Musika

Kaia Kater, eraldaketaren bidean

Banjo jotzaile eta abeslari quebectarrak bide ugari hartzen dituen disko bat kaleratu berri du: ‘Strange Medicine’. Kezka pertsonal eta kolektiboak azaleratu ditu lanean.

Kaia Katerren laugarren diskoa da 'Strange Medicine'. BERRIA
Kaia Katerren laugarren diskoa da 'Strange Medicine'. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko ekainaren 2a
05:30
Entzun

Begirada pertsonala eta kolektiboa, barrura eta kanpora so dagoena, biltzen dira Kaia Kater musikari quebectarraren lanean (Montreal, 1993). Strange Medicine bere laugarren eta azken diskoan, gainera, urteetan erraietan gordeta eduki dituen sentimenduak azaleratu nahi izan ditu. «Niretzat, mugarria izan da kolonialismoari, sexismoari, arrazakeriari eta misoginiari buruz ditudan iritzi gordinenak argitzea. Eta saiatu naiz orain arte izoztuta eduki ditudan emozio batzuk askatzen, hala nola hira eta mendekua».

11 urte zituela, biolontxeloa utzi zuen Katerrek, eta haren ordez banjoa hartu. Orduz geroztik, bidea egin du bere herrialdeko folk zirkuituetan, eta handik kanpo ere ezagutarazi du bere burua. Strange Medicine diskoa entzuten duenak, ordea, folk etiketa oso atzean uzten duen lan bat aurkituko du, hartan badirelako banjoan oinarritutako kantu biluziak, baina baita soul-pop ukituak, jazz moldeak eta psikodeliaren trazak ere. Eta dena biltzen duen ahots leun eta ñabarduraz betea ere bai. Ez alferrik, Katerrek Erykah Badu, Lauryn Hill eta Nina Simone aipatu ditu inspirazio iturri gisa.

Eta ahots horrek badu zer esan. Ama quebectarra eta aita grenadarra ditu Katerrek, eta, hain zuzen, bere azken-aurreko diskoan (Grenades, 2018), bere historia pertsonalean arakatu zuen musikariak. Aitaren jaioterrira bidaiatu zuen, eta han jaso eta bizi izandakoarekin, identitatea eta memoria ardatz dituen disko bat osatu zuen. 

Strange Medicine-n, berriz, gaien paleta ireki du Katerrek, baina herrialde horren historiari begiratzen dio oraindik, tarteka bada ere. Adibidez, Fedon-en, Julien Fedon aktibista ekarri du gogora, zeina 1795ean britainiarren aurka altxatu baitzen Grenadan. Taj Mahal blues musikariaren ahotsak lagundu dio pieza horretan.

Baina, oraingoan, musikari quebectarrak beste kezka batzuk ere izan ditu diskoko kantuak idazteko orduan. Adibidez, The Witch-en, XVII. mendean sutan erre zituzten emakumeen erreferentzia baliatzen du maitale ohi bati idatzitako gutuna ere izan daitekeena osatzeko. Flautak eta Aoife O’Donovan kantari estatubatuarraren ahotsak janzten dute pieza hori; soulera eta bossa novara arrimatzen da, eta erakusten du Katerrek aurrerapauso nabarmena eman duela musikalki ere. 

Banjoaren presentzia

Banjoa bere tresna bada ere, azken urteetan beste instrumentu batzuekin «esperimentatzen» aritu da Kater, eta arakatze lan horren erakusgarri da, hein handi batean, Strange Medicine. Musikariak aitortu du noizbait pentsatu izan duela bere tresna betirako baztertzea ere. «Uste dut nire erroetatik urrundu nahi nuela. Baina gero ohartu nintzen ez zuela zertan hala izan: banuela aurrera egitea nireari uko egin gabe, gai naizela musikalki eraldatzeko». 

Hain zuzen, harizko tresna tradizional horrek presentzia nabarmena du haren disko berrian, nahiz eta erabiltzeko modua ez den ohikoena. Adibidez, Maker Taker-en, modu minimalistan jotzen du, errepikapenaren teknika baliatuta, beste hainbat tresnak bere ahotsa babesten duten bitartean. In Montreal-en ere, bide beretik jotzen du, biolin karrankari batek banjoari nolabaiteko erantzuna ematen dionean.

Diskoak, baina, 1970eko hamarkadan Joni Mitchellek jorratzen zituen bideen oihartzunak ere badakartza (Floodlights), eta baditu banjoaren laguntza hutsarekin landutako folk pieza biluziak ere (History in Motion). Bide ezberdinetatik bada ere, Katerrek diskurtso pertsonal bat eraiki duela adierazten dute kantu guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.