Arkaitz Basterra. Zinemagilea

«Kafeak ez dira arkitektura soilik, bizitzeko modu bat dira»

Pragako Louvre kafearen historia jaso du, 'Zápisky z Café Louvre' dokumentalean. Euskal Herrian aurkeztu du asteon, Txekian abenduan estreinatu ondotik.

Irune Berro Urrizelki.
2013ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Pragan bizi da Arkaitz Basterra (Zornotza, Bizkaia, 1974), eta han filmatu du bere azken dokumentala: Zápisky z Café Louvre (Louvre kafearen egunerokoak). Abenduan estreinatu zuen Txekiako zinema aretoetan, eta herenegun aurkeztu zuen Zornotza aretoan, oporretan etorri dela profitatuz. Aurki hasiko da filmatzen bere lehen fikziozko lana, Pragan hori ere.

Vojtech Jasnyri buruz egindako Life and Film pelikulak eraman zintuen Louvre kafera. Zerk liluratu zintuen toki hartan?

Leku hark zuen bizitasunak atentzioa eman zidan. Artean, ez nuen lekua ezagutzen, ez nekien zein historia zuen. Kafka eta Einstein ere elkartu ziren bertan. Egunero gosaltzen nuen Louvre kafean, baina Life and Film aurkeztera joan nintzen arte ez nuen erabaki film bat egitea. Orduan, sentitu egin nuen: «Hemen film bat egin behar dut».

Hasieran, fikziozko film bat egitea pentsatu zenuen. Zerk aldarazi zuen zure erabakia?

Fikziozko pelikula bat idaztera joan nintzen, berez, Pragara. Baina horretan ari nintzela, kafeari buruzko datu historiko pila bat aurkitu nituen. Abenduan izan da urteurrena. 1902an ireki zuten lehenengoz, eta hogei urte itxita egon ondoren, 1992an zabaldu zuten berriro.

Fikziozko generoari mugak ikusi zenizkion kafearen historia kontatzeko?

Fikziozko pelikula egiteko idatzi nuen gidoian Louvre kafea da lokalizazio nagusia, baina ez da kafeari buruzko pelikula. Dokumentala guztiz desberdina da. Ez du kontatzen lehengo historia bakarrik, gaur egungoa ere azaltzen da. Eta hori izan da nire helburuetako bat, egungo bizitasuna erakustea. Askotan hitz egiten dugu garai bateko kafeez, hango literatur giroaz... Baina ez nuen nahi dinosauro batez hitz egin. Halako giroa duten lekuak egon daitezkeela erakutsi nahi nuen, guk hala nahi badugu.

Louvre kafearen egunerokoa islatzen saiatu zara. Nolakoa da?

Jendez gainezka dago, goizetik gauera. Adin askotako jendea biltzen da; 16 urteko ikasleak zein 90 urteko agureak. Denak toki berean, gozatzen, esperientziak partekatzen. Pragako eta Txekiako bizitza kulturalaren eta politikoaren erdigunea da. Gobernuko ministroak, mundu artistikoko jendea eta herritarrak topa ditzakezu, egun bakar batean.

Zein istorio gordetzen ditu Louvre kafeak?

Kafka eta Einstein Steinerren hitzaldi batean egon ziren, 1911n. Berraragitzeari buruzkoa zen hitzaldia. Kuriosoa da: Einsteinek esaten zuen ez zuela sinesten berraragitzean, baina Pragan dudak dituzte horren inguruan [kar, kar, kar]. Tomas Masaryk Txekoslovakia sortu zuen gizona ere joaten zen Louvrera.

1948an itxi egin zuten, ordea. Zer pasatu zen?

Komunismoaren garaian izan zen. Burgesiaren sinbolotzat hartu zuten, eta erabaki zuten suntsitzea. Toki horretan bulegoak egin zituzten. Irudikatu nahi izan zuten bizimodu baten amaiera eta beste baten hasiera. 1992an ireki zuten berriro.

Baina ez Louvre izenarekin. Zergatik?

Udalean ere ez zekiten toki hartan Louvre izeneko kafe bat izan zenik. Garai bateko bezeroek eman zieten leku horren iraganaren berri. Argazkiak, postalak, planoak eta antzinako dokumentuak biltzen hasi ziren, eta jabeak Louvre izena eman zion berriro ere. Denen artean berreskuratu zuten.

Herritarren bilgune diren kafeen aldarrikapena egin nahi izan duzu?

Pena da ikustea Euskal Herrian galtzen ari direla kafe historiko asko, nahiz eta irekita jarraitu. Kafeak ez dira arkitektura soilik, bizimodu bat dira. Boulevard kafetegiarekin gertatzen ari dena penagarria da. 1871ko kafetegi bat da, Europako zaharrenetakoa.Pragan ez dago horren zaharrik, eta irakurri dudan azkena da Hard Rock Cafe bat irekiko dutela... Boulevarden Unanumo eta beste hainbat elkartzen zirela hitz egiten da beti, iraganaz, baina gaur egun halako tokiak sor ditzakegu. Eta dokumentalean argiro azaldu ez arren, badago ideia hori.

Zinema mutuari keinu bat egin diozu, 1920ko arau batzuk azaltzeko.

Pragako kafeetako arauak aurkitu genituen. Irakurtzea ez zitzaidan batere zinematografikoa iruditzen, eta, umore puntu bat zutenez, hiru aktorek antzeztea erabaki nuen.

Zer diote arau horiek?

Maitaleek leiho ondoan eseri ezin dutela dio batek, eta beste batek kapela eta jakarekin kafe barruan ezin daitekeela egon, kanpokoek pentsa dezaketelako berogailurik ez dagoela. Umeentzat ordu erdi baino gehiago egotea gehiegi dela dio arau batek. Modu polita da esateko kafeak umeentzat egokiak ez direla! [kar, kar, kar].

Filma Euskal Herrian estreinatzeko modurik izango duzula uste duzu?

Oraintxe amaitu dugu. Txekiako ekoizpen enpresa batek ekoitzi du, eta ez dakit zehazki, baina baliteke jaialdietara aurkeztea beste ezer baino lehenago.

Agian-ekin hasitako eta Life and Film-ekin segitutako zikloa amaitutzat eman duzu Zápisky z Café Louvre-rekin. Zerk lotzen ditu hiru lanak?

Dokumentala amaitzen ari nintzela konturatu nintzen ixten ari nintzela ziklo pertsonal bat eta artistiko bat. Agian-ekin barruko sentimenetara jo nuen, baita Life and Film-ekin ere, Jasnyren bitartez. Erbestean sustraiekiko lotura horrek zer garrantzia duen ikusten da. Ni Pragara etorri naiz. Ez da erbestea, nire erabaki bat baizik. Nire etxea bezala sentitzen dut. Eta hemen sortzen dut.

Zer etorriko da orain?

Fikziozko komedia bat egiteko aukera sortu zen, telesail bat. Baina aurrena film luze bat egiteko eskatu didate, eta hortik telesail bat ateratzea da intentzioa. Udan hasi nintzen horrekin, eta bihar bertan [gaur] ekingo diot berriro. Asmoa da aurten filmatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.