Kaieretan bilduak zirenak

Marikita Tambourinek lehen olerki bilduma argitaratu du. 1965etik gaur arte idatzitako aleak dira

Marikita Tambourin, Olerki bilduma / Une vie de poemes liburuaren aurkezpenean. N.ARBELBIDE LETE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bizi guzian idatzi olerkiak ditu bildu Olerki bilduma / Une vie de poeme liburuan Marikita Tambourinek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1946). Maiatzekin. Zazpigarren argitalpena du hau idazleak, eta lehen olerki liburua. Orain arte saikera eta eleberriak argitaratu ditu. 1960ko hamarkadatik gaur egun arte kaieretan atxiki poemak ditu hemen, bi aldeetako liburuan jarriak. Alde batean euskarazkoak eta bestean erdarazkoak. 147 olerki dira frantsesez. Euskaraz, 195. Frantsesez idatzi olerkiak ez dira euskarazkoen itzulpenak. Ez eta alderantziz. Poema batzuk Maiatz aldizkarian baita Hatsaren Poesia olerki bilduman argitaratuak izan ditu, Mari Ameztoi izenpean. Gehienak, baina, ezezagunak dira. Batzuk hark berak egin marrazkiz lagunduak dira; besteak, Nicole Hennebutten ilustrazioekin.

Olerkien nondik norakoa azaltzeko orduan, Ruan Rulfo idazle mexikarrak aipatu amildegia egiten du bere Tambourinek: «Leize bazterrean naizelako idazten dut». Liburua ireki eta irakurtzen hasi, eta leize horren adierazle izan daitezke Triple A eta GALen garaietan idatzi olerkiak. Poemen bukaeran zehaztu garaiak ditu hauek. Baigorrin bizi zen orduan Tambourin. «Bizi izan ditut hamar bat urte beldur. Baina beldur izugarria». Senarra duen Jose Manuel Pagoaga Peixoto tirokatu eta larri zauritu zuten Donibane Lohizunen, Lapurdin, 1979an. «Bizi izan gara mehatxupean. Eta hori da gauza bat ez dena batere aipatzen. Ez garai haietan, ez geroztik, ez orain. Nehork ez du gure memoriaren beharrik. Nehork ez du galdegiten zer bizi izan dugun». Bizkitartean, «sekula ezer gertatu» ez balitz bezala egiten delako oraino penatzen dela Tambourin. Agian, ahanzte horren aurkako lekuko bat ere badira olerki horiek. Besteak beste, GALek hil zuen Rafael Goikoetxeari eskainia eta 1984an idatzia: «Arratsaldeko bostetan/ Arrosako Errekan/ Zure begi urdinetan/ Beldurraren lainoa/ Zure aho gorrian/ Garrasi isila/ Gorputz gaztea/ Odola dariola/ Tiroz eraila/ Lantegitik ateratzean/ Arrosako Errekan/ Arratsaldeko bostetan»

Geroztik denbora pasatu bada ere, oraino zaila zaiola aitortzen du Tambourinek: «Neretzat izugarri gogorra izan da olerki batzuk berriz ordenagailuan ezartzea». Ezagun du. Negar egiteko gogoa agertzen zaio gaia aipatu orduko. «Ikusteko norainoko traumatismoak jasan ditugun hemen batzuek. Eta hori ez da batere jakina. Geroztik, zernahi gauza bada biktimentzat omen. Eta ez gara nehoiz biktimatzat hartuak izan. Ez da sekula auzirik izan. Ez da sekula hobendunik harrapaturik izan. Ez da sekula konpentsaziorik izan. Ez damu domaiarik, ez eta aipamenik. Ez dugu sekula psikologoen laguntzarik izan. Ez nik, ez senarrak, ez haurrek. Eta gu bezala beste milaka jendek».

Bi hizkuntzen artean

1969koak ditu euskarazko lehen poemak. Lau urte lehenago hasi zen, aldiz, frantsesezko poemak idazten. Izan ere, Baigorrin sortua izanik, euskara izan zuen lehen mintzaira Tambourinek. Baina 5 urterekin Angelura (Lapurdi) joan zelarik bizitzera, «euskalduna ez zen mundu» berri bat ezagutu zuen hor, eskola frantsesean sarturik, euskara «arrunt uzteraino».

Bere euskalduntasunaz bigarren mailako errusiar irakasleari esker zen berriz jabetu. Hark zion ohartarazi euskaldun izatea «gauza eder bat» zela. Ikasturteko lehen egunean euskaldunik ba ote zen galdetu zien ikasleei. «Eta bistan da gure lizeoan sekulan irakasle batek ez zigula horrelakorik galdegin. Ez zen nehor gure euskalduntasunari interesatu. Ordu arte arrunt mespretxatuak eta baztertuak ginen»,

Bakarrik alfabetizatu zen euskaraz eta, pixka bat trebatzen hasi zenean —1969 urtean—, euskal olerkigintza berria hasi zen. Haien berri izan zuen Tambourinek. Joxan Artzeren Isturitzetik Tolosan barru, Amaia Lasaren Nere Paradisuetan eta Daniel Landarten eta beste hainbaten lanak irakurri zituen.

Hori bai, irakurtzen ikasi orduko izan da liburuzalea. Baionara joaten zelarik amarekin ez omen zion bakerik ematen liburu bat erosi arte. Aitaren ustez, gehiegi irakurtzen zuen. Gurasoak ez zitezen ohartu, gauez hasi zen irakurtzen, gordeka. «Manta azpian sartuta, lanpara elektriko batekin, gurasoak etzanak zirenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.