Txiki-txikitatik izan du musika lagun Ianire Aranzabek. Etxeko mahaiaren bueltan musika asko entzundakoa dela aipatu du. Ia nahi gabe hasi zen Esanezin proiektu musikalarekin, eta lehen lan luzea ateratzeko aukera izan du; joan den azaroaren 24an kaleratu zuen Erretratu bat diskoa.
«Ez zitzaidan sekula burutik pasatu musikari izatea» aipatu du Aranzabek. Ordiziako (Gipuzkoa) musika eskolan hasi zen musika ikasketak egiten, eta gitarra jotzea aukeratu zuen. Behin, kurtso amaierako kontzertu baterako abeslari bat behar zuten, eta, inor ez zegoenez prest, bera animatu egin zen. Entseguetako batean Oriol Floresek entzun –besteak beste, Izaro eta Idoia Asurmendi artisten bateria jotzailea izan da–, eta noizbait kantu propioak sortzera eta abesten jarraitzera animatzen bazen, lagunduko ziola aipatu zion.
Proposamen hartatik ia urtebetera, Aranzabek bere buruari aukera hori ematea erabaki zuen. Bi kanta grabatu zituen lehenik, eta horiek prest zituenean, pandemia etorri zen. Hala ere, pandemia garaian kantak ateratzen jarraitzea erabaki zuen. «Feedback polita jaso nuen, eta sentitu nuen nire lekua aurkitu nuela; nire bizitzari zentzua ematen zion zerbait».
Musikariak aitortu du gauzak jendaurrean egiteak beti sortu izan diola nolabaiteko lotsa, baina kantak kaleratzera ausartu zenean oso gauza «polita» gertatu zitzaiola: «Lau paretaren artean idatzitakoak jendearengan erreakzio bat sortu zuen». Musikak emandako gauzarik handienetako bat izan da hori beretzat.
Inflexio puntua
Ez da Esanezinen lehen lana. 2020an lan labur bat kaleratu zuen. Pentsatutako zerbait izan zela kontatu du Aranzabek; disko berriarekin, ordea, «guztiz kontrakoa» gertatu zaio. Lan laburraren kontzertu biran zegoenean, kantak sortzen jarraitu zuen, eta horietako bat izan zen Erretratu bat. «Kanta hori sortu eta goitik behera irakurri nuenean, konturatu nintzen ordura arte sortutako abestiak eta hortik aurrera sortutakoak inguruan gertatzen zenari erretratu bat egiteko saiakera bat zirela».
Aurreko lanarekin alderatuta, disko berria kolektiboagoa dela iruditzen zaio Aranzaberi; bera ez baitago kanten zentroan. Hala ere, kanpora begiratzen denean, ikusi eta jasotakoa nolabait norberaren barnean proiektatzen dela ikusi du: «Nire arazo edo kezkak beste askorenak izan daitezkeela iruditu zait». Egiten duen erretratu horretan, gaur egun jendeak bizi duen uneaz eta bizi duen momentuaz gauza asko ulertu daitezkeela uste du musikariak.
Oraindik singlea joan den urriaren 19an atera zen. Kaleratu zen egunetik oso harrera ona izan duela aipatu du. Haren ustez, «kanta unibertsala» delako lortu du halako oihartzuna. Hedabideetan izan duen harreraz gain, Aranzaberi oso berezia iruditu zaio kantak jendeari laguntzeko izan duen gaitasuna: «Jendeak momentu zailetan kantak asko lagundu diola esateko idazteak, edo, besterik gabe, identifikatuta sentitu dela esatea oso pozgarria da». Diskoa ateratzear horrelako feedbacka jasotzeak asko lasaitu du.
«Jendeak momentu zailetan kantak asko dioela esateko idazteak, edo, besterik gabe, identifikatuta sentitu dela esatea oso pozgarria da».
IANIRE ARANZABEEsanezin taldeko kidea
Bigarren aurrerapen abestia izan zen Besterik ez. Habi taldeko Yeray Gasconekin egindako kolaborazio bat da. Esanezineko gitarra jotzailea izen zen duela gutxira arte, baina taldea uztea erabaki zuen. Aranzabek kanta sortu zuenean, Gascon taldean zegoen artean, eta entseguetako batean, bigarren ahotsa egin zuen kantuaren zati batean. Abeslariari asko gustatu zitzaion, eta, taldea utzita bazuen ere, hark abestian parte hartu behar zuela argi izan zuen. «Oso modu naturalean atera zen», nabarmendu du.
Goxotasuna
Kanta lasaiak eta goxoak dira Esanezinek egiten dituenak: «Esanezinen ezaugarri nagusia da, ezin da alde batera utzi». Diskoko kantek ildo horri berari jarraitzen diote, nahiz eta kanta dantzagarriagoak ere badauden. «Badaude puntu ilun bat hartu duten abesti batzuk, baina, batez ere, kontatzen dugun horregatik da». Elektronika puntu bat duten kantak ere badaude.
Egunotan Durangoko Azokan izango da Esanezin. Molatu Produkzioak-ek jarritako erakusmahaian egongo da Aranzabe, beste talde eta proiektu batzuekin batera. Gainera, aurten ere Ahotsenean jotzeko aukera izan du, azokako lehenengo egunean –iaz jo zuen bertan lehen aldiz–. «Pozik gaude, ez delako erraza Ahotsenean jotzea. Geroz eta talde berri gehiago daude, eta, tamalez, denei ezin zaie lekua egin. Zortea izan dugu».
Behin Durangoko Azoka pasatuta, kontzertuak ematen jarraituko du taldeak. Batzuk guztiz itxita ez daudela adierazi duen arren, pixkanaka data berriak gehitzen ari da kontzertu birara. Oraingoz, hauek dira hurrengo kontzertuak: hilaren 16an, Añorgan (Donostia); urtarrilaren 12an, Tolosan (Gipuzkoa); eta urtarrilaren 26an, Ordizian (Gipuzkoa).