'Kaka' proiektuak irabazi du AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktoreen antzezpenek ardaztutako «komedia ganberro probokatzailea» da ikuskizuna, eta batik bat tabuei buruz ariko dira. 24. Korrika Kulturalean taularatuko dute.

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolak irabazi dute AEK Korrika kultur sorkuntzarako beka
Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola 'Kaka' proiektuaren sortzaileak, gaur goizean, Bilbon. ASIER ARROITA / AEK
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko maiatzaren 30a
15:22
Entzun

Publikoarengan indiferentziarik eragin nahiko ez duen ikuskizuna izanen da Kaka. Komedia bat, «ganberroa» izanen dena eta, oro bat, «probokatzailea». Eta, osagai horiek guztiak izateko, baduena dagoeneko bultzada bat: AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka irabazi du Kaka proiektuak. AEK-k eta Korrikak bigarrenez antolatu dute euskarazko ekoizpenak babestu asmo duen beka, eta hari ematea erabaki du Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatutako epaimahaiak. Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktoreek aurkeztu dute proiektua.

Proiektuko kideek eta Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiak iradoki dute artean ezin dutela eman Kaka-ri buruzko pista askorik, baina gaur Bilbon eginiko agerraldian nabarmendu dute obran tabuei buruz arituko direla batik bat. Edonola ere, ikuskizunaren abiapuntua zein den argitu dute Agirrezabalak eta Olaizolak: «Euskal kulturaren oholtza» delakoaren gainean, kaka mokordo bat. Eta eszena horretatik abiatuta arituko dira aktoreak taula gainean, jostalari. Zehaztu dutenez, hainbat pertsonaia baino gehiago antzeztuko dituzte biek. Gainera, iragarri dute beste diziplina batzuetan aritzen diren beste artista batzuek ere hartuko dutela parte.

Ikusteko dago, beraz, zein den Kaka-k oholtzaratuko duen ideia, hausnarketa eta jolas sorta. Hori bai: Elordik esplikatu du hizkuntzaren erabilerari loturiko arrazoiengatik ere erdietsi duela proiektuak saria, eta lanaren beste alderdi hauek ere azpimarratu ditu: «Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia, eta moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik».

Elordik gogora ekarri du obra ondu gabe dagoela oraindik ere, hain zuzen ere, horretarako babesa emanen baitio bekak, eta, hain justu, nabarmendu du «sortu gabeko zerbait» izatea ere badela proiektuarentzako abantaila bat. Aurrerantzean dutelako bideak esploratzeko parada. 2025eko udazkenera bitarte izanen dute horretarako astia, 24. Korrika Kulturalean taularatuko baitute: 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean, zenbait emanalditan. Zehazki, sortzaileei 23.000 euro emanen zaizkie bekaren bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.