Kanoikada baretzeko musika

Donostiako Musika Hamabostaldiak etxeko musikari handiak eta kanpoko izarrak batuko ditu aurtengo ekitaldian, eta duela bi mende hiria suntsitu zuen sutea molde askotako musika obrekin gogora ekarri.

Arkaitz Mendoza.
Donostia
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Bi mende igaro dira Donostiako hiria suteak suntsitu zuenetik. Heriotzaren sua biziki islatzen da Musika Hamabostaldiaren aurtengo egitarauan. Etxeko musikari handiek hartu dute zor zitzaien berezko lekua, eta kanpoko izar handiekin batera bi hamabostaldi irauten duen hamabostaldi sentikor bat aurkeztuko dute. Munduan badira zazpi mirari harrigarri; ba hona hemen hamabostaldiko zazpi mirari txiki.

1. Opera famatua

Giuseppe Verdi musikari italiarraren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko denok ezagutzen dugun musika operarik famatuena antzeztuko da: La Traviata. Madrilgo El Escorialeko San Lorenzorekin, Oviedoko Operarekin eta Iruñeko Baluarte Fundazioarekin batera ekoitzi du Donostiako Hamabostaldiak elkarlan gustagarri hau. Josep Bros eta Desirée Rancatore abeslariak izango dira protagonista eta Pietro Rizzo musika zuzendariarekin eta Susana Gomez eszena arduradunarekin batera betiko talde lanean etxeko bi zutabe emankorrak azalduko dira: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo abesbatza (abuztuak 11 eta 13).

2. Orkestra handiak

Eskoziako Ganbera Orkestraren soinu gozoa berritasun paregabea izango da. Ezin ahaztu Mariinsky Antzokiko Orkestrak Valery Gergiev zuzendari handiarekin berriz ere Donostia bisitatuko duela. Eskoziarrek Arnold Schoenbergen Gau itxuraldatua obra eskainiko dute (abuztuak 28), eta errusiarrek Dimitri Xostakovitxen Babi yar sinfonia, Donostia Hiria suntsitu zuen sutearen bigarren mendeurrena gogoratzeko musika aproposa (abuztuak 4). Orkestra handien podiuma osatzeko, Frankfurt Irratiko Orkestra etorriko da, Anton Brucknerren Wagner sinfonia eta Carl Nielsenen Agortezina sinfonia landuz (abuztuak 23 eta 24). Hiru orkestratzar horiez gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak klasizismoan diharduen egitaraua azalduko du (abuztuak 20), eta Galiziako Orkestra Sinfonikoari jaialdiko azken kontzertua eskaini zaio, Donostiako Orfeoiarekin batera Gustav Mahler omenduaren 2. sinfonia. Berpizkundea interpretatuz. Victor Pablo Perez zuzendariak galiziarrekin bizitako 20 urteko egonaldi luzea biribiltzeko amaiera polita izango du azken hats horretan. (abuztuak 31).

4. Dantzaren hegaldia

Azken urteotan gorantz dabilen artelana dugu dantza, edo balleta, kasu honetan. Aurten, Hector Berliozen musika Romeo eta Julieta kondairan urtuko da Miarritzeko Malandain Ballet konpainiaren eskutik (hanketatik hobe). Abuztuaren lehenengo bi egunetan izango dira Viktoria Eugenia antzokian, Musika Hamabostaldiari itxaropenezko dantza hegaldia txertatuz.

5. Hiru abeslari

Hiru izen handi entzungo dira aurten, hiru ahots guztiz ezberdin, hiru kantu koloretsu. Gazteenak Viktoria Eugenia antzokia izango du dastatzeko leku, Julia Lezhneva errusiarrak, hain zuzen, Salzburgoko musika jaialdiaren iazko ekitaldian musika adituak txundituta utzi zituen artista gazteak. Barrokotik eta klasizismotik igarota, Vincenzo Bellini edota Giaccomo Rossiniren musikak gailenduko ditu (abuztuak 6). Antzinako musikan erreferentzia ezaguna den Carlos Mena gasteiztarra Carlos Garcia-Bernalt organo jotzailearekin bateratu eta Santa Maria Kapera izenpekoarekin agertuko dira Santa Teresa komentuan. Musika ingelesa eta italiarra oparituko dizkigute, XVI. eta XVII. mendeetako melodiaz gozatzeko (abuztuak 7). Eta, azkenik, ahots hirukotea trinkotzeko, Ainhoa Arteta dugu. Aurkezpenik behar ez duen andere tolosarrak errezitaldi bat eskainiko du Arantzazun (abuztuak 26), eta, handik gutxira, Richard Straussen Azkeneko 4 liederrak interpretatuko ditu arestian aipatutako orkestra galiziarrarekin batera (abuztuak 30). Une gozoan dugu Arteta; bi paradisu —Arantzazuko santutegia eta Kursaal auditoriuma—, bi premiazko aukera entzuleontzat.

6. Organoen tutuak

Urtero bezala, organo musikari eskainitako zikloak zaletuak guztiz asetzen ditu, denera 11 kontzertu eskainiz. Doan direlako edota edozein biztanlerentzat auditoriumetik at «gertuago» sentitzen delako, arrakasta handiko emanaldiak izaten dira. Atzerriko organo jotzaileak etortzen dira organo instrumentuen ondareak mirestera, baina kontzertuen kalitateak etxeko musikariengan du oinarria. Louis Robilliard maisu frantziarraren gidaritzapean antolatzen den ikastaroa ere hor dugu, etorkizuneko zenbait teklatu jotzaileren bertuteaz gozatzeko prest.

6. Antzinakoa eta berria

Bospasei menderen aldea nabarmentzen da antzinako musika ziklotik musika garaikidera. Funtsean, musikaz ari gara: notak, sintaxiaren beraren trinkotasuna eta barne erlazioak. Bata Santa Teresa komentuaren horma biluzien distira bakunean, eta bestea Kursaal auditoriumeko erabilera anitzeko areto modernoan. Conductus Ensemble taldearen Claudio Monteverdiren Missa in illo tempore-tik (abuztuak 6) Diotima laukotearen Pierre Boulezen liburuetara (abuztuak 19). Bospasei mende arrasto sotil dotorean apainduta, bi bidaia, bi pausatze, norabide berean.

7. Motxila eta ogitartekoa, prest

Donostiako Musika Hamabostaldiak eta naturak elkarlotura berezia dute hilabete berotsu honetan. Eguraldiak mesede eginez gero, ibilaldi apartak antolatzen dira musika muino delarik. Bidasoa eskualdean Ametsa Gazte abesbatza gaztearen kalitatea eta ilusioa Amets Arzallusen bertsoekin urtuko dira Irungo San Martzial ermitan (abuztuak 24), eta Oriotik Zarautzera bidean musika ikuskizunak izango ditugu abuztuaren 17an. Ezin ahaztu Gabriel Baltes maisuaren aginduetara dugun Kup Ahots Taldea Orioko San Nikolas elizan (abuztuak 12). Hondarribia, Pasai Donibane, Zubieta eta Zumaiak musikaren kanoikadak jasango dituzte hilabete honetan, naturaren argia musikaren arnas hartze izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.