Julio Cortazarri, esker onez

Deabruaren Eskola proiektuak euskarazko hainbat liburu eman dizkio dohaintzan Julio Cortazar liburutegiari, idazleak euskal literaturan izan duen eragina aitortzeko asmoz

Harkaitz Cano, Jon Alonso eta Irati Jimenez, Julio Cortazar liburutegiko kideekin, Juan March fundazioaren egoitzan, Madrilen. DEABRUAREN ESKOLA.
Andoni Imaz
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Euskal literaturak publikoki aitortu du Julio Cortazarrekin duen zorra, eta kitaezina den zor hori apaltasunez ordaintzeko pauso bat eman du». Deabruaren Eskolak iaz egin zuen lehen urratsa, euskal idazle, itzultzaile eta editoreei eskatu zienean Cortazarren itzulpenen, hari buruzko lanen eta hark inspiratuta idatzitakoen berri emateko. Bigarren oinkadan, bildutako liburuak hartu, eta Madrilera eraman dituzte, Juan March fundazioaren egoitzan dagoen Julio Cortazar liburutegira.

Irati Jimenezek, Esteban Montoriok eta Mikel Sotok sortu zuten Deabruaren Eskola, 2020an, eta hainbat testu eta testigantza jaso dituzte deabruareneskola.eus webgunean ordutik, literaturaren ezagutza zabaltzeko asmoz. Hiru kideak joan dira Madrilera, Jon Alonso eta Harkaitz Cano idazleekin batera. Etxepare Institutuak diruz lagundu du proiektua.

Cortazar «idazle oso berezia» da Sotorentzat: «Hor dago Mikel Lasa, euskal literatura garaikidearen hasieran egon daitekeena, eta Juan Mari Irigoien, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano... Belaunaldiz belaunaldi, Cortazar da gehien pasatzen den arbasoa, nolabait esateko». Horregatik, idazleek erantzun egin zioten Deabruaren Eskolaren deialdiari, eta «anaitasun literario bat» sortu da proiektuaren bueltan, Sotoren hitzetan; «literaturaren esparruan beti dira politak aitortza horiek».

Julio Cortazar liburutegiari dohaintzan emandako liburuen artean daude Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) eta Ogia eta zirkua (Erein, 2021) eta Sotoren Suak pizten direnean (Elkar, 2020), baita Alonsoren Astrolabioa (Pamiela, 2007) eta Canoren Beluna jazz (Susa, 1996), Neguko zirkua (Susa, 2005) eta Mecanografiak ere (Txalaparta, 2018), besteak beste.

Orain arte, liburutegi horretan euskarazko bi liburu zeuden: Gerardo Markuletak itzulitako Oktaedroa (Ibaizabal, 1992) eta Hegoaldeko autobidea (Erein, 1994). Honako lan hauekin osatu dute orain itzulpenen atala: Alonsok euskaratutako Antologia apetatsua-rekin (Txalaparta, 2005), Ibon Sarasolak itzulitako Kronopioen eta famen istorioak-ekin (Armiarma, 2014) eta Jon Muñozek itzulitako Pertsegitzailea-rekin (Zaldiarri, 2019).

Cortazarri buruzko saiakerak, idazleak inspiratutako lanak eta haren lan ilustratuak eraman dituzte, eta egile gehienek eskaintza berezi bat idatzi dute horretarako. Gainera, formatu digitalean osatu dute bilduma, zenbait artikulu, testu eta albisterekin.

«Gure literatura garaikidea sortzen da gure koinearekin batera, euskara batuarekin batera. Horrek badauzka zurruntasunerako aukera batzuk, baina zabaltzen ditu esperimentalismorako aukera guztiak. Cortazarrek oso ondo daki bi gauza horien artean aritzen». Sotok bi ahalmen horiek sumatzen ditu Cortazarren irakaspenak aitortzen dituzten euskal idazleen artean: esperimentatzeko joera eta gaitasuna, eta hizkuntzaren ezagutza sakona. «Horregatik, Alonsok eta Canok Cortazarren estiloa jazzarekin konparatzen dutenean, balioa ematen diote euskararekin jazza eginda lor ditzakegun inprobisazioei».

Zaleen kodea

Julio Cortazar liburutegira egindako bisitan, zain zituzten Luis Martinez Uribe liburutegiko zuzendaria, Celia Martinez Cortazarren literaturan aditua eta Alejandra Bernardez liburutegiaren dohaintzaren egilea, Cortazarren lehen emaztea izan zen Aurora Bernardezen iloba. Denek berehala ulertu zuten elkar, Sotok kontatu duenez. «Cortazar maisu bitxia da. Badauka eliza bat literatura unibertsalean oso berezia dena. Cortazarren zaleak leku guztietan dira zaleak, anaitasun unibertsal bateko kide izatea bezala da». Alonsok eta Canok testu bana irakurri zutenean sumatu zuen hori: «Han zeudenenen keinuetan berehala ikusten zen zer elementu cortazartar zeuden, eta hori oso polita izan zen».

Alonsori «gauza bitxia» iruditu zitzaion Deabruaren Eskolaren asmoa gonbidatu zutenean, «ezustekoa eta ezohikoa». Hark beste egile batzuek Cortazarri idatzitako eskaintzei buruzko testu bat irakurri zuen han. Izan ere, eskaintza horiek, bilduma osoarekin batera, fundazioaren webgunean daude irakurtzeko moduan.

«Gure gaztarako lehenengo autore maitatuenetako bat Cortazar zen», azaldu du Alonsok. «Gainera, literatura eta gizartea ulertzeko moduarekin lotuta. 1970eko urteetan, Cortazar ez zen bakarrik idazle bat, baizik eta ezkertiar eta konprometitu bat».

Gaztaroan ez ezik, orain ere kutuna du Alonsok Cortazar, eta tarteka itzultzen da haren literaturara. «Tarteka, ideia bat etortzen zaizu burura, eta esaten duzu: 'Honek idatzi zuen ipuin bat gai honekin zerikusia zuena...'. Berrirakurtzea ariketa bitxia izaten da beti, konturatzen zarelako norberak zer ulertu zuen lehen irakurraldi hartan, duela 30 urte, eta gaur egun, berriz, testua nola ikusten edo garatzean duen. Kuriosoa da. Aldian behin niretzat presente dagoen idazle bat da oraindik ere, dudarik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.