Ondo gogoan du Asier Gozategik 80eko hamarkadaren hasieran trikitiak zer leku zuen euskal musikan. Edozein tokitara zigortzen zuten. «Gaizki ikusia zegoen; baserritarren edo zaharren musikatzat hartzen zuten askok. Ez zen onartua, eta bigarren mailakoa zen. 1995-96ko urteetako booma gertatu arte». Gozategi eztanda horren eragile nagusietako bat izan zen, eta taldearen kantuetako askok eta askokgaur egun ere belaunaldi askoren memorian iltzatuta segitzen dute. Horietako batzuk, hamahiru hain zuzen ere, berriro grabatu eta All Stars 1992-2012 diskoan (Elkar) jaso ditu, taldeak errepidean hogei urte daramatzala ospatzeko.
Denborak egindakoaz jabetzeko aukera eman dio Asier Gozategiri. Perspektiba finean. 1995ean kaleratu zuten Asierrek, haren arreba Ainhoak eta Iñigo Goikoetxeak Gozategiren lehenengo diskoa, eta berehala hasi ziren haien kantuak irratietan, plazetan eta tabernetan entzuten. Aurretik grabatutako maketak ere oihartzun handia izan zuen —han zegoenManolo Escobarrek ezagutzera emandako kantuaren bertsioa: Nor-nori-nork—, baina lehenengo disko hartan ondutako uztarketak publiko zabalago batera eraman zuen trikitia. Izan ere, arin-arin, fandango eta porrusaldekin, pop-rockerako joera ere erakusten zuen diskoak, batik bat ekoizpenari dagokionez. Bat-batean, urte batzuk lehenago erromeriatan ibiltzen ziren haien musika irrati-formuletara ere iritsi zen. «Orduan ez ginen kontziente», aitortu du Asier Gozategik. «Baina gero konturatzen zara zenbat gauza egin ditugun. Toki guztietan jo dugu. Euskal Herrian, Galizian, Katalunian, Finlandian, Belgikan, Argentinan, Uruguain... eta oraindik ere entzuten dira kantuak».
Klasikoak, berriro grabatuak
Hogei urte hauetan sei disko grabatu ditu Gozategik, kantu ezagun ugariren biltoki izan direnak. Oraingoan, baina, berriro grabatu dituzte horietako batzuk: Egunon, Kalanbreak, Nirekin, Korrika... Goikoetxeak dioenez, zuzenean aritzean sentitutakoak eraman du taldea berriro estudiora. «Kontzertuetako esperientzia» jaso nahi zuten diskoan; izan ere, azkenaldian taldean ari direnek grabatu dituzte kantu guztiak berriro. Ainhoa pandero jotzaile eta abeslariak 2006an utzi zuen taldea, baina grabazioan parte hartu du.
Kantu hautaketarekin, berriz, Gozategiren izpiritua jaso nahi izan dute diskoan, Goikoetxeak dioenez. «Disko guztietako kantuak daude, single izan zirenak edota oihartzun berezia izan zutenak. Eta estilo guztietakoak». Diskoa Mikel Irazokik ekoitzi du.
Anjel Valdes Elkarreko editoreak ondo oroitzen ditu Gozategiren lehenengo urrats haiek, bereak ere izan baitziren disketxean. «Ordura arte katalogo gogorrekin egin nuen lan [Esan Ozenkin], eta harrigarria egin zitzaidan halako bitxi bat aurkitzea. Oso berezia izan zen niretzat». Taldearen lehenengo maketa jaso zuenean zerbait «freskoa, ezberdina» aurkitu zuen, eta, orduz geroztik, taldeak bere bidea egin duela eta kantu ugari utzi dituela uste du: «Adinik ez duten kantuak baitira. Taldea eraberritu egin da, baina izpiritua gordeta. Eta kantuak bizirik daude». Horren erakusle da,Valdesen iritziz, hogei urte hauetan hainbat belaunalditara iritsi direla kantu horiek beraiek.
Segitzen dute kantu berriak egiten, proiektuak lantzen, baina orain zuzenean aritzeko gogoz dira, krisiak krisi, segitzen dutelako jarraitzaile andana izaten. «Horrek indarra ematen digu. Orain dela gutxi Gernikan goizaldeko ordubietan jotzeak eta plaza betea egoteak», dio Gozategik. Aurtitzen (Nafarroa), joko dute larunbatean.
Kalanbreak oraindik dirau
Hogei urteko ibilbidean eginiko kantu esanguratsuenak berriro grabatu ditu Gozategi taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu