Garoa kultur laborategiak, Zarauzko eta Donostiako izen bereko liburu denden inguruan sortutako egitasmoak, ostiral honetan ekingo dio udazkeneko Paperezko Kontzertuak zikloari. Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko kideak kontzertu intimo bat emango du Donostian (ostiralean, 20:00etan) eta beste bat Zarautzen (larunbatean, 12:30ean) BH036-DG/LP bere bakarkako lehen diskoko kantuak aurkezteko. Paperezko Kontzertuetan ohikoa den bezala, saio akustikoa izango da, eta kantariak ikusleekin partekatuko ditu bere iritziak, liburu bat gomendatzeaz gain. Gainera, Ekizak diskoa aurkezteko egin duen kontzertu sortako azkena izango da. Denboraldiko gainerako saioetan bezalaxe, Leire Palacios kazetariak egingo ditu aurkezpen lanak.
Paperezko Kontzertuen hurrengo saioak azaroaren 18an eta 19an izango dira. Horietan Joseba Irazoki eta Beñat Axiari ariko dira elkarlanean. Urtea amaitzeko, Cabezafuegok kontzertuak emango ditu abenduaren 16an eta 17an, Donostian eta Zarautzen, hurrenez hurren. Cabezafuego —Iñigo Garces— hamaika taldetan aritu da: Mermaid, Basque Country Pharaons, Royal Canal, Separatistas, Atom Rhumba, Bizardunak. 2014aren amaieran bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen: Camina conmigo.
Jurgi Ekizaren bi saiorekin hasiko da Paperezko Kontzertuak zikloa
Ostiralean Donostiako Garoa dendan ariko da, eta larunbatean, Zarautzen. Joseba Irazokik eta Beñat Axiarik azaroan izango dute saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu