Kaleko artearen osasuna

Bertako eta kanpoko 53 taldek hartuko dute parte aurtengo Leioako Umore Azokan, eta 120 saio baino gehiago izango diraKaleko arteen osasuna erakutsiko du maiatzaren 16tik 19rako jaialdiak

Ipso Facto konpainiak Umore Azokan estreinatuko duen+ ke vecinos komediako hiru pertsonaia nagusiak. LEIOAKO UMORE AZOKA.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hamalau urte beteko ditu aurten Umore Azokak Leioan (Bizkaia). Eta proposamena erabat sendoturik dagoela diote horregatik jaialdiaren antolatzaileek. «Herriko ikono» bilakatua dela jadanik, eta ohiko topagune dela profesional zein zaleentzat. Eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Kaleko arteen hiriburu bihurtuko da herria lau egunez: maiatzaren 16tik 19ra. 300 talde baino gehiagok bidali dute bertan izateko eskaria, eta haietariko 53 hautatu dituzte programazio arduradunek. Bertakoak izango dira haietariko 12, eta kanpokoak gainerakoak: Herrialde Katalanetakoak, Poloniakoak, Turkiakoak, Frantziakoak... 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte, guztira. «Gune egokia da kaleko arteak zer osasun egoeran diren jakiteko», azaldu du Mari Carmen Urbieta alkateak.

40.000 pertsona espero dituzte antolatzaileek, baina azokaren alderdi komertziala ere nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, banatzaileak eta kultur antolatzaileak ere erakarri eta kontratazioak bultzatzea baita jaialdiaren helburuetariko bat. Erakusleiho gisa ere baliatzen dute horregatik aukera konpainiek, eta aurten, 14 izango dira, guztira, lan berriren bat estreinatuko duten taldeak.

Ertza

Asier Zabaleta koreografoak zuzendu du Ertza konpainiak Leioan estreinatuko duen 4x4 pieza. Kaleko dantza ikuskizuna da, eta lau dantzariren arteko lehia izango du oinarri. Hilaren 17an eta 18an eskainiko dute lana.

Amalaba

Mila Martinez eta Ana Omeñaca dira Amalaba konpainia kataluniarrak Leioan estreinatuko duen Tea for two (Birentzako tea) piezako bi aktoreak. Ikuslea beren etxera gonbidatu, eta tea hartzea erritu harrigarri eta dibertigarri bilakatuko dute bi aktoreek, jaialdiko antolatzaileen hitzetan.

La Mini Compagnie

Enivrez-vous (Mozkor zaitez) lana estreinatuko du Umore Azokan La Mini Compagnie talde frantziarrak. Izenburuak argi uzten duenez, mozkorraldia da beren piezaren gai nagusia, eta Charles Baudelaire poetak mozkortzeari buruz idatzitako testuak izango dituzte abiapuntu. Akrobaziak eta musika nahasiko dituzte ikuskizunean. Talde horretako hainbat kidek Umore Azokako ikuskizun onenaren saria jaso zuten 2011n Salir (Atera) lanarekin.

Trapu zaharra

Euskal Herriko kale antzerkiko talde esanguratsuenetariko bat da Trapu zaharra, eta ezagun zaio umore absurdoarekiko zaletasuna. Ironia eta kritika ere jorratuko ditu oraingoan La vida en B antzezlanean. Lehen urteurrena duen fundazio baten ospakizuna taularatuko dute. Jendea zuzentzen saiatzea da erakundearen asmoa, eta badirudi beren zigorra bete ahalko duen pertsona bat aurkitu dutela. 850 orduko gizarte lanak eginaraziko dizkiote.

Dudu & Company

Kataluniatik dator Dudu & Company taldea. Eta etorrera bat da, hain zuzen ere, El Niu piezan kontatuko duena. Objektuz lepo heldu berri den izaki misteriotsua da El Niu. Nondik datorren ezin jakin, ezta nora doan ere. Bertan dagoela da kontua, eta ikusleekin jolasean hasiko dela. «Txori arima duen clown maitagarria». Hala deskribatu dute Dudu Arnalotek jokatzen duen pertsonaia antolatzaileek.

La Guasa Circo Teatro

Gizon bat eta birziklatutako materialez sortutako makina bat. Nahikoak zaizkio bi elementu horiek La Guasa Circo Teatro talde espainiarrari kale ikuskizun bat osatzeko. Malabareak, antzerkigintza eta zirkua uztartzen ditu hilaren 18an estreinatuko duten Mobil piezak.

Gaupasa- Nacho Vilar Producciones

Ibiltaria da Gaupasa eta Nacho Vilar Producciones taldeek Leioan estreinatuko duten pieza. Typical deitu dute, eta 600 auto zahar bat erabiliko dute bost aktoreek batetik bestera mugitzeko. Musika, koreografiak eta piroteknia batuko dituzte.

Bapatean Zirko

Absurdoraino nahasten eta nahasten joango den egun arrunt bat. Hori da Bapatean Zirko taldeak Umore Azokara eramango duen Tenderete lanak kontatzen duena. Arropak garbitu eta eskegi beharrean den bikote berezi baten gorabehera bereziak. Clown-a, zirku teknikak eta musika uztartuko dituzte horretarako.

Cachaba Teatro

Bost agure. Urteek muturrera eraman dute beren nortasuna, eta antz handirik ez dute elkarrekin, baina, halere egoitza berean bizi behar. Viejos (Zaharrak) deitzen da Cachaba Teatro antzerki taldeak Umore Azokan estreinatuko duen lana, eta bost pertsonaia horien bizirik irauteko estrategiak kontatuko ditu.

Al Di La

«Aingeru gorenak, euliak eta arimak antzekoak bilakatzen diren tokira itzultzea». Hori da Al Di La taldeko bi dantzarien asmoa Purificacion Run Run lanean. Xalotasuna berreskuratu eta erruaren marka albo batera uzteko ahalegina antzeztuko dute Begoña Martin Treviño eta Silvia Martin Treviñok.

Tiritirantes

Zirkua ikusteaz nekatu, eta zirkuan aritzeko gogoz direnentzako proposamena dakar Tiritirantes Espainiako konpainiak Leioara. Hiru tailer eskainiko dituzte udaletxeko plazan bertaratzen direnek oreka jorratzen, monozikloan ibiltzen eta trapezioan aritzen ikas dezaten. Maiatzaren 18an eta 19an izango dira udaletxeko plazan.

Ipso Facto

Komedia bat estreinatuko du Ipso Facto konpainiak Leioan: + ke vecinos (Bizilagunak baino gehiago). Adin guztietako ikus-entzulearentzako emanaldia izango da, eta ikuslearen parte hartzea ere bilatuko dute antzezlaneko hiru aktoreek.

Arritmados

Arrakastaren ifrentzua. Hori da Valentziako Arritmados taldeak Leioan erakutsiko duena. Loria ezagutu ostean, egun batetik bestera erabat ahaztuta gelditu den musikari bikote baten gorabeherak kontatuko dituzte Menas a trua... con orgullo y dignidad (Menas a trua... harrotasunez eta duintasunez) piezarekin. Fama, eta famaren ostekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.