Bi egun barru, larunbatez, abiatuko da Veneziako Biurtekoaren 59. aldia, eta June Crespo artistaren (Iruñea, 1982) lana ikusgai izango da bertan. Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, hiru artelan jarriko ditu erakusgai pabiloi nagusiko erakusketan: Helmets IV (2018), Helmets IX (2022) eta Helmets X (2022). Duela bi urte, hain justu, Gasteizko Artium museoan irekitako June Crespo. Helmets erakusketan izan zituen ikusgai sail horretako obrak. Arte garaikidean nazioarteko topaketanagusia da Italiakoa, eta 58 herrialdetik gorako 213 artistaren 1.400 artelanek baino gehiagok osatuko dute aurtengo proposamena. Aurreneko aldiz, emakumeak izango dira parte hartuko duten artisten %90 inguru, eta, besteak beste, «gizon zuriaren ideala» auzitan jarri eta «gaur-gaurko eztabaidetan aurrendari izan diren emakumeak omendu» nahi izan dituztela azaldu du Cecilia Alemani komisarioak.
Urtebeteko atzerapenarekin irekiko dute erakusketa larunbatean, azaroaren 27ra arte. The Milk of Dreams (Ametsen esnea) jarri diote izena —Leonora Carrington artista surrealistaren liburu bati egiten dion erreferentzia—, eta askotariko artelanen bitartez, teknologiarekin eta bestelako izakiekin nahasturik helduko den gero bati begiratuko diote.
Testuinguru horretara egokituta erakutsiko dute Cresporen lana ere, gorputzak arkitekturarekin dituen harremanei buruzko lengoaia bat landu izan baitu artistak bere eskulturetan. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta indarra dira horretarako baliatu izan dituen elementuetako batzuk, eta askotariko materialak manipulatu eta konbinatzen ditu ikusleari irakurketa berrietarako sarbidea irekitzeko. Etxepare Euskal Institutuko arduradunen esanetan, «armadura» bihurtzen dira haren lanak. «Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri paisaia distopikoak eta izaki cyborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute», adierazi dute, ohar bidez.
Helmets asoziazio libre bat da, eta Henry Mooreren The Helmet Heads serieari egiten dio erreferentzia, Crespok bere lehen zeramika lanak egin ahala deskubritu zuena. Argizariei metal industrialeko profilak erantsiz, argizari galduaren urtze prozesua auzitan jartzen zuen, ustekabeko istripuak eraginez. Horrela, artistaren hitzetan, zoriak, kontrol faltak eta materialen jokaeraren tankerako faktoreek pisu handiagoa hartzen zuten. «Mota horretako elementu estruktural eta funtzionalek izaera anatomikoko osagaiak zeharkatzen dituzte, eta, materialki fusionatuta, hibrido organiko eta mekanikoa osatzen dute, eskuzkoa eta industriala».
Zabal programaren emaitza
Veneziako Biurtekoan June Cresporen parte hartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako Zabal programaren emaitzetako bat izan da. Euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta arte testuinguruen artean loturak egitea da programaren helburua, eta, haren bitartez, Cecilia Alemani Biurtekoaren komisarioak hainbat euskal sortzaileren lana ezagutu ahal izan du. Horren ondotik egin diote Crespori bere lana Venezian erakusteko gonbidapena.
June Crespo Veneziako Biurtekoan izango da, larunbatetik aurrera
Artistaren hiru lan ikusi ahal izango dira pabiloi nagusiko erakusketan. Larunbatean hasi, eta azaroaren 27ra bitarte bisitatu ahalko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu