«Kulturaren sasoi bakoitzak errepikatu ezin den arte bat sortzen du. Horregatik, iraganeko printzipio artistikoak berpizteko saiakerak, gehienez ere, jaio aurretik hilda dagoen ume bat bezalakoak diren artelanak sortuko ditu». Espiritualtasuna artean izeneko saiakeraren bidez azaldu zuen bere programa artistikoa hitzez Wassili Kandinski margolariak (Mosku, 1866-Paris, 1944). Artistak «barne premia» deitzen zuen indarrari jarraitu behar ziola defendatzen zuen berak, eta, bere kasuan, premia horrek eramanda heldu zen post-inpresionistei ikasitako tekniketatik abiatu, eta abstrakzioaren aitzindari nagusietako bat izatera. Historiak alderik alde zeharkatzen ditu bere koadroetako forma geometriko eta lerro zuzen abstraktuak, ordea. Errusian jaio eta Parisen hil zen, baina bizi zen artean bitan utzi behar izan zuen Alemania, esaterako: Lehen Mundu Gerrak behartuta lehenengoz, eta nazien gorakadak bultzatuta bigarrenez. Horregatik aurkeztu ditu Bilboko Guggenheim museoak uztartuta artistaren lanak eta haren bizitza, eta kronologikoki antolatu dituzte sortzailearen ibilbide osoa eta haren garapena erakusten duten 62 obrak. Maiatzaren 23ra arte egongo dira ikusgai.
«Gurutzada». Hitz horrekin kalifikatu dute museoko arduradunek Kandinskik bere garaian nagusi ziren konbentzioak apurtuz hasi, eta artistaren «barne premiak» bultzatutako sorkuntzarantz egindako bidea. Lau gune geografikotan antolatu dute garapen hori, eta haietako bakoitzakartistaren sasoi artistiko bat aurkezten du. Haurtzaroko Moskurekin hasi, Munichen egindako arte ederren ikasketekin segi, Weimarko Bauhaus eskolan irakasle emandako sasoiarekin jarraitu, eta Parisera, azkenik. Paisaiatik eta figuratik abiatuta abstrakziorantz, eta, behin abstrakzioaren barruan murgilduz geroztik, forma geometrikoekin batera forma organikoak ere badituzten azken urteetako lanetaraino.
Eskasia urteen arrastoa
Koronabirusagatik ezarritako protokoloak ibilbide zirkularra diseinatzera behartu ditu museoko arduradunak, eta, beraz, gaztaroko lehen lanekin hasi, abangoardien eraginpean sortutako lanekin jarraitu, abstrakzioaren barruan egindako bide guztia osatu, eta helduaroko azken margolanetara iristean, bisitariak aurrez aurre ikusi ahalko ditu bildumako margolanik zaharrenak eta berrienak. 1908. eta 1909. urteen artean margotutako kolore primario bizi eta arbitrario xamarreko zaldun eszena deigarri bat dago, adibidez, horma batean, eta 1940ko hamarkadan sortutako forma geometriko erdi biomorfikoz osatutako oihal handi bat ikus daiteke haren parean. Eta erakusketan urratsez urrats jarrai dezake bisitariak batetik besterainoko bidea.
Bi mutur horien arteko margolan sorta garrantzitsu bat ere biltzen du erakusketak. Kandinskik bere lehen lan abstraktutzat zuen 1913. urteko Lerro beltzak margolana, kasurako, edo sortzaileak musikari zion miresmenaren lekukotza ematen duen Konposizioa 8 izenekoa, bestela, 1923koa. Eta tantaka txertatzen da sortzailearen biografia ere ibilbidean. Bigarren Mundu Gerran Frantzian izandako estutasunen berri ematen baitute, adibidez, oihalak eskuratu ezinean, Kandinskik kartoi gainean egindako margolanek.
1929an hasi zen Solomon R. Guggenheim Kandinskiren lanak erosten, eta, egun, haren 150 pieza baino gehiago dauzka New Yorkeko Guggenheim museoak, guztira, eta multzo garrantzitsu hori da Bilbora eraman duten erakusketaren oinarria. Megan Fontanella komisarioak egin du hautaketa, eta BBVA fundazioak babestu du proiektua. New Yorken aurkeztu zuten lehenik, eta Euskal Herria du bigarren geltokia.
Fontanellak ezin izan du Bilboko aurkezpenean egon, eta Lekha Hileman Waitoller komisarioak eman ditu azalpenak haren ordez. Eta erakusketan egindako bisitan gogora ekarri duenez, Kandinskiren lanak estuki lotuta daude Guggenheim museoarekin. Azaldu duenez, Solomon R. Guggenheimi arte abstraktuari buruzko gidaritza eskaintzen zion Hilla von Rebay artista da giltzarria, kasu honetan, zeina, urte batzuen buruan, museoko lehen zuzendaria ere izango baitzen. Komisarioaren azalpena: «Rebayk uste zuen Kandinskiren lanak behar besteko sakontasunez ikusi ahal izateko tenplu moduko batean erakutsi beharko liratekeela, eta hori izan zen gerora Frank Lloyd Wright arkitektoak eraikitako New Yorkeko Guggenheim museoaren hazietako bat».
Erakusketaren kalitatea nabarmendu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak. «Ez da erraza halako erakusketa osoa egin ahal izatea, bilduma bakar bateko piezekin». Museoaren bildumaren maila erakusten du horrek, museoko zuzendariaren hitzetan. «Munduan dagoen Kandinskiri eskainitako bildumarik garrantzitsuena izan daiteke».
Itxaropen keinu bat
Uda aurretik egin behar zuten erakusketa, baina orain arte atzeratu behar izan dute asmoa, pandemiagatik. Bisitari gehiagoko sasoien esperantzan egin dute irekiera ekitaldia, zuzendariak onartu duenez. «Etorkizunarekiko konfiantza keinu bat da hau. Egun, bisitak egiteko aukera oso murriztuta dago, baina espero dugu, hemendik denbora batera, merezi duen erakusketa honek jende askoz gehiago hartzeko aukera izango duela, eta gizartea ere beste egoera batean egongo dela».
Kandinski guztiak
Wassili Kandinski abstrakzioaren aitzindariaren ibilbide artistiko osoa biltzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. Guztira, sortzailearen 62 lan jarri dituzte ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu