Pastoralak

Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastorala estreinatuko dute maiatzean Iruñean

Iruñeko Zaldiko Maldiko kultur elkarteak antolatu du pastorala; Mikel Tabernak idatzi du testua, eta Ihitz Iriart da errejenta. Bi emanaldi iragarri dituzte: bat maiatzaren 4rako eta beste bat maiatzaren 12rako.

Julia Fernandez Zabaleta pastorala aurkeztu dute Iruñeko Zaldiko Maldikon
'Julia Fernandez Zabaleta' pastoraleko hainbat parte hartzaile Iruñean, Oier Zuñigak diseinatutako irudiak eskuetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko apirilaren 15a
17:33
Entzun

Pastoral koplaren doinuan kontatuko dute Julia Fernandez Zabaletaren bizialdia (Iruñea, 1898 - 1961). Iruñean, ezinbestean. Haren alde askotarikoei erreparaturik, halabeharrez. «Arras emakume interesgarria iruditzen zaigulako, eta ezezaguna delako jende gehienarentzat», borobildu du azalpena Zaldiko Maldiko elkarteko Kike Diez de Ulzurrunek. Julia Fernandez Zabaleta pastorala. Emakume aitzindariak izeneko pastoralaren aurkezpenean esan ditu hitzok, hain justu ere, ondoan zituela Ihitz Iriart errejenta eta Mikel Taberna testugilea. «Emakume maistra aitzindaria», deskribatu du sujeta Diez de Ulzurrunek. «Munta handikoa», erantsi du ziztuan. Ezin disimulatuzkoa zaio Fernandez Zabaletari aitortza egin nahia, baina bistan da asmo hori are eta agerikoagoa izanen dela pieza taularatzean. Zaldiko Maldikok sortu du pastorala, zehazki, eta jada prest dira arizale, musikari eta partaide guztiak. Maiatzaren 4an estreinatuko dute, 17:00etan, San Frantzisko eskolako jolastokian, hau da, Fernandez Zabaleta irakasle izan zen ikastetxean berean. Maiatzaren 12an eginen dute bigarrenez, 11:00etan eta toki berean.

Julia Fernandez Zabaleta Iruñeko Dormitaleria karrikan jaio zen, 1898an. Nafarroako zona «erdaldundukoak» zituen gurasoak; Ziraukikoa ama, eta Mendigorrikoa aita. Ez zituen euskaraz esan lehenbiziko hitzak, baina sakon euskaldundu zen gazte zelarik. Irakasle ikasketak egin, eta, besteak beste, maistra jardun zuen Iruñean 1920ko hamarkadan hasi eta 1936ra arte. Harik eta altxamendu frankistak segitzea eragotzi zion arte. 1950eko hamarkadaren hondarrera arte ezin izan zen lanpostura itzuli. «Bultzatzaile izan zen Iruñean euskararen alde egindako ekimen orotan», kontatu du Diez de Ulzurrunek, eta zera nabarmendu segidan: «Ezin pastoral batean bildu emakume honek egin zuen lanaren handia. Funtsezkoa izan zen irakaskuntzan, funtsezkoa euskaltzaletasunean, politikagintzan, eta, besteak beste, emakumeen eskubideen aldeko jardunean». Are, Diez de Ulzurrunek azpimarratu duenez, Fernandez Zabaletak ekarri zuen «emakumeen eskubideen aldeko ikuspegia garai hartako abertzaletasunera».

«Ezin da pastoral batean bildu Julia Fernandez Zabaletak egin zuen lanaren handia. Funtsezkoa izan zen irakaskuntzan, funtsezkoa euskaltzaletasunean, politikagintzan, eta, besteak beste, emakumeen eskubideen aldeko jardunean».

KIKE DIEZ DE ULZURRUNArizalea eta Zaldiko Maldikoko kidea

Bazituzten pastorala hari eskaintzeko zioak, baina gehiago agertu zaizkie apurka. Tabernak esplikatu duenez, dokumentazio lanerako baliagarri izan zaizkie aurrez emandako zenbait lan: hala nola Josu Chuecak 1995ean plazaratutako Julia Fernandez Zabaleta eta Katalina Alastuey, emakume aitzindariak azterlana, Mertxe Ugaldek 1993an argitaratutako Emakume Abertzale Batzari buruzko lana eta Mirentxu Purroyren Denboraren gibelean filma.

Arrastoa Iruñean

Tabernak azaldu duenez, «aldi berean» aritu dira idazten eta informazioa biltzen. Dioenez, hasterako bazekizkiten sujetari buruzko gauza «garrantzitsuenak», baina premiazkoa zuten askoz gehiago jakitea, testuetan ahalik eta ñabardura gehien txertatzeko. «Bi urte eman ditugu murgilduak beste mundu batean; jauzi egin dugu beste garai batera, bilatzen eta biltzen». Bestalde, testugileak nabarmendu du «lekukotasun biziak» aurkitu izanari esker erdietsi direla pastoralean bistaratuko diren kontu asko. Fernandez Zabaleta ezagutu zuten zenbait lagunekin mintzatu baitira, batik bat ikasle izan zituen batzuekin, eta, Tabernaren esanetan, «emozio handiz» hitz egin diete haiek. «Hunkigarria izan da, horrek asko bete gaitu, eta animatu». Are gehiago, testua bukatua izan ondotik ere segitu dute lekukotasunak jaso eta jaso, asteon bertan. «Ezinen dira sartu liburuxkan, baina ze polita den. Ikasten segitzen dugu».

Tabernak Iriarteri esker jakin du pastoral bat nola idatzi. «Funtsezkoa» izan zaio hura ondoan edukitzea, eta hori kontatzearekin batera nabarmendu ditu errejentaren hitz batzuk: «Ihitzek [Iriartek] aipatu ohi du pastoral ekologiko bat dela hau, zero kilometrokoa». Horixe nabarmendu du Iriartek pastoralaren aurkezpenean, hain zuzen. «Iruñeko jendeak sortu du, Iruñeko iruditeriarekin, eta, beraz, Iruñeko pastoral bat izanen da. Ez dut uste interesgarria zaigunik Zuberoako pastoral bat egitea. Pastoralaren koadroa oso baliagarria zaigu, baina hau oso hemengoa da». Gainera, nabarmendu dute Zaldiko Maldikoko kantu tailerrean sortu zela pastorala egiteko ideia, orain dela bederatzi urte egindako Joxe Miel Bidador pastorala gogoan.

«Iruñeko jendeak sortu du, Iruñeko iruditeriarekin, eta, beraz, Iruñeko pastoral bat izanen da. Ez dut uste interesgarria zaigunik Zuberoako pastoral bat egitea».

IHITZ IRIART  Errejenta eta Zaldiko Maldikoko kidea

Ikuskizunak hiru ordu iraunen du, eta 31 arizale eta zortzi musikari arituko dira, besteak beste. Egiturari dagokionez, berezia dela azaldu du Iriartek. «Pastoral anitz aurkitzen ahal dira segizio berdin batekin: sorrera bat, ezkontza bat, kanpora joate bat, itzultze bat, heriotza bat. Eta, hori iraultzeko, bazen Julia Fernandez Zabaleta. Ez baita justuki gure pastoralaren kronologia horretan sartzen». Zaldiko Maldikokoek iradoki dutenez, estu ibili dira sujetari buruz esan nahi luketen guztia kabiarazteko, baina Iriartek nabarmendu du pertsona baten biziak hiru orduko pieza bat hain aise betetzeak asko uzten duela agerian. Gogoetatu beharra ere bai. «Luze zaionari esanen genioke zeinen harrigarria den informazioz betetako pastoral baten sujeta horren ezezaguna izatea». Hari buruz gehiago jakin nahi duenak aski du emanaldietara bertaratzea. Liburuxkak balioko du sarrera gisara; Karrikirin eros daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.