Kabalkada zertarako?

Lehen, plazan aipatu beharreko gaiak akuilatzen zituen gazteak kabalkada muntatzera. Berterretxek galdeak baditu gaurkoei buruz.

Mehaineko Buhame erreka ikusgarriko errepika saioa, pilota plazan, joan den asteburuan. HITZA.
Iñaki Etxeleku.
Irisarri
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Duela hamar urte Antton Lukuk plazaratu zuen Libertitzeaz liburuan jada hautematen zituen abiatua zen kabalkaden oldearen ezaugarri berriak. Liburuaren lehen zati oso bat idatzi zuen —Toberaren definizio baten bila—, dokumentu eta idazki historikoetan, ikerketetan eta Lukuk berak metatu lekukotasun elemenian oinarriturik, kabalkada, tobera, mustra, karrusa eta gainerako hitzen argitzeko. Oroz gain, bakoitza zer zen argitu nahiz. Dena berriz haste, bigarren kapitulu handian, garai berriei buruzko gogoeta zenbait dakartza: «Beste denborak jinak dira. Kabalkada eta tobera izenak baliatu dituzte udako plazako ikuskizun batzuen izendatzeko, deus ez baitzuten salatzen. Itxuraz, tobera zen: auzi, dantza, bertso, baina helburu argiena pastoralak bezala herriaren biltzea zuten. Katarsia ahantziz».

Itsasu, Lekorne, Luhuso, Heleta, Irisarri, Aiherra, Bidarrai eta Ortzaize izan dira, besteak beste, azken hamarkadetan kabalkada gune. Baxenabarreko eta Lapurdiko eremu horietan, urteekin demografiaz aldatzen ari diren herrietan, biztanleen biltzeko aitzakia dela iduri luke. Libertitzeaz irakurririk, eta hamar urte berantago, gogoeta beretik mintzatu da Peio Berterretxe taula zuzendaria: «Zertarako egiten dituzte kabalkadak?», galdegin du. Lehen, ezinegonarekin isilik atxiki ez zezaketen gaia plazaratzen zuten herri bateko gazteek. Hortik, Berterretxeren galdea: «Zer dute aipatzeko? Ez dakit behar bati erantzuten dion. Nahi dute kabalkada bat egin, eta beharra gero xerkatzen da».

Berterretxek konparatzen du 1991n Amikuzeko Mattin Irigoienek idatzi Beti gibelekotz aitzina toberei. «Leku horretan, garai hartan, bazen gai bat. Gizartean zuzenki eragiten zuen gai potolo bat. Beraz, bazen arrazoi bat biltzeko eta kabalkada muntatzeko; kasik katarsia zen».

Ikusi gehiago:Kabalkaden muntatzeko tirri kutsakorra

Gaur egun besterik dela dio. «Arrazoia batzea da. Herria federatzea. Herri batean herritarrei bidali gutunean idatzia zen: 'Konfinamenduko garai ilun horien ondotik, badugu berriz biltzeko behar hori'». Erran behar da, gainera, batzuetan ez dela herritarrengatik heldu asmoa, lehen bezala, baizik eta herriko etxearen eskariz. Barnealdeko herri anitzen bilakaera ikusirik ote? «Gizarte zapartatua dugu; periurbanoak bilakatzen ari gara barnealdean; herri biziak desagertzen ari dira emeki-emeki». Beraz, «harreman sozialak» eta «proiektu kolektibo bat» eramateko, «bat-batean kabalkada bilakatzen da eskupean dugun tresna bat».

Berterretxek galdegin du horretarako tresna ote den, zinez? «Kabalkadak badu forma bat, gainera. Nago ez direnetz pastoralak egin behar Lapurdin eta Baxenabarren, kabalkaden ordez». Harremanen egiteko betekizun hori ezartzen bazaio, egokiagoa iruditzen zaio. Pagolako pastoralarekin gertatu dena adierazgarria zaio, horretan. «Giro aski baketsuan egin zuten proiektua —jakinez kalapitak izan zirela duela 40 urte—, eta etekinekin ostatu bat egin dute herrian, herritarrentzat, herritarrek atxikia. Hor bada kolektibo egiteko gogo bat».

Euskarak zer gero du?

Herritarren biltzea denez helburu, euskaldunak ez diren jende franko biltzen dira maiz, gaur egun, kabalkada xedeetara. Azken inkesta soziolinguistikoko emaitzak oinarritzat harturik, Berterretxek uste du horrek sortu egoera ez dela erraza: «Nola nahi dituzu ahal bezainbat herritar etorrarazi proiektu horretara, %20k mintzatzen duen hizkuntza batean? Jakinez %20 horietan badirela zahar anitz, eta ez dutela parte hartzen. Arizaleetan anitzek ez dute ematen euskara. Euskara zer bilakatzen da?».

Polemikak izan dira, funtsean Errobi bazterretan. Ortzaizeko kabalkadaren zati bat frantsesez egin zuten, eta, arrosatarrak plantatu zirelarik duela urtebete pasa, galdera egin zitzaien kabalkada frantsesez munta zitekeenetz. «Galdegiten badu frantsesez denetz, ez da pertsona horrengatik. Guregatik da», dio, deblauki, Berterretxek. Ez du baztertzen, gainera, egun batez gerta dadin. «Heldu den urtean agertuko da pastoral bat, Xarnegun, Itxaro Bordak idatzia, frantsesez, euskaraz eta gaskoiez», gehitu du aurrekaria izan daitekeena gogoratuz. «Ikusten duzularik herri batzuetan bakarrik frantsesez komunikatzen» dutela kabalkadari buruz, «borroka bat da hor, zaindu behar duguna».

Plazaren hartzeko zinezko arrazoirik gabe eta euskararik gabe, kabalkaden muntatzea bera galdekatu du Berterretxek: «Lotzen dut gaiari. Kabalkada da Iparraldeko euskaldun gizartearen adierazpen molde bat; baina ez badugu deus adierazteko? Tobera edota kabalkada direlarik euskaldunok atzeman dugun forma bat gai bat jorratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.