Julio Cortazar izango dute hizpide Ean

Paleontologiari, herri xehearen memoriari eta idazle argentinarrari buruzko hitzaldiak emango dituzte gaurtik igandera bitartean

Inigo Astiz
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Euskal kulturgintzan klasiko ziren Eako Poesia Egunak. Hamabost aldiz, urtero-urtero, euskal literaturaren erdigune bilakatzen zuten Bizkaiko kostaldeko herrixka hori uztaileko asteburu batez, baina jaialdia bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek udaberrian, eta, ondorioz, udan ez da izan festibalik. Eako kulturazaleak ez dira geldi egon, ordea, eta hiru hitzaldiko programa bat antolatu dute asteburu honetarako, Ea, H-a galdu duen herria izenburupean.

Herrian bertan topatutako duela 100.000 urteko zaldi matrailezurrak izango dituzte mintzagai gaur, adibidez. Xabier Murelaga eta Pedro Castaños paleontologoek emango dute hitzaldia, eta haien hitzen bidez irudikatu ahalko du entzuleak inguru hark iragan urrun hartan zeukan itxura. Gainera, Ean bertan ikusi ahalko dituzte bisitariek normalean Bizkaiko Arkeologia museoan egon ohi diren hezur horiek.

Iñigo Aranbarri idazleak Urrats galduen bila hitzaldia eskainiko du bihar, eta, antolatzaileek zehaztu dutenez, «gure jendartearen memoria poetiko kolektiboa berrosatzea» izango da haren helburua. Argazki erakusketa batek lagunduko du solasaldia.

Cortazarren eguna

Julio Cortazar idazle argentinarrarena izango da igandea. Ezagun denez, Eako Biax baserriko Balendin Kortazar Mendiola izan zen idazlearen aitona, eta aitzakia hori baliatuko dute hari buruzko bi saio antolatzeko. Mikel Soto idazle eta editoreak idazleari buruzko gogoetak bilduko ditu lehenik, eta Oier Guillan antzerkigileak eta Iñaki Zudaire musikariak Pertsegitzailea ipuinaren irakurketa dramatizatu eta musikatua egingo dute ondoren.

Hitzaldiez gainera, liburuxka bat ere kaleratuko dute ipuinarekin. Jokin Muñozek euskaratu du lana, Erramun Endibelandak sortu ditu margolanak, eta Harkaitz Canok idatzi du hitzaurrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.