Kalean da 'Egan' literatur aldizkariaren aro berriko lehendabiziko zenbakia

Argitalpenaren zuzendaritza berriak ondutako aurrenekoa da. Aldizkariaren izaera akademikoa indartzeko xedearekin ari dira lanean

Erredakzioa
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Egan aldizkariak beste aro bati ekin zion iaz, zuzendaritza berrituta, argitalpen zientifiko izateko xedearekin. Urteurren baten harira etorri zen aldaketa: 70 urte bete zituen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak argitaratzen duen aldizkariak, eta Koro Segurolak hartu zuen zuzendari kargua, Iñaki Aldekoa, Izaro Arroita, Ana Gandara, Beñat Sarasola, Joseba Sarrionandia eta Juan Luis Zabala bidaideekin. Azterketa akademikoen lerroa indartzeko erabakia du aldizkariko zuzendaritza talde horrek, eta baita sorkuntzaren atea zabalik uztea ere, poesia, narrazio labur eta itzulpenek tokia izaten segi dezaten.

Kalean da, bada, aro berriko lehena: Egan. 2018 - 3/4. Egungo panorama akademikoan ohikoak ez diren saiakera eiteko lanak argitaratzeko borondatea du aldizkariak, arduradunek nabarmendu dutenez, eta horren adierazle dira zenbaki berria zabaltzen duten bi artikuluak: Patxi Salaberriren Iragana etorkizunerako abiapuntu (Hiru oharño euskal klasikoen baliagarritasun soziolinguistikoaz) eta In?aki Aldekoaren Ramon Saizarbitoria eta Joxe Azurmendirekin solasean. Salaberriren artikuluaren xedea da euskal literaturako egile nagusien parametro soziolinguistikoen egungo baliagarritasunaz hausnartzea; Aldekoarenak, berriz, ideia eta bulkada kontrajarri artean ari diren nobelagilea eta filosofoa jarri nahi ditu solasean.

Estilo akademiko estandarragoko beste lau testu datoz jarraian: Iker Legarretaren Euskal nazionalismoa Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene'-n. In?aki Abaituaren eta Juliaren gogo-bihotzetan haztakatzen; Jon Iturregiren Metafikzioa eta memoria historikoaren elkarlana Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea'-n; Ainhoa Urzelairen 'Jenisjoplin': identitatearen berrasmatzea; eta Aitor Ortiz de Pinedoren Gizartea Jean Etxepareren idazlanetan: adabakiak.

Beñat Sarasolak Gorka Merceroren Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera liburuari buruz idatzitako iruzkina dator segidan.

Sortze lanak

Arlo akademikoa lantzeaz gain, sortze lanen plaza ere izateko bokazioari eutsi dio Egan-ek. Horren erakusgarri da zenbaki honen azken atala. Iñ?igo Astizen eta Angel Erroren Akatsik egin ez dugula ziurtatzeko badaezpada bitan kontatu behar izan ditugun hemezortzi epigrama, Itxaro Bordaren Egoera Piroteknikoak eta Jon Gerediagaren 8 poema irakur daitezke poesiaren txokoan. Narratiban, Miren Agur Meaberen Santuen Ugazaba eta Teselak narrazioak. Azkenik, bi itzulpen daude aldizkarian: Ainara Maiak itzuli Idea Vilarin?o eta Juana Fernandez Morales de Ibarbourou uruguaitar poeten aleak; eta Javi Cillerok itzuli Francis Scott Fitzgeralden Nerbio krisia.

Eskuragai dago Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen webguneko argitalpenen sailean (https://bascongada.eus/eu/).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.