Hodiak, oihalak, aldizkariak, adreiluak, loreak, porlana... Elkarren artean oso desberdinak diren objektuak eta materialak sarritan ikus daitezke elkarrekin June Cresporen obretan (Iruñea, 1982). Kontraste horretan sortzen dira haren eskulturak, eta beste esanahi eta forma batzuk hartzen dituzte objektuek, jatorrian zer ziren ez igartzeraino. Elkarren artean oso desberdinak eman dezakete, halaber, artistak Bilboko Guggenheim museoaren 105. aretoan bildutako piezek. Baina haien arteko loturak ere antzeman daitezke erakusgelan aurrera egin ahala. «Bisitariari obrarekin aurrez aurre topatzeko espazio bat proposatzea da nire nahia, norberak aurrez aurre begiratzea; ibilbide batean aurrera eginez, koreografia batean bezala, ezkutatzen diren hainbat gauza eta agertzen diren beste hainbat aurkitzea».
Guggenheim museoak artista nafarrari eskaini dion bakarkako lehen erakusketa da June Crespo. Baskularra, eta, hartan, sortzaileak azken zazpi-zortzi urteetan egindako 30 lan inguru daude ikusgai, baita eskala handiko eskultura multzo bat ere, museoaren areto horretarako propio sortua. Forma zirkularrak, tubularrak eta organikoak tartekatuz doaz, eta industria ekoizpenerako euskarriek eutsita, lurrean etzanda edo hormetatik zintzilik daude. Halaber, zoruan, bi argazkiren inprimaketa handiak ere badira, argazki bakoitzaren inprimaketa bat hain zuzen. Manuel Cirauquik egin ditu komisario lanak, eta erakusketa ekainaren 9ra arte egongo da zabalik.
«Aretoa arkitektonikoki ez mugatzea izan zen erronka honi aurre egitean hartutako lehen erabakia, eta horrek beste erabaki batzuk ekarri zituen: eskalarena, kasurako».
JUNE CRESPOArtista
Bi eskultura mota bildu dituela azaldu du artistak, eta maila berean jarri dituela denak; «frikzio horrek sortzen duen kontrastea da niretzat kutunena». Lan batzuk industrialagoak dira, eta besteek jatorri organikoagoa dute.
Altzairuzko txapaz ondutako bi tutu erraldoi, eta hodi zabal eta motzagoekin sortutako beste obra bat dira erakusketako pieza handienetako hiru. Horien inguruan, beste pieza handi batzuk ere badira, tutu formakoak horietako gehienak ere, baina arinagoak nolabait. Artistak erakusketa egituratzeko baliatu ditu eskulturarik handienak. Handia da museoak proposatu zion aretoa, eta argi zuen ez zuela hormekin zatitu nahi. Crespo: «Aretoa arkitektonikoki ez mugatzea izan zen erronka honi aurre egitean hartutako lehen erabakia, eta horrek beste erabaki batzuk ekarri zituen: eskalarena, kasurako; saiatu nintzen elementu batzuk sortzen espazioa artikulatuko zutenak, ez zutenak aukera emango dena kolpe batean ikusteko». Kofratu batzuk sortu zituen, esaterako, baina moldea bera gehiago interesatu zitzaion azkenean. «Funtzio horren bila hasi nintzen lanean, baina pieza autonomoak dira orain».
Loreak arroztu
Azkenaldian landu duen beste serie bati tiraka sortu zituen artistak beste zenbait pieza; tutu forma arinagokoak, hain zuzen, baina baita beste batzuk ere. Horietan, loreak dira abiapuntuko bulkada. Izan ere, azaldu duenez, luzaz egon zen loreak eskaneatzen, forma horiek behatzen, harik eta «kasik elementu artifizial bat» bihurtu zitzaizkion arte. Hala, eskala handitzean, landarearen zurtoin zirenek hoditerien itxura hartu zuten batzuetan, forma industrialagoak beste batzuetan, edo organikoagoak, linealagoak. «Jatorriz botanikakoa zen elementu hori arrotz bihurtu nahi nuen, ezezagun».
Izan ere, jardunak erakusten dio artistari nondik jo, eta haren obran aurkikuntzaren eta istripuaren ideiek pisu handia dutela nabarmendu du Cirauqui komisarioak: «Ziur nengoen halako toki bati aurre egiteko gai zela, ez bakarrik bere obra indartsua bertan zabalduz, baizik eta aurrerapausoak emateko gakoak aurkituz ere bai; inork espero gabekoak izan dira, eta ederra izan da». Baskularraren kontzeptua ere jardun horretan agertu zitzaiela azaldu du, aldenduta dauden elementuak harremanetan jartzen dituen zirkuitu baten adieran —hortik tutuak eta beste zenbait forma—. Eta ideia horiek Cresporen obran daudela gaineratu du, «kanpokoa» eta «barrukoa» batzen baititu berak maiz. «Ekoizpen berrian agertzen diren hainbat ideia duela urte batzuetako lanetan ere badaude. Eta Junek argitasuna izan du horiek konektatzeko, baita ausardia ere, pieza batzuk espaziora moldatzeko, beren bizitasunaren erakusgarri. Bizitasun hori Juneren ezaugarri indartsu bat da. Erakusten digu arteari bizirik dagoen zerbaiti bezala begiratzen, espaziora moldatzen».
«Nire lanetan abiapuntuak askotarikoak izaten dira, baina zerbait deskubritzeko aitzakia dira beti».
JUNE CRESPO Artista
Beste modu batean, baina ildo berari jarraituz azaldu du Crespok bere jarduna: «Entzute edo negoziazio moduko bat dago motor gisa jarduten duen lehen ideiaren eta gero izango den obraren artean; nire interesak hor ere agertuko dira, ez ditut aurrez erabakitzen». Eta beste hitz batzuekin ere antzera, aurrerago: «Nire lanetan abiapuntuak askotarikoak izaten dira, baina zerbait deskubritzeko aitzakia dira beti». Aitortu duenez, «materialen artean gertatzen dena» baita interesatzen zaiona.
Errealitatea «erregistratzea»
Eskulturak «errealitatea erregistratzeko tresna gisa» baliatzen ditu Crespok, komisarioak iritzi dionez. Eta horren erakusgarri dira aretoaren sarreran jarri dituzten lehen piezak: Change Album (Queen) (2016) eta Hedapen horizontala (2017). Biak ala biak Herbehereetan bizi izan zen garaian sortu zituen; etxe berri batean kokatzen ari zela, hoditerian eta eraikuntzaren beste elementu batzuetan jarri zuen arreta. Aldizkariak ere baliatu zituen bigarren pieza egiteko, bere lanean maiz erabili izan duen elementua.
Haien inguruan daude erakusketako piezarik zaharrenak, baina badira aspaldi sortu eta artistak orain moldatu berri dituen lanak ere. Titulurik gabea (Eta zure urratsak entzuten ditut honuntz etortzen) (2018) da horren adibide; aluminiozko eskailerekin eta leiho profilekin osatutakoa da pieza, besteak beste, baina aretora egokitu du orain Crespok.
Oihala da Crespok eskulturetarako baliatu ohi dituen beste materialetako bat, eta Bilboko erakusketako piezetan ere badu presentzia. Askotariko oihalek, gainera. Alfonbrak ditu azpian piezarik astunenetako batek, oihal gardenago batek estaltzen du hormatik zintzilikatutako beste eskultura bat, eta lo zakuak ageri dituzten beste lau obra ere badira. «Osagai afektibo» bat da harentzat, artistak azaldu duenez; kolorea sartzeko ez ezik, material hotzagoei «beste tenperatura bat» emateko ere erabiltzen du.
Euskal Herrian eta nazioartean Crespo artista erreferenteetako bat dela nabarmendu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak. Hala, haren hitzetan, bisitariei haren obra aurkezteko ez ezik, sortzaileari «bai tamainan, bai kontzeptuan, bere ibilbidean mugarri bat» jartzeko aukera eskaintzeko ere antolatu dute erakusketa. Horregatik, atzera begirako ohiko bildumez bestelako erakusketa bat osatzea proposatu zioten, eta eskertu egin dio erronkari «kalitatez eta atrebentziaz» aurre egin izana.
Iruñean sortua da Crespo, 1982an, baina orain Bilbon bizi da, eta bertan egiten du lan. Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere bakarkako hainbat erakusketa egin ditu, hala nola Italian, Espainian, Portugalen eta Herbehereetan, eta hainbat bilduma kolektibotan ere parte hartu du urteotan. 2013an, Eusko Jaurlaritzak banatzen duen Gure Artea saria jaso zuen.
Erakusketarekin batera, katalogo bat ere plazaratu dute, zeinetan artistak bere ekoizpenaren inguruko egunerokoan egindako oharrak biltzen baitira, besteak beste. Horiekin batera, Miren Agur Meabe idazleak ondutako poema sorta bat ere jaso dute katalogoan, baita bi saiakera kritiko ere: Jara Rocha ekintzaile eta teorialariarena bata, eta Cirauquirena bestea. Hainbat jarduera osagarri ere izango dira erakusketa ikusgai dagoen bitartean, hitzaldiak eta bisita gidatuak tartean.