Kaleka jaialdia bueltan da

Bihartik igandera egingo dute Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia. Osasun neurriak errespetatzeko, eserleku kopuru mugatua izango dute ikuskizunek. Sarrerak bi ordu lehenago eskuratu ahal izango dira

Visitans konpainiak Olea ikuskizuna ekarriko du Lekeitiora, Kaleka jaialdiko sail ofizialera. BERRIA.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Kaleka, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdia. 31. aldia izango da aurtengoa, iaz ezin izan baitzen jaialdirik egin, pandemia zela medio. Baina aurten berriz ere kaleko arteak hartuko du Lekeitio (Bizkaia).

Urtero bezala, hiru sail edo atal izango ditu jaialdiak: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai. Ofiziala da sekzio nagusia, Ibon Noya Lekeitioko kultur teknikariak azaldu duenez. Haren barruan eskaintzen dituzte erabat bukatuta dauden lanak, askotariko formatuak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboenak: esaterako, Haatik dantza konpainiaren Lau Eme ikuskizuna. Konpainia horrek borroka feministaren bilakaerari buruzko lana plazaratuko du Lekeition. Teatro La Cosa konpainia italiarrak Fuoco Risorto ikuskizuna ekarriko du Euskal Herrira. Suaren berpizkundea esan nahi du euskaraz, eta, hain zuzen ere, elementu hori izango du protagonista kale antzerkiak. Hector Sansegundo umorista eta magoak ekoitzitako La Maquina lana ere egongo da ikusgai Kalekan.

Horiez gain, obra hauek ere izango dira sail ofizialean: Titiritantes Circo Teatroren Ulterior El Viaje, David Moreno Cia & Cristina Callejaren Flotados, Mireia Miracle Companyren Rojo, Mortelo & Manzaniren Fili Busters, NUC konpainiaren Aigua, Mr Copiniren The Herock eta Visitans konpainiaren Olea.

Kaleka Scratch sekzioan sortze edo garapen prozesuan dauden lanak aurkeztuko dituzte. Ikuskizun bakarra izan ohi da sail horretan. Aurten, Maximo Optimoren Minimo Pesimo lana izango da ikusgai, eguneroko objektuak erabiliz eginiko zirku txiki bat.

Badago hirugarren sail bat ere: Kalekaz Blai. Sekzio horrek ikuskizunetan parte hartzeko aukera ematen dio publikoari. Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolak zirku tailer irekia eskainiko du. 20 minutuko erakustaldia egingo dute lehenik; gero, ordu eta erdiz, zirku teknikak irakatsiko dizkiete joaten direnei.

Guztira, hamabi ikuskizunek beteko dituzte Lekeitioko kaleak. Horietatik hamar joan den urteko Kalekan parte hartzekoak ziren, baina, murrizketen ondorioz, ezinezkoa izan zitzaien.

Kale antzerkia itxialdian

«Mugitzeko aukera mugatuta zegoenez, ingurukoak ziren bi talde baino ezin izan genituen ekarri», azaldu du Ibon Noya Lekeitioko kultur teknikariak. Horregatik, bertan behera geratu zen jaialdia. Baina iaz joatekoak ziren taldeak aurten izango dira Kalekan. Noya baikor agertu da: «Aurreikuspen onak dauzkagu. Espero dugu jaialdia erakargarria izatea eta toki guztiak betetzea».

Aurtengoa jaialdi berezia izango da. Kalean egingo da, hori delako jaialdiaren mamia, Noyak esan duenez, baina hesitutako eremuetan egingo da, hiru gunetan: Abaroa jauregiko lorategian, eskolan eta Plaza Baltzan.

Ikuskizun bakoitzeko edukiera 200 edo 250 pertsonakoa izango da, gune bakoitzaren ezaugarrien arabera. Edukiera kontrolatze aldera, sarrerak eskuratu behar izango dira emanaldia ikusi ahal izateko. Sarrerak ikuskizuna izango den tokian bertan banatuko dira, obra hasi baino bi ordu lehenago. Bi orduko tartea dagoenez, antolakuntzak gomendatu du azken ordurako ez uztea, jende pilaketarik egon ez dadin.

Ikuskizunetan kutsatzerik ez gertatzeko, dagoeneko ohiko bihurtu diren segurtasun neurriak errespetatzera dei egin dute. Gainera, ez da egitaraua fisikoki eskuratzerik izango. Hori bai, webgunean deskargatu daiteke.

Denetariko ikusleak

«Publiko oso desberdina izaten da ikuskizunaren arabera», Noyaren hitzetan. Lekeitiok bisitari ugari izaten ditu udan; beraz, herriko eta kanpoko ikusleak izaten dira jaialdian, kultur teknikariak gaineratu duenez: «Oso parekatuta egoten da».

Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiaren bereizgarria, izenak berak dioen bezala, zera da, kalean egiten dela. Beraz, ikusleek aukera izango dute herria ere ezagutzeko, Noyaren hitzetan: «Kalekak herria bera ezagutarazten du ikuskizunen bitartez».

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: kaleka.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.