Kafea eta Galletak, Jason Nobleren omenez

Lisabo eta Jupiter Jon ariko dira gaur, Gernikako Astra kultur fabrikan, musikaria gogoan hartuta

gorka erostarbe leunda
2013ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Iragan berri den urteko abuztuaren 4an zendu zen Jason Noble musikari estatubatuarra, gaitz baten ondorioz. 90eko hamarkadan musikaren munduan murgildu zenez geroztik, rock esparru alternatiboko sortzaile ipurterreeta interesgarrienetako bat izan zen. Lisabo taldeko kideek Noble ezagutzeko aukera izan zuten, 2001ean. Ordurako, Shipping News taldean ari zen Noble, eta bi kontzertu partekatu zituzten; Bilboko Palladium aretoan bata, eta Sant Feliu de Guixolsen (Herrialde Katalanak) bestea.

Gaur, Kafea eta Galletak ekitaldiaren bidez, Noble omenduko dute Lisabok eta Jupiter Jon taldeek, Gernikako Astra kultur fabrika sozial estreinatu berrian. Elkar ezagutu zutenean, Lisabon ari zen Jupiter Jon taldeko egungo bateria jotzaile Aida Torres. Kafea eta Galletak saioetan ohikoa den moduan, lehenik, disko baten entzunaldia proposatuko dute ondoren kontzertua eskainiko dutenek. Kasu honetan, Shipping Newsen Save Everything estreinakoa (1997) entzuteko aukera izango da. Entzunaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrerak 5 euro balioko du. Gero, bi taldeen kontzertua izango da. Kafea eta Galletaken 33. saioa izango da, eta lortzen den dirua Nobleren familiari igorriko diote, haren tratamenduak eragindako kosteak ordaintzen laguntzeko.

90eko hamarkada hasieran, Rodan taldeko kantari eta gitarra jotzaile modura nabarmendu zen Jason Noble, eta, geroztik, avant-rockaren figura garrantzitsuenetako bat izan zen. Rodan taldearekin, post-hardcorearen gailurretako bat sortu zuen: Rusty (1994). Rachel's taldearekin, oso bestelako proposamena egin zuen , musika klasiko eta garaikidearen mugak arakatu eta zabaldu nahi izan baitzituen. Hil artean, Shipping Newsen aritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.