Bertsolaritza

Kalean da 'Bertsolari' aldizkariaren udako zenbakia, «zeri eta nondik» kantatu ardatz hartuta

Bertsolamintza jardunaldien zazpigarren edizioak emandakoa, Bertsopentsioa lehiaketaren erreportajea, bertso idatziak eta beste hamaika eduki bildu ditu 'Bertsolari' aldizkariaren 134. zenbakiak.

Ezkerretik hasita, Oihane Perea, Aitor Salegi, Sarai Robles eta Unai Iturriaga, Bertsolamintza jardunaldietan, Villabona-Amasan (Gipuzkoa). BERTSOZALE ELKARTEA
Ezkerretik hasita, Oihane Perea, Aitor Salegi, Sarai Robles eta Unai Iturriaga, Bertsolamintza jardunaldietan, Villabona-Amasan (Gipuzkoa). BERTSOZALE ELKARTEA
Garazi Karrera
2024ko abuztuaren 21a
05:10
Entzun

Zeri eta nondik izenburupean, Bertsolari aldizkariaren 134. zenbakia kaleratu du Bertsozaleak kultur elkarteak. Askotariko edukiak jaso dituzte bertan —kronikak, erreportajeak, ilustrazioak, autobiografiak, bertsoak...—; nolanahi ere, VII. Bertsolamintza jardunaldiak daude udako aldizkariaren erdigunean. «Zeri eta nondik kantatzen diogu?» galderari erantzunez abiatu zituzten jardunaldiak martxoaren 13an Gasteizen, eta, Bilbotik, Itsasutik (Lapurdi) eta Iruñetik igarota, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) eman zieten amaiera, handik hamar egunera. Jardunaldiak «ezinbesteko» gogoeta saioak direla aitortu du Felix Irazustabarrenak aldizkarian. Haren ustez, «hausnarketek, eztabaidek, alde eta kontrako argudioek utziko dute arrastoa eta aurrerabidea».

Halaber, jardunaldietan izandako saio bakoitza xehatu dute argitalpenean. «Diskurtso guztiak errespetagarriak dira?» galdera proposatu zuten Maialen Akizuk eta Ainhoa Urienek, eta horren laburpena argitaratu dute. Bestalde, Jexux Mari Irazuk libreko bertsogintzaren zenbait gako aletu ditu. Maider Arregik, berriz, pribilegioen auziari heldu dio, hipotesi honetatik abiatuz: «Ez genuke kantatu behar estrukturalki gu baino zapalduagoak (are, gugandik zapalduak) dauden pertsonen ahotik». Arlo politikoari erreparatuz jarraitu du Aitor Bizkarrak, Hitz egiten al den politikaz bertsotan izenburupean.

Bertsolaritza ideologia jakin batera lerraturik ote dagoen mahaigaineratu du Oihana Aranak, eta edukiaren zein ideologiaren lanketari erreparatu dio Odei Barrosok. Halaber, gai jartzailearen autoretzaren inguruan idatzi dute Imanol Artola Felix-ek eta Julio Sotok. Horiekin batera, Oihana Iguarainen, Onintza Enebitaren, Aitor Salegiren eta Oihane Perearen hausnarketek osatzen dute Bertsolamintza jardunaldiei dagokien tartea.

Bertsoaz gain, bada gehiago

Beste irakurgai hauek ere badakartza aldizkariak: Dantzatzen duen herritik Andoni Rekondoren kronika, Garbiñe Larrearen artikulu bat, Oihana Bartraren bertsoaldirik gogokoena, Ruben Sanchezek Arabako Txapelketaren inguruan emandako iritzia... Baita Bertsopentsiotan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak martxan jarri zuen bertsopaper lehiaketari buruzko erreportajea ere, non Ana Mezoren eta Maite Aristegiren hitzak jaso dituzten. Horrez gain, Justo Alberdi bertsolariak bere ibilbidearen berri eman du, eta Patziku Perurenak Goizuetako (Nafarroa) kontuak ondu ditu, Trabukoren kantako misterioak izenburupean.

Nazioarteko atalean, Khyal Indiako kantu inprobisatuak azaldu dituzte Uxue Iruretagoienak, Maria Murgiondok eta Garazi Ramirezek. Aldizkariaren azken orrietan, Ekhiñe Zapiain bertsolariak Beratik (Nafarroa) barrena darama irakurlea, bertso, irudi eta azalpenen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.