Haizea Barcenilla
Begiz

Kalkulatutako artea

2025eko urtarrilaren 21a
04:15
Entzun

Madrilgo Reina Sofia museoak Soledad Sevilla (1944) artista valentziarrari eskainitako erakusketa gozatzeko aukera izan dut, eta guztiz liluratuta geratu naiz haren ibilbidean zehar bidaiatuta. Abstrakzio geometrikoa egiten du Sevillak, kolorea, lerroa eta modulu geometrikoak erabilita. Horrela esanda, lan aspergarri eta errepikakorra dela pentsa daiteke, baina guztiz kontrakoa da: konposizio deigarri eta biziak lortzen ditu artistak, bakanak eta indarrez beteak.

Lehen lanaren aurrean jada, hurbildu eta detailez begiratzeko beharra izan dut. Hondo zuri baten gainean bi kolore kapa daude, forma geometriko berak gainjartzen dituztenak. Lehen begiradan, ez dut jakin material desberdin batean moztu eta mihisearen gainean jarritako geruzak ote diren, edo margotutakoak, beste gabe; hain da indartsua lortzen den efektu optikoa. Baina Sevillaren lan guztiak margotutakoak dira. Madrilgo Kalkulu Zentroan lanean egon zenean, 60ko hamarkadan, berak eta zenbait kidek ordenagailuak erabili zituzten konposizio matematiko eta geometrikoekin esperimentatzeko; kide batzuek makinak ekoiztutako lanen alde egin zuten arren, Sevillak ez zuen hala egin: ordenagailuz lortutako formak pinturara pasatzen zituen gero, logika eta teknika elkartuz.

Lan batzuk ikustean, Anni Albers etorri zait burura. Orain urte batzuk haren ehungintzako lan bikaina Guggenheimen ikusteko aukera izan genuen, eta haren konposizioek kutsu geometriko eta bizi bera zuten. Sevillaren lan askok, gainera, oihalaren antza dute, geruzen gainjartzeak irazkiak eta bilbeak sortzen dituen joko bera ekartzen baitute. Erraz imajina nezake Sevillaren lan bat Albersek ehunduta, eta Albersen bat Sevillak pintatuta. Desberdinak izango ziren arren, izpiritu bera izango zuten oinarrian.

Geometria eta kalkulua abiapuntu duten bi emakume hauen lanak beste arrazoi batengatik gustatzen zaizkit: jeinuaren irudiaren kontra doazelako. XIX. mendetik jeinuaren irudi estereotipatua jaso dugu, inpultsuak jotako erdi-zoro sortzailearena —ikusi: Van Gogh—. Baina artista gehienen lana beste modu batean ontzen da, prozesu batean non pentsamendua, plangintza, saiakera, teknika eta emozioa uztartzen diren. Sevilla eta Albersen lanak logikoak eta emozionalak dira aldi berean; ez dira oldartsuak, baina horrek ez du esan nahi indarra igortzen ez dutenik.

Zentzu horretan, aipamen berezia Sevillak 2024an sortu zuen Zerumuga zuriak lanari. Mihise handi bi, arkatzez egindako ehunka lerro zuri eta horizontalek zeharkatuak. Lanak sinplea dirudien arren, 80 urteko gorputzak utzitako arrasto aldakorraren erakusle da: erregularra beharko lukeena ez da horrela, 80 urteko gorputza ez den bezala, eta horrek joko pizgarria sortzen du begiarentzat, ibilbide eta bizitza oso baten marka den aldi berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.