Donostiako 70. Zinemaldia

Juliette Binochek jasoko du Donostia saria

Aktore frantziarra kartel ofizialeko protagonista ere bada. Claire Denisek zuzendutako Avec amour et achanement filma emango duten galan jasoko du saria Binochek. Jaialdia irailaren 16tik 24ra bitartean egingo da.

Juliette Binoche, otsailean, Berlinale jaialdian. SASCHA STEINBACH / EFE
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 13a
12:18
Entzun

Juliette Binoche (Paris, 1964) azken hiru hamarkadetako aktore frantziar ospetsuenetako bat bilakatu da, eta, bere herrialdean ez ezik, handik kanpo ere lan ugari egin ditu. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zuen ibilbidea zinema munduan, eta orduz geroztik 70etik gora filmetan parte hartu du. Besteak beste, Les amants du Pont-Neuf (1991), Damage (1992), Trois couleurs: Bleu (1993), The English Patient (1996), Chocolat (2000), Cosmopolis (2012) eta Clouds of Sils Maria-n (2014).

Saria emateko ekitaldia Kursaaleko auditoriumean izango da. Avec amour et achanement filma emango dute, Claire Denisek zuzendutakoa eta azkeneko Berlinalen zuzendari onenarentzako Zilarrezko Hartza irabazi zuena. Film horretan, Binochek ez ezik, Vincent Lindonek eta Gregoire Colinek ere hartu dute parte, besteak beste.

Lehen urratsak antzerkian egin eta aktore gisa Frantziako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean trebatu ondoren, Binochek zineman debuta egin zuen Liberty Belle (Pascal Kane, 1983) filmarekin. Ondoren, zenbait rol jokatu zituen; besteak beste, Jean-Luc Godard (Je vous salue, Marie, 1985), Jacques Doillon (La vie de famille, 1985) eta Andre Techine (Rendez-vous, 1985) zinemagileen filmetan. Azken horrekin, bada, berriz aritu zen urte batzuk geroago Alice et Martin (1998) filmean. Mauvais sang (1986) ikonikoan, lehen aldiz kolaboratu zuen Leos Caraxekin. Haren agindupean aritu zen, halaber, Les amants du Pont-Neuf (1991) filmean.

Bere karreraren hasieratik, frantsesez filmatutako tituluak eta ingelesez egindako beste asko tartekatu ditu; tartean, hauek: The Unbearable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1988), Wuthering Heights (Peter Kosminsky, 1992) eta Damage (Louis Malle, 1992).

Binochek doluz dagoen emakume baten rola jokatu zuen Krzysztof KieÅ›lowskiren Trois couleurs: Bleu (1994) trilogia ezaguna inauguratu zuen filmean. Lan horrengatik, aktore onenaren saria eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian, baita Cesar sari bat jaso ere –beste bederatzitan ere sari horietarako hautagai izan da, gainera–. George Sand nobelagilea ere izan zen Les enfants du siècle (Diane Kurys, 1999) filmean. Baina nazioarteko aitortza The English Patient (1996) filmean jokatu zuen erizainaren rolari esker etorri zitzaion. Taldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Berlingo zinema jaialdiko aktore onenaren saria irabazi zituen lan horrekin.

Europako zinemagileen esanetara lan egin du; besteak beste, hauekin: Jean-Paul Rappeneau, Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo itxi zuena Le hussard sur le toit (1995) filmarekin, Chantal Akerman (Un divan à New York, 1996), Patrice Leconte (La veuve de Saint-Pierre, 2000), Lasse Hallstrom (Chocolat, 2000), John Boorman (Country of My Skull, 2004) eta Michael Haneke. Harekin funtsezko bi lan filmatu ditu: Code inconnu: Récit incomplet de divers voyages (2000) eta Caché (2005). 2002an, Décalage horaire (Danièle Thompson) filmaren protagonista izan zen, eta, harekin, Donostian izan zen lehen aldiz, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo ixteko.

Haren filmografiako beste titulu nabarmen batzuk hauek dira: Mary (Abel Ferrara, Perlak, 2005), Le voyage du ballon rouge (Hou Hsiao-Hsien, 2007), Disengagement (Amos Gitai, 2007) eta Shirin (Abbas Kiarostami, 2008). Azken zuzendari horrekin berriro egin zuen lan Copie conforme (2010) filmean. Toscanan girotutako amodio istorio horrekin emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Canneseko zinema jaialdian.

2018an, aktorea berriz itzuli zen Donostiara Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film aurkeztera: Vision, Naomi Kawaseren ikuspegi mistiko bat, eta High Life, Claire Denisekin egin zuen beste kolaborazio bat. Zientzia fikzioko generokoa da, eta Fipresci saria lortu zuen.

Haren azken lanen artean daude, orobat, Hirokazu Koreedaren La vérité (2019) –harekin batera izan zen aktorea Donostian hirugarren aldiz– eta Ouistreham (Emmanuel Carrere, 2021). Film horrek, iaz, Perlak sailean parte hartu zuen, eta Europako Film Onenaren Donostia Hiria publikoaren saria jaso zuen.

Karteleko protagonista

Donostia saria jasoko du Binochek, eta Donostiako Zinemaldiaren kartel ofizialeko protagonista ere izango da. Donostiako Dimension enpresa arduratu da aurtengo kartelak egiteaz, eta Brigitte Lacombe argazkilariak Juliette Binocheri egindako erretratu bat erabili du 70. aldiko poster ofiziala egiteko. Lacombek –Frantzian jaio zen, eta New Yorken bizi da– mundu osoko artista ezagunen, politikarien eta intelektualen erretratu ikoniko eta intimoak egin ditu, eta, aldi berean, Wes Anderson, Sofia Coppola, Federico Fellini, Michael Haneke, Lynne Ramsay, Martin Scorsese, Quentin Tarantino, Steven Spielberg eta beste zinemagile batzuen filmaketak dokumentatu ditu.

Zinemirak, euskal zinemari buruzko sailak, kartel propioa izango du lehen aldiz, «begiradari eta bizitzari eta zinemari begiratzeko modu guztiei gorazarre» egingo dieten irudien bilduma baten barruan. Dimensionen arduradun Guille Viglionek dioenez: «Zinemari begiratzeko modu bat da; zuzendariak bere begiradaz iragazitako errealitate bat sortzen du; ikusleak bere munduaren ikuspegia handitzen du; eta interpreteek kamerari begiratzen diote beren pertsonaiaren muina transmititzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.