Kale-argiak, beren lekuaren bila

Itu Banda osatu eta literatur aldizkari bat argitaratzeari ekin diote hiru idazle gazte anonimok

Itu Bandako hiru kideek beren burua aurkezteko igorritako argazkia. ITU BANDA.
Juan Luis Zabala
2013ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
«Lubaki, Zantzoa, Vladimir eta beste asko eta asko gu hasi garen bezala hasi ziren», diote Itu Banda osatzen duten hiru kide anonimoek, BERRIAk egindako galderei erantzunez —«A.o. (Atxaga ondorengo) 62.eko agorrila» dataz «Nonon (Ginebrako izotz menditan)» sinaturik— idatzitako testuan. «Horrek ematen digu lasaitasun apur bat, baina baita presioa edo beldurra ere. Momentu honetan, ezberdintasuna da gu gaudela lehen Lubaki osatzen zutenen lekuan eta beraiek garaiko idazle ikono edo errekonozituen zerrendan (batzuk behintzat)». Lubaki, Zantzoa, Vladimir eta gisako taldeek bezala, ITU Bandakoek aldizkari bat sortu eta kaleratu dute. Paperean ez ezik, sarean ere irakurgai dago, ituliteratura. wordpress.com helbidean.

«Beharrak» eraman ditu kideak aldizkaria sortzera. «Literatura nahiko ezezaguna da, batez ere geure adinean; eta aski jakina da ezezagutzak beldurra eta indiferentzia dakarrela. Beraz, (agian, itu bat jartzekotan) beldur hori galarazi asmoz edo sortu dugu taldea. Literatura normalizatu edo gizarteratu asmoz, eta hala ere, badakigu ez dela egiteko erraza. Saiatzearekin ez da ezer galdu inoiz, ordea».

Itu aldizkariaren bigarren zenbakia «irailean izango da irakusgai», eta aurrerantzean bi hilabetez behin zenbaki bat plazaratzeko asmoa dute. «Baina maiztasunak baina gehiago, maitasunak du geuretzat garrantzi handiagoa, gauzak ondo eta gustura egiteak. Azken finean, gu ere literaturari beldurra galtzeko prozesuan murgildurik gabiltza».

Eki tabernako kale-argiak

«Hiru izanik, bat bezala aurkeztuko gara: ITU banda», diote bandako kideek, beren buruaren berri emateko. «Hiru izanik, kale bereko kale-argi, belaunaldi beraren belaunikatuetarik hiru, amesten dugu. Gure guraso izan zintezketen. Nongoak garen? Lapurtarrak, Xiberutarrak eta Baxenafarrak iparraldekoak badira, geu hego Euskal Herrikoak. Ezkerraldeko langile mugimenduaren lur txatal hesituarengandik apur bat harago, edo honantzagokoak. Nafarrak odolez eta abizenez. Hara, ba ez gara hangoak. Kresal usaineko mendiak soilik dira gure bizileku. Baina leku bat esatearren, Eki tabernakoak gara. Bertan sortu baikara bat bezala».

Hogei urtera iritsi gabeak dira Ituko kideak, baina ez dute geroko utzi nahi beren belaunaldiari literaturaren munduan dagokion lekuaren bilaketa. «Ditxosozko urte horren [1985az ari dira, Beñat Sarasolaren artikulu bat gogoratuz] ondorengo idazleon ostruka-jarrera eta zaharragoen indiferentzia da arazoa. Alegia, idazleak bagara, baina gure lekua nahi dugu zahartzen ari den gizarte honetan eta horretan ari gara. Geureganatu dezagun».

Kontziente dira beren leku horren bilaketan aurkituko duten oztopo nagusia ez dela izango euskal literaturako aurreko belaunaldiek bidea ixten dietela, euskal literaturaren biderik eza baizik. «Letrei bideak ixten zaizkie, bai gazteei baina baita zaharrei ere, eta zer esanik ez euskarazkoei», diote. «Horrek ez gaitu oso leku onean jartzen. Gazteak gara, inork ez daki nor garen, euskaraz idazten dugu. Baina batez ere, idatzi egiten dugu: literatura, poesia eta narratiba, antzerkia, fikzioa...». Argi dute egoera zaila dela jakiteak ez dituela etsipenera eramango. «Honek guztiak, gure egoerak, dakar geure bideak egitea eta lantzea, kontzeptuak asmatzea, berritzea, forma berriak aurkitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.