Martxan da Gasteizen XIV. Kaldearte, kaleko arteen nazioarteko jaialdia. Atzo bertan hasi ziren lehen ikuskizunak hiriko kaleetan, eta gaur eta bihar beste hainbat ikusteko aukera izango da. Ikuskizunak orotara 35 konpainiak sortuak izango dira, formatu txikikoak zein handikoak, eta 70 emanalditan erakutsiko dituzte denak. Antzerki emanaldiak, zuzeneko musika, dantza, performanceak, zirkua... Etenik gabeko erakustaldia izango da Kaldearte aurten ere.
Azken urteetako ildoari eutsi badiote ere, izango da berrikuntzarik aurten. Izan ere, asteburuan ikuskizunak izango dira Lanbideen Udal Lantegi Eskolan, Musika ibilbidean, eta landa ingurunean ere. Horietako asko jaialdirik ospetsuenetan saritutako lanak izango dira, eta lau obra aurreneko aldiz erakutsiko dituzte jendaurrean.
Euskal konpainiak ez ezik, nazioartetik iritsitakoak ere bilduko dira Gasteizen asteburuan. Euskal Herrikoak hamar izango dira, eta horietatik zazpi Gasteizkoak bertakoak. Gainerakoak Katalunia, Frantzia, Txile, Espainia eta Erresuma Batuko sortzaileak izango dira. Goizetik hasiko dira emanaldiak eskaintzen kalean, eta gauerdira arte egongo dira horretan. Gaur bertan, esaterako, Sara Alvarez eta Ortzi Acosta gasteiztarren Begiradak ikuskizuna ikusteko aukera izango da Arka plazan, eguerdian, eta Osadia obra kataluniarra seietan, San Frantziskoko aldapan. Iluntzean, berriz, Teatro del Silencio konpainiak Rumbo al cementerio ikuskizun ibiltaria eskainiko du. Horrez gain, egunean zehar Gure Zirkua ikusteko hainbat emanaldi ere izango dira, eta igandean ere beste hainbat ikuskizun egongo dira. Aurtengo Kaldearte jaialdia Entre Nous lanak itxiko du, 20:30ean, Foru Plazan.
Kaleko arteen 70 adibide izango dira Gasteizen gaur eta bihar
Euskal Herriko eta nazioarteko 35 konpainiak formatu handiko, ertaineko nahiz txikiko ikuskizunak erakutsiko dituzte hiriko kaleetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu