Literatura

Kaier bana Raymond Carverren eta May Ayimen poesiarentzat

Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumako 35. eta 36. zenbakiak kalean dira. Harkaitz Canok Carver itzuli du, eta Garazi Ugaldek, Ayim. Itzultzen nekezak eta irakurtzen errazak direla aipatu dute biek.

Garazi Ugalde eta Harkaitz Cano, Donostian, Munduko Poesia Kaierak bildumaren zenbaki berrien aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko azaroaren 11
20:46
Entzun

«Irakurleari eskatzen diotena baino gehiago ematen diote bi poema bilduma hauek, bakoitzak bere erara. Ez dira bereziki konplikatuak irakurtzeko, kontrakoa baizik: poesia irakurtzen ez dutenentzako sarbide aproposa dira, arrazoi diferenteengatik bada ere. Itzultzen zailagoak dira irakurtzen baino», esan zuen atzo Harkaitz Canok, Susaren MPK Munduko Poesia Kaierak bildumaren 35. eta 36. zenbakien aurkezpenean. May Ayim afro-alemaniarrari (1960-1996) eskainia da lehena, Garazi Ugaldek itzulia; Raymond Carver estatubatuarrari (1938-1988) eskainia bestea, eta Canok berak itzuli ditu horren aleak.

Ugalde bat etorri da Canorekin bi kaieren antzekotasun horretan, baina ez du ahaztu nahi izan May Ayim ezezaguna dela: «Hura ez dago lehen lerroan XX. mendeko Europako idazleen artean. Bazterreko ahots bat dela esan genezake». Gogoeta bertsua egin du MPKren koordinatzaile Beñat Sarasolak ere, alemanetik orain artean poeta «oso-oso kanonikoak» itzuli dituztela aipatuz: «Ayimen ale honek kanonaren joskuretara eramaten gaitu».

Poeta afro-alemaniarra, pedagogoa eta aktibista politikoa izan zen Ayim. Hanburgon jaio zen; ama alemaniar zuria zuen, eta aita, ghanatar beltza. Umezurztegi batean egon zen, Westfaliako familia batek adoptatu zuen arte. Hala bihurtu zen opitztarra. «Zuri hezi nahi izan zuten; bistan da ez zutela lortu», Ugalderen esanetan. Bere sustraien bilaketa bat abiatu ostean, May Opitz zena May Ayim bihurtu zen, aita biologikoaren abizena berreskuratuta. Gaztetan hasi zen emakume mugimenduan, arrazakeriaren kontrako borrokan, eta, 1984tik, Mendebaldeko Berlinen bizi izan zen: kultura, mugimendu eta jatorri askotako jendea batzen ziren hirian. Hura izan zuen testuingurua eta idazgaia; hura izan zuen jendaurrean errezitatu eta hitzaldiak emateko plaza; hura izan zen Audre Lorde ezagutu zuen tokia. Eta Lorde garrantzitsua da Ayim kokatzeko, Ugalderen iritziz, Alemaniako beltzen mugimendua sustatu zutenetako bat izan zelako: «Lordek animatu zituen afrikar jatorriko alemanak antolatzera eta beren burua izendatzera». Horrela sortu zuten Aleman Beltzen Ekimena mugimendua, eta baita afro-alemaniar neologismoa ere, beren burua izendatzeko eta komunitate gisa agertzeko.

Hor zen May Ayim. Eta emakume beltzen testigantzak biltzen zituen liburu bat argitaratu zutenean, han argitaratu zituen lehen aldiz bere poemak. 1995ean plazaratu zuen lehen poema liburua: Zuri-beltzeko bluesa. Bizi bitarteko bakarra izan zuen: bere buruaz beste egin zuen 1996an, eta 1997an argitaratu zioten Gau kanta.

Ayimen obra osoa bilduz 2013an argitaratu zuten liburua erabili du Ugaldek MPK-ko alea ontzeko. 39 poema itzuli ditu: laburrak batzuk, luzexeagoak besteak. «Idatzi zituen saiakeretan eta poemetan, bere garaiko gizartean ezkutuan zeuden zapalkuntza eta arrazakeria salatzen saiatu zen».

Heriotzarenak

May Ayim 36 urterekin hil zen; Raymond Carver, 50ekin. Bere buruaz beste egin zuen lehenak; biriketako minbiziak jota eta buruan tumore bat zuela zendu zen bestea. «1981etik 1985era egin zuen ekoizpen nagusia Carverrek, eta handik gutxira gaixotu zen. Asko pentsatu eta idatzi zuen medikuen eta heriotzaren inguruan», Canoren aburuz. Horren erakusle da MPKrako apailatu duen bilduma. Beste gauza askorena ere bai, baina. Miresten duen ipuingilearen trazak aurkitu ditu itzuli dizkion poemetan ere: «Batzuetan, Carverren poesia zaila da bereizten Carverren ipuingintzatik. Tematika aldetik bertsua da». Familia gatazkak, bikoteen arteko sestrak, alkoholismoa... Denak ageri dira poemetan ere. «Ni gehien harritu nautenak, baina, bere bizitzako azken urteetan idatzi zituenak izan dira», alkohol tantarik edan gabeko urteetan sortutakoak. «1983tik 1985era bitartean, 200dik gora poema idatzi zituen, eta guztira argitaratu zituen sei liburuetatik hiruzpalau, apreziatuenak, azken garaikoak dira. 1980ko hamarkadako obra du onena».

Canok 49 poema itzuli dizkio orain. Lehen pertsonan daude idatzita; eguneroko baten edo bidaia kaier bateko pasarteen itxurakoak batzuk. «Nagikeriaren poesia ere badago, bizitza kontenplatiboaren aldarria, ezer ez egitearen poza». Erraz irakurtzeko moduan beti, narratibatik oso gertu: «Ayimek bezala, oso hizkuntza kalekoa erabiltzen zuen Carverrek ere. Gero, Ayimen erritmo liriko txinpartatsu hori gabe, narraziora jo zuen batez ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.