Beldurra festa giroarekin nahasten da urtean behin Donostian. Bueltan da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta aurtengoa 35. aldia izango du. Bihar hasiko dira proiekzioak, eta azaroaren 1era arte iraungo du programazioak. Nacho Vigalondo zuzendariaren Daniela Forever filmak irekiko du egitaraua bihar. Bilboko Sayaka ekoizpen etxearekin filmatu du lana Vigalondok. Galder Gaztelu-Urrutia zinemagilearen Rich Flu izango da, bestetik, jaialdian emango duten bigarren euskal ekoizpena, etzi, eta azaroaren 1ean, amaiera moduan, beste euskal ekoizpen bat ere proiektatuko dute: Pablo Hernandoren Una ballena.
31 film luze, 45 labur eta telebistako hiru kapitulu emango dituzte guztira. Eta haietako 23 proiektatuko dituzte Sail Ofizialean, eta hiriko Parte Zaharreko Antzoki Zaharrean emango dituzte. Tartean izango dira hiru euskal ekoizpenak.
Daniela Forever pelikulan, Henry Goldingek eta Beatrice Grannok protagonista rola egiten dute. Amodioa eta hura galtzearen ondorioak azaltzen dira, zientzia eta ametsen mundua nahastuz. Una ballena filmean, Ingrid Garcia-Jonssonek isilpean jarduten duen soldatapeko hiltzaile bat interpretatzen du, eta harekin batera Ramon Barea, Asier Tartas eta Kepa Errasti agertzen dira. Gaztelu-Urrutiaren filmean, berriz, birus bat da protagonista nagusia. Aberatsak infektatzen ditu birusak, eta horrek aldaketa handiak eragiten ditu munduko ekonomian.
Aurreko urteetan izan den moduan, nazioarteko zinemaren erakusleiho handi bat izango da aurten ere Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Esate baterako, Enrique Buleo zuzendari espainiarraren Bodegon con fantasmas pelikula aurtengo ustekabeetako bat izan da adituen ustez, eta urriaren 31n proiektatuko dute Donostian. Buleok Gaztela-Mantxako herri txiki batean girotu du filma, eta herritarren eta bertako mamuen harremanak dira haren haria. Film hori ez ezik, besteak beste, Terrifier 3 (Damien Leone, AEB), Exhuma (Jang Jae-hyun, Hego Korea), Krazy House (Steffen Haars eta Flip van der Kuil, Herbehereak) eta Oddity (Damian McCarthy, Irlanda) lanak ere ikusi ahalko dira Antzoki Zaharrean egunotan.
Japoniako animazioa oinarri duen atal berri bat ere izango du aurten jaialdiak. Animedon deitu dute sail hori. Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko dituzte pelikula horiek. Bertan Gohst Cat Anzu (Nobuhiro Yamashita, Japonia), Give it All (Yūhei Sakuragi, Japonia), The Colors Within (Naoko Yamada, Japonia) eta Doraemon: Nobitaren dinosauro berria (Hiroshi Fukutomi, Japonia) emango dituzte. Baina antzokia ez da soilik Animedon sailerako erabiliko. Gaztea irratiaren eta Primeran plataformaren eskutik, Wreck telesailaren aurrestreinaldia ere egingo dute bertan, urriaren 31n. Bi egun lehenago, euskal film laburren maratoia ere bertan egingo da.
Euskal Itsas Museoa izango da jaialdiaren beste egoitzetako bat. Bertan, nolabait ere hasia da programa, gainera. Inaugurazio ofiziala bihar egingo duten arren, aste hasieratik dabiltza bertan hainbat ekitaldi egiten. Aurreko larunbatean, adibidez, Itsas Museoko ganbaran fanzineei buruzko tailer bat eman zuten. Antolakuntzakoek adierazi dute «arrakastatsua» izan zela, eta «oso pozik» daudela Itsas Museoa berriro ere Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen programazioan edukitzeagatik. Asteazkenean, Santa Clararen matxinada erakusketa ireki zuten, zeinak La rebelión de Santa Clara komikiaren sortze prozesua azaltzen baitu.
Kafkaren eragina
Tabakalerak ere hartuko ditu hainbat ekintza. Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrena ere izango da aurten, eta efemeridea gogoan izango du jaialdiak. Kartelean bertan keinu bat egin diote idazleari, eta, horrez gainera, hari buruzko ikus-entzunekoen sorta bat proiektatuko dituzte Tabakaleran. Larunbatean Michael Hanekek 1997an zuzendutako Das Schloss filma emango dute, esaterako. Kafkak izenburu berberarekin idatzitako eleberrian oinarritutako filma da Hanekerena. Urriaren 31n idazlea ardatz duten film laburren saioa egingo dute.
Literaturak ere izango du bere lekua Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico liburua argitaratu dute Hermenaute argitaletxearekin elkarlanean. Liburua Jonathan Allenek eta Jesus Palaciosek idatzi dute, eta idazleak beldurrezko eta zientzia fikziozko zineman izan duen eragina aztertzen dute bertan.