Kamiok akusazio oro ukatu du 'Balentziaga auziko' epaiketan

Zortzi urteko kartzela-zigor eskea du Getariako alkate ohiak, Balentziaga museoari loturiko ustezko irregulartasunengatik. Espero bezala, Julian Arguilagos auzipetua ez da aurkeztu

Mariano Kamio Getariako alkate ohia, atzo, Donostiako Probintzia Auzitegira sartzen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoaren lehen harria 2001ean jarri zuten, sinbolikoki. Handik urte gutxira hasi ziren Aralar alderdiko zinegotziak jada zenbait irregulartasun salatzen, baina auzia ez zen 2007ra arte lehertu. Orduan hasi zuen fiskaltzak ikerketa, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak jarritako salaketaren harira. Eta atzo hasi ziren auzia epaitzen, Donostiako 2. Zigor Epaitegian. Hiru ziren akusatuen aulkian esertzekoak: Mariano Kamio Getariako alkate (EAJ), Balentziaga fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarteko gerente izan zena; Julian Arguilagos, museoaren proiektua diseinatu zuen arkitektoa; eta Rolando Paciel, proiektua gauzatu zuen arkitektoa. Espero bezala, Argilagos ez zen auzitegira agertu —bilatze eta atxilotze agindua emana dute haren aurka—. Baina bai Kamio eta Paciel. Auzitegira sartzean «oso lasai» zegoela esan zuen Getariako alkate ohiak. Luze galdekatu zuen fiskalak, goiz osoan, eta ez zion uko egin galderei erantzuteari: bere kontrako akusazio guztiak ukatu zituen. Haren ondotik zen hitza hartzekoa Paciel.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zortzi urteko espetxe-zigor eskaera eta 2.234.448 euroko kalte-ordaina galdegiten dute Kamiorentzat, kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetza, agiri merkantilak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Arguilagosen kontra, lau urteko kartzela zigorra eta 2.077.189 euroko kalte-ordaina eskatzen dute, kudeaketa desleiala eta arlo profesionalean bidegabe sartzea leporatuta —Habanan lortu zuen titulua homologatu gabe lan egiteagatik—. Arguilagos 2005ean Miamira (AEB) bizitzera joan zenean, Pacieli eman zioten proiektua gauzatzeko ardura; hari ere arlo profesionalean bidegabe sartzea egozten diote, Habanan lortutako titulua homologatu gabe lan egiteagatik, eta 3.600 euroko isuna ordaintzeko eskatzen diote.

Bai Balentziaga fundazio pribatuan bai Berroeta Aldamar elkarte publikoan zuen botere posiziotik Arguilagosen mesedetan aritzea leporatzen diote akusazioek Kamiori, hainbat lanetarako kontratatuz. Arkitektoak lan horiek burutu zituenik zalantzan jartzen du fiskaltzak. Bien arteko harremanaz galdetuz hasi zuen bere galdeketa luzea Juan Carlos Galvez fiskalak, eta «oso lagun onak» zirela esan zuen Kamiok. 2001ean arkitektoarekin izenpetu zuen kontratuaz ere galdetu zion, zeinetan jasotzen zen proiektuaren aurrekontua handituz gero Arguilagosen ordainsariak ere haziko zirela. Fundazioaren batzorde exekutiboak zenbait baldintza jarri bazituen ere —proiektuak ezin zituela gainditu 800 milioi pezetak eta teknikoki bideragarria izan behar zuela—, geroago aurrekontua 15 milioi eurora igo zen —30 milioikoa izan zen azkenean—, eta arkitektoak 1,5 milioi irabazi zituen, fiskalaren hitzetan. Bi akusatuek, «Fundazioaren patronatuak jakin gabe» hainbat klausula sinatu zituztela ere nabarmendu zuen fiskalak; horien arabera, Miamin (AEB) bizi ahal izango zela arkitektoa, bere lanak bukatu ez bazituen ere, eta horregatik kontratatu behar zutela Paciel.

Bestelako ikuspegia defendatu zuen Kamiok. Haren hitzetan, Arguilagos zen «egokiena» proiektua gauzatzeko, arkitektoa izateaz gain 1995etik ari zelako horretan lanean, museoan «inork» sinesten ez zuenean, eta «munduan Balentziagari buruzko erakusketa gehien» egin zuen pertsona zelako. Halaber, esan zuen titulua homologatua izatea ez dela beharrezkoa proiektua «diseinatzeko», hala egin zutela Bilboko Guggenheim museoa ere, esaterako. Edonola den, arkitektoarekin 2001ean eginiko kontratua izenpetu bai baina ez zuela berak negoziatu zehaztu zuen, fundazioko diruzain Eusebio Larrañagak baizik —gaixo dago, eta ezin izango du lekuko gisa deklaratu—. Duplizitaterik ez zela izan ziurtatu zuen, Arguilagos AEBetara joatean bere lana bukatua zuelako. Eta fakturarik edo bestelako agiririk faltsutu izana ere ukatu zuen.

Halaber, fundazioaren kontrol falta iradoki zuen. Kontuak urtero onartzen zituela ekarri zuen gogora, eta gaineratu patronatuak ez zuela «deus» esan proiektuaren aurrekontua handitu zenean. Esan zuen oraindik ez dakielazergatik kendu zuten kargutik 2007an, eta ez zuela defendatzeko aukera izan. Haren hitzetan, «azpijokoan» aritu ziren bera kaleratzeko eta «boterea hartzeko».

Jantzi urratuak bueltan

Paris eta AEBetara bidaia pertsonalak egiteko fundazioaren dirua baliatu izana leporatzen diote Kamiori, baita bere autoko konponketak eta erregaia diru berarekin ordaindu izana ere. Akusazioak «lotsagarriak» iruditzen zaizkiola esan zuen Kamiok, eta fundazioari lotutako lan bidaiak izan zirela adierazi zuen. Azaldu zuen Pamela Golbinekin bilera bat egiteko joan zela Parisera, hark Balentziaga Etxeko artxiboetan sarbidea izan zuelako eta museoaren inaugurazio erakusketa prestatzeko harekin mintzatu nahi zuelako. Bestalde, New York, Dallas, Texas, Los Angeles eta San Frantziskon ere izan zela azaldu zuen, ordukoan Arguilagosekin batera, museoaren lagunen Ameriketako elkarte bat sortzeko aliatu bila. Bere autoa ere fundazioko bileretarako erabili ohi zela esan zuen.

Arguilagosek bere kabuz Miamin egin nahi zuen erakusketa baterako Balentziagaren hamabost jantzi bidali izana ere egozten dio fiskalak Kamiori. Erakusketa museo berriaren promozioa egiteko «oso garrantzitsua» iruditu zitzaiolako bidali zituela erantzun zuen Kamiok, eta bakar bat ere ez zela Jaurlaritzaren bildumakoa. Berroeta Aldamarrek gerora berreskuratu behar izan zituen jantziok, eta urratuak edo kaltetuak zeudela ekarri zuen gogora fiskalak. Zalantzan jarri zuen hori Kamiok, Arguilagos halakoekin oso arduratsua izan ohi zela gehituta.

Gaur segituko du epaiketak, eta hilaren 17ra arte irautea aurreikusten dute. 36 lekuko dira auzitegitik pasatzekoak, eta zortzi aditu froga ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.