«Baneukan, jakin gabe neukanik». Konfinamendu betean, idazten hasi, eta espero gabeko jarioan osatu zuen orain bere bigarren nobela den Turista klasea Kattalin Minerrek (Hernani, Gipuzkoa, 1988). Sarri bere burua idazten ariko balitz bezala pentsatzen topatzen duela dio —«neure buruari narratzen»—, eta horrela gertatu zaiola uste du oraingoan ere. Preso egondako lagun bati egindako bisita-bidaien lorratzak gogoan, hor jarri du protagonista: egun bakarreko joan-etorrian, aurrez bidaia horietan bizitako gaziez eta gozoez gogoetan. «Marra bat egin nuen, eta esan nuen: hau izango da bidaia, Parisera eta buelta, eta hor barruan honetaz eta honetaz hitz egingo dut, eta pertsonaia hori eta hau behar ditut. Hori egin nuenean, ia bi astean bota nuen dena».
Zein izan zen lehen bulkada?
Ez nuen sakabanaketari buruzko liburu bat nahi, baina testuinguru on bat eta bidaiaren egitura ere ematen zizkidan, hasiera bat eta bukaera bat. Klaseaz, arrazaz eta generoaz hitz egin nahi nuen —ezer berririk ez—, baina gatazka batzuen amaierak dakarren aukera berri batetik. Badago itxiera sentsazio bat liburuan, eta horrek ematen du aukera inguruari bestela begiratzeko. Uste dut jendarte moduan hor gaudela, lehendik hor zeuden indarkeria batzuei begira jartzeko momentuan, eta pertsonaia ere hor jarri nahi nuen.
Laguna espetxean azkenekoz bisitatuko duen intuizioak jartzen dio tenple horretan.
Bai. Ni, egia esan, nahiko eszeptikoa naiz bukaera eta itxierekin. Beti pentsatzen dut bukaerak ere faseak direla, gauzak ez direla erabat ixten. Ate bat ixten den bezala, kank. Itxierak ere prozesuak dira, eta aurrera begiratzea baino errepaso bat egitera daramate. Momentuan, urgentziaz, beste gauza batzuetara zaude.
Edizio lanaren azkenetan, lana eskaini diozun laguna atxilotu zuten. Zer pentsatu halakoetan?
Idazten ari zarenean, badaukazu abstrakzio moduko bat, baina gero errealitateak kolpe bat ematen dizu. Moio-rekin ere [Elkar, 2019] gertatu zitzaidan: beka jaso eta hilabetera Ekai Lersundik bere buruaz beste egin zuen. Historia errepikatu egiten da. Hilabete batzuez ez nuen jakin nola berrartu, eta hemen ere antzeko zerbait izan zen. Hitz egiten ari nintzen itxieraz, atzera begirako errepaso irekiago batez, aurrera begirako beste posizio batez... eta, bat-batean, déjà vu mortal bat. Ahaztutzat geneukana gorputzak nola gogoratzen duen ikusteak susto handia eman zidan. Liburuarekin ere izan nuen duda: «Aurreratzen ari naiz?». Baina ez.
Zenbateraino kontatu dituzu zuk ikusitakoak?
Hori oso lasai bizi dut. Ez da autofikzioa, hori genero propio bat baita, baina ez dut ukatu bidaia hori oso ondo ezagutzen dudanik. Obserbazioak eta sentsazioak baliatu ditut. Sakabanaketagatik bidaiatzean, lehentasuna da iristea, bisita izatea, bueltatzea eta presoari iritsi zarela esatea. Baina nik baneukan sentsazio bat oso intentsuak zirela bidaiak, gauza askoz gehiago zeudela. Parisko irudia niri asko aldatu zitzaidan, esaterako. Euskal Herrian bollera maskulino izatea gutxi gorabehera kontrolatuta daukadan kode bat da, baina, segun ze gorpuzten duzun, etxetik kanpo oso zaila da seguru sentitzea. Parisek eman dezake oso hiri zibilizatu eta kosmopolita, baina nik adibidez flipatu egin nuen han jasotako biolentziarekin.
Eta kartzela bera.
Bai, gogoa neukan kontatzeko han sartzea zer den, kanpotik datorrena ere nola bezatzen den, nola gogorarazten zaion hor dagoen jendea ez dela herritar oso.
Protagonista bereziki boterekeriaz jarduten duen norbait izan gabe ere, agerian gelditzen da maiz egote hutsak sor dezakeen indarkeria giroa.
Uste dut hori izan daitekeela muina. Kontraesan bizien eta ez-teorikoen gaineko liburu bat nahi nuen. Ze nik mahai honetan esan dezaket ez dela gauza bera emakumea eta beltza izatea edo emakumea eta burgesa, baina horrek zer esan nahi du praktikan? Txiletarrak asko erabili ditut horretarako; konfrontatiboak dira konfrontatu gabe. Ez die inoiz esango ezer, baina haien errealitate hutsak konturarazten du protagonista zein den bere lekua.
Hiru lagun 40 metro koadroko pisu konpartituan, legez kanpoko lanak, eraso transfoboak…
Guk esaten dugu sakabanaketa dela galera bat eta neke handia, baina, izan babesagatik edo norberaren kapital ekonomikoagatik, egin ditzakegu dirutza horiek kostatzen duten bidaiak. Protagonistak har dezake AHTa Parisera, eta agian har ditzake hiru egun libre ere. Txiletarrek, ez.
Beste kontraesan bat: islamofobiaren aurrean «berea ez den gerra bat» ikusten du pertsonaiak.
Edozein pertsona progrek esango du islamofobiaren kontra dagoela, baina gero egoera batzuetan zein da erreakzioa? Beldurra. Eta hori da arrazionalizatzen zailena. Esango dugu ezin dela inor itxuragatik kontrol batean gelditu, baina, gertatzen denean, sentitzen dugu hori ez dela gure gerra, egunerokoan ez direlako gure parte. Hala marraztu behar nuen pertsonaia. Nagusikeria moralik gabe, bai findu nahi nuen zapalkuntzen mekanismoa; hor sartzen dira distantzia eta beldurra.
Fleuryra doa, hain justu, protagonista, erradikalizazio islamiarraz akusatutako preso gehien duen Europako espetxera.
Zergatik ez dugu sekulako mesfidantza horrekin? Ezin dugu konparatu gure nazio-askapen borroka jihadismoarekin, argi dago, baina esaten ari gara milaka eta milaka arabiar izendun daudela kartzelak betetzen, eta sinesten dugu horiek denak lotuta daudela erradikalizazio islamiarrarekin? Guri egin digute hori, eta zergatik ez daukagu susmo bat? Muturren aurrean dugu, eta badirudi ez doala gurekin.
Azpimarra bat: «Errazagoa da arriskua eta zapalkuntza bazterrean ikustea, bizi dugun erdigunea zalantzan jartzea baino».
Bizi dugun erdigunea izan daiteke hiri batean pote batzuk hartzeko arazorik ez izatea, esparru klase ertaineko batean, hiritartasunez betean. Hor badirudi ez dagoela arrazakeriarik, klasismorik, LGTBIfobiarik. Aldiz, joaten bazara periferiara, hor dago biolentzia... hori gezurra da. Bazterretara begiratzea oso inportantea da, baina gure erdigunea zalantzan jartzea ere bai. Transexualitatearekin oso argi geratzen da: atseginagoak izan behar dugu trans pertsonekin. Eta agian gure genero erosotasuna zalantzan jarri, ez? Arauak betetzen ez badituzu, kalea biolentoa da. Parisen, Donostian. Horregatik jarri behar da auzitan kalea, ez bakarrik bazterreko auzoan gertatzen dena. Nik beti esaten dut pentsatzeko zer izan behar duen kaletik joateak eta jendeak zuri egunero begiratzeak; begirada konstante bat izatea. Ez baldin bazaizu pasatzen, arauaren parte zara, eta, beraz, arazoaren parte, eta hori oso zaila da onartzen.
Lagun txiletarrekin duen elkartasun eta konplizitatetik, haien bizitzan «klase eta arraza turismoa» egiten duela sentitzera igarotzen da protagonista.
Bai. LGTBI komunitatearen edo genero disidentzien testuinguruan elkar ezagutu, eta horrek lotu izan ditu, baina ohartu dira bizi abiapuntu eta praktika oso ezberdinak dituztela. Haiek, txiletar arrazializatu moduan, zuriak kritikatzen ari dira nolabait, eta, berari ezer esaten ez badiote ere, interpelatua sentitu eta inseguru sentitzen hasten da. Paranoiatzen eta erdi biktimizatzenhasten da—hori gizonek asko egiten dute: «zer nahi duzue egitea gizona banaiz?»—, eta erabakitzen du aldentzea, ez dakielako nola aurre egin, non kokatu. Hor hausten da harremana. Uste dut nahiko ohikoa dela hori, ez dakigulako nola jokatu gure pribilegioekin.
Eraldaketa espazioetan eta mugimendu feministan bizi dagoen auzia da klasearen eta arrazaren ardatzena. Nola eragin du eztabaidak liburua ontzerakoan?
Mugimendu feministan aurretik ere egon dira klase eta arraza debateak; agian orain ematen ari gara merezi duten zentralitate bat, saiatzen behintzat. Baina ni Kattalin naiz, zuria, bollera, militante feminista. Baditut hainbat leku gizarte honetan. Ez dut pertsona immigrante baten ahotsetik hitz egingo. Ez dut esan nahi hala egin behar ez denik, baina niri ez zait interesatzen. Nik neure burua jarri nahi dudan palestran, eta, pertsonaia ni izan gabe ere, leku horretan inkomodatu nahi dut bai irakurlea eta bai pertsonaia.
Euskal gatazkak ere badu pisua liburuan. Narratzaileak aitortzen du galdetuko liokeela erabakiaz lagunari, erabaki bat izan ote zen benetan, merezi izan zuela uste duen. Ez da ausartzen.
Sakabanaketaren bidaiak joko handia ematen zidan, baina ez nuen nahi sartu gatazka politiko armatuaz ezer handirik esatera. Ez ezergatik. Gaztea naizelako, uste dudalako pausatzen utzi behar direla gauzak eta oso-oso lengoaia gutxi daukagulako leku ez-polarizatu edo ez-interesatu batetik honetaz aritzeko. Oso zaila zait hitz egitea gatazka politiko armatuaz garbi lerratu gabe nonbait. Galdera batzuk uzten saiatu naiz, zilegi direnak eta batez ere gure belaunaldiak pentsatu ditzakeenak. Zergatik ez hasi galdetzen; ez auzitan jartzen, galdetzen. Uste dut lengoaia aldatzeko pauso bat dela.
Eszena bat: Bilboko Aste Nagusian, komun bateko Gora ETA pintaketa Gora TETA bihurtzen dute bik; preso dagoen laguna kontu eske hasten zaie.
Erakusten du beste belaunaldi batzuek kritikoki begiratu diogula hortik ere borroka armatuari, beste esparru batzuei bezala. Zor bat daukagu hor, baina oso zaila da horretaz aritzea auzitan jarri gabe ETAren ibilbidea edo gutxietsi gabe ETAn emakumeek izan duten lekua. Gatazka politiko armatuari ikuspuntu feministatik begiratzeak irakurketa aberasten du. Hala ere, pintzekin hurbiltzen gara oraindik gai honetara.
Beste gai bat ere bada oraindik ukitzeko: non dauden ETAko gizon homosexualak. Zergatik dauden borroka iraultzaile klasikoetan maskulinitate hegemonikotik urrun dauden hain figura gutxi, nahiz eta egon badauden. Egin nuen ekartzeko saiakera bat.
Egon daiteke neke bat gatazkaren kontakizunaren inguruan, baina bada oraindik zer kontatua.
Nekea badago, bai. Belaunaldi batzuek handiagoa izango dute, beste batzuek horri eutsita bizitzeko beharra izango dute, eta gu baino gazteagoek agian gehiago jaso dute herentzian nekea, gatazka bera baino. Nik uste dut deskantsatu dugula, eta hasi behar dugula berriz pentsatzen. Baina errelatoen gerra horretan ertz gehiago daude, bai, eta hor egongo da interesgarriena; belaunaldi berriak honetara gerturatzeko arrazoietako bat. Irabazle-galtzaile-tik harago pentsatzeko dauden galdera horietan.
Hirugarren liburua duzu hau, bigarren eleberria. Nola bizi duzu letren plaza hori?
Urte arraro honetan asko pentsatu dut horretaz. Oso lasai nago, agian lasaiegi. Estrategia bat ere bada zeure burua ez idazletzat hartzea, presioa kentzeko, baina, aldi berean, oso barneko zerbait da ez inporta izatea gehiegi. Literatura nire bizitzako gero eta parte handiago bat da; literatur taldeak ere gidatzen ditut, eta izugarri disfrutatzen dut. Badakit kontatu nahi dudala ere, sentitzen dut beharra.
Euskal literaturari ere oso begirada periferikotik begiratu izan diodala uste dut. Asko gustatzen zait, disfrutatzen dut beste idazleekin, irakurleekin, Durangon... baina beti sentitu dudalako festa hori ez dela berez-berez nirea, eta ni naizela gonbidatu dibertigarri eta ez puru-purua.
Beste posizio batzuk errazago legitimatzen dira?
Bai, agian. Badirudi eduki behar dela pasio handia hizkuntzagatik ere, eta ni beste zerbait naiz. Ez diet errespetu handirik forma klasikoei, labur idazten dut... Niretzat literatura da tresna bat esan nahi dudan hori beste modu batean esateko. Eta argi daukat lan hau egingo dudala gozagarria den bitartean. Pop literatura dela? Errazegia dela? Feministegia dela? Fenomeno. Liburu honekin are argiago ikusi dut hori.
Kattalin Miner. Idazlea
«Kalea jarri behar da auzitan, ez soilik bazterreko auzoa»
Lagun presoa bisitatzera azkenekoz doalakoan protagonistak ordura arte bidaia horietan bazter utzitako bizipenak jarri ditu argitan Minerrek 'Turista klasea' bere bigarren eleberrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu