrik zerbait ganorazkoa egitea. Hori izan zen lehen pizgarria.

Hasieratik erabaki zenuen Oskorriren kantuetan zentratzea?

Nire esparrua euskal musikarena da. Eta jotzen dut musika zaharra, modernoa, konposatu berria, tradizionala... Hasi nintzen probak egiten, baina Oskorrik hain errepertorio zabala izanda, eta kontuan hartuta nire oso barruan dagoela, azkenean kantu hauek oso modu naturalean etorri ziren. Etxetik irten ahal izan ginenean, estudioan maketa batzuk grabatu, probak egin, eta horiek erakutsi nizkien gertuko lagun batzuei. Esan zidaten interesgarria zela, eta orduan esan nion neure buruari serio hasiko nintzela.

Diskoa gitarrarekin moldatu duzu, oso kutsu biluzia emanda. Kontuan izanda Oskorriren kantuek sonoritate oparoa dutela, esentziara jo nahi izan duzu?

Bai. Oskorriren kantuek aberastasun musikal handia dute, eta, gitarra batekin jotzeko, biluztu egin behar nituen ezinbestean. Esentziara joan eta hortik abiatuta, berreraiki. Saiatu naiz kantuaren mamia ateratzen, eta askatasunez bigarren jantzi bat ematen.

Esentziara jotze horrek bere arriskuak ere baditu, askok jantzi batzuekin ikusi eta entzuten dituztelako kantu horiek.

Bizitza guztia eman dut musika tradizionalaren inguruan, baina inoiz ez zaharra bere horretan kopiatzen. Beti tratatu ditut kantu zaharrak maitasun handiarekin baina oso errespetu txikiarekin. Eta hau ere hortik doa. Ez dago inon ezarrita Beethovenen sinfonia bat modu jakin batean jo behar dela, eta kantu hauek ere ematen dute aukera modu librean berregiteko. Kontuan hartuta maitasunez egindako lana dela, horrek ez dit arazo berezirik planteatu. Guztiz zilegi da kantu horiei bigarren begirada bat ematea.

Kantuak aukeratzeko, izan duzu irizpide jakinik?

Diskoan dauden kantuez gain,beste batzuekin ere egin ditut probak, baina azkenean gitarrarekin hobeto funtzionatu dezaketenak aukeratu ditut.

Pieza batzuetarako egin dituzun zenbait konponketa ez dira aurretik espero daitezkeenak. Aita-semeak-en, kasurako.

Probak eginez eta esperimentatuz, gauzak ateratzen dira. Batzuetan asmatzen duzu, eta besteetan ez. Eta, adibidez, kontzertuetan, Aita-semeak jo aurretik publikoari esaten diot gero galdetuko diedala ea ezagutu duten kantua, baina ezagutzen dute. Beste begirada bat du, baina ez dago desitxuratua.

Intuizioak garrantzi handia du?

Dena egiten da intuizioz. Eta are gehiago: zerbait intuizioz egiten ez denean, litekeena da ez asmatzea. Musikan ez dago arau zientifiko edo matematikorik. 2+2 ez dira 4. Zerbait entzun, eta zeure buruari esaten diozu balekoa den edo ez. Jakina, gero ofizioak laguntzen dizu bide batetik edo bestetik joaten, baina intuizioa oso inportantea da.

Zer izan da zuretzat Oskorri?

Bizitza eskola bat izan da. 2023an beteko dira 50 urte ni sartu nintzela, 1973ko Basauriko jaietan [Bizkaia] eman bainuen lehen kontzertua haiekin. 19 urte nituen, eta orduko 19 urteak ez ziren gaurko 19 urteak. Askoz umeagoak ginen, gutxiago genekien munduaz, Franco bizirik zegoen... Oskorrin sartzea eta orduko giro bizian kontzertuz kontzertu ibiltzea, hura bizitza unibertsitate bat izan zen. Eta baita musika unibertsitate bat ere.Nik etxean jotzen nuen zerbait, baina orduan euskal musikarena basamortua zen, eta euskal musikara zoroak dedikatzen ziren. Ez kontserbatorioetako musikari ofizialak.

Nola iritsi zinen zu Oskorrira?

Eibarren bazegoen kontzertuak antolatzen zituen jende bat, eta Natxo [De Felipe] ekarri zuten. Lehenengo Oskorri deseginda zegoen, Natxo bakarrik ari zen, disko bat egiteko asmotan zebilen, eta musikari bila. Bazuen harremana Antton Latxarekin, kolegio berean ibilitakoak zirelako, eta Eibarko jendeak esan zion bazela mutil bat egun osoa gitarra jotzen aritzen zena. Horrela ezagutu genuen elkar. Nik ez nuen piperrik ere jotzen [barrez], baina onartu ninduen, eta orain arte!

Natxo de Felipek agurreko kontzertuan esan zuen moduan, «hasierako hiru mosketarien» parte izan zinen, harekin eta Latxarekin batera.

Bai, 1973an hasita, eta tarte oso laburren bat kenduta, hirurak egon gara beti taldean. Musikari asko pasatu dira bertatik, baina Oskorriren muina guk osatu dugu. Bueno, esango nuke Natxok garrantzi handia izan duela, Anttonek ere bai, eta ni ere hor egon naizela.

Aipatu duzun tarte labur horretan, 70eko hamarkadaren amaieran, Izukaitzen aritu zinen.

Bai, Oskorriren lehenengo bi diskoak grabatu ondoren, sentitzen nuen mundua ikusi nahi nuela. Izukaitz Eibarko jendeak osatzen zuen, eta modu zoro batean hara joan nintzen, probatzera. Disko bat egin, eta desegin egin zen taldea. Azken batean, musika munduan hori gertatzen zen. Iristen zen momentu bat non erabaki behar zenuen musikara dedikatuko zinen edo ez.

Oskorrik agurreko bira polita egin zuen, baina sentsazio mingots bat geratu zen giroan. Natxo de Felipek esana zuen segurtasun falta erabatekoan bizi zela euskal kulturan erreferentzia bat izan arren. Horrek asko esaten du musikarien baldintzez.

Oso konplikatua da gaia. Ni musikaria naiz, eta, musikaria izanda, pentsatzen dut nik sortzen dudanak interesa piztuko duela. Baina piztuko du, edo ez. Musikariok sentitzen duguna egiten dugu; baina U2-ko kidea bazara, sentitzen eta egiten duzun horrek sekulako sona izango du; eta abangoardiako jazz musikaria bazara, ba, ez duzu izango. Eta, gainera, Euskal Herria txikia da, eta ematen duena ematen du. Hor aritzeko, energia handia behar da; ez kantak sortzeko, hori erraza izan daiteke-eta, baina energia behar da kantak zabaltzeko, hortik bizi ahal izateko. Azken batean, zure musikan interesa izan dezakeen jendearengana iristea ere ez da erraza.

Hor aldaketarik sumatu duzu?

Begira, orain dela 30 bat urte jende asko bizi zen musikatik; eta musikariez ari naiz: berbena taldeak, euskal rock erradikalean aritzen zirenak... baina azken urteetan, ordea, oso gutxi bizi dira musikatik. Ezinbestean uztartu behar dute sortze lana beste lan batzuekin, askotan irakaskuntzarekin. Hori ondo edo gaizki dagoen? Ez dakit... Gu lehen munduan bizi gara. Marokon edo Namibian biziko bagina, zer esango genuke? AEBetan ere, puntako jazz musikariak klubez klub aritzen dira lau sosen truke, egunero jotzen. Energia handia behar da sortzeko eta sortutako hori zabaltzeko. Bakoitzak bere hautua egin behar du; erabaki behar du nahiago duen bulego batean lan egin eta ordu pare bat jo egunero, edo nahi duen musikan zentratu eta horretara eman eguneko ordu gehienak.

Zure kasua da hori?

Ni zorionekoa izan naiz, eta orain gutxi arte nolabait musikatik bizi ahal izan naiz. Gainera, etxean beste soldata bat badago, kontuak errazagoak dira. Orain adin batean nago, eta ez nago kezkatuta alde horretatik. Klase batzuk ematen ditut, eta nire lanak egiten ditut.

Oskorrin, Hiru Trukun, Igelaren Bandan... asko edan duzu musika tradizionalaren emaritik.Nola uztartzen dira tradizioa eta berrikuntza zure lanean?

Ez naiz kantaria, eta, nire kasuan, beti musikaz aritzen naiz. Hau da, kantu zahar batek izan dezake oso doinu polita eta oso letra eskasa, eta agian kantuak berak ez du balio. Baina niretzat doinuak du garrantzi erabatekoa. Nik beti izan dut konplexu txiki bat, ez naizelako inoiz izan modernoa. Eta erabakitzen baduzu rocka edo popa ez egitea, baserritarra bihurtzen zara. Adibide bat emango dizut. Behin, ezagun bat etorri zen nire klase batera, euskaltzalea eta oso jatorra, eta dantza zahar bat eman niongitarrarekin ikasteko. Ondoren, hurrengo klase batean, beste dantza bat eman nion, eta esan zidan: «Ez, ez. Baserritarkeriak, behar-beharrezkoak besterik ez». Ematen du musika serioa kanpokoa dela; hori dela lehen mailako musika; musika zaharrarekin edo tradizionalarekin aritzen bazara ez zaudela maila berean. Nire asmoa beti izan da erakustea musika tradizionalarekin lehen mailako musika egin daitekeela.

Rock-and-rolla edo jazza ere hortik datoz.

Hori da. Kopiatu behar ditugu Mississippiko deltako blues musikariak, eta ez, aldiz, hemengo kantari zaharrak? Bide horretan, nik doinu zaharrak hartu ditut, eta landu, berritu eta garatu ditut, lehen mailako musika egiteko helburuarekin beti.

Segitzen du konplexu horrek?

Uste dut inportantea dela ez kopiatzea bere horretan; batez ere, potentzia handietatik datozen musikak. Nortasun kontu bat da. Jazz musikariek beti esaten dute bakoitzak bere boza aurkitu behar duela. Bluesa egiten baduzu, ba, primeran, baina nire bidea beti izan da ingurukoarekin, lur azpian dagoenarekin hastea, eta hortik zerbait eraikitzea.

Konpositore eta interpretea zara. Bata bestearen pare?

Jotzea asko gustatzen zait, eta, gainera, beti jo izan ditut oso lagun gertukoen kantuak. Natxorenak, Ruperrenak [Ordorika]... partitura gabe jo izan ditut, hau da, moldaketak proposatuz eta abar. Ez naiz lehen mailako konpositorea, eta orri zuriak beti ematen dit errespetua, baina doinu tradizional baten lau nota politek beti ematen didate bidea zerbait sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.