Denetariko erreakzioak eragin zituen Cannesen Julia Ducournauren Titane filmak. Txaloak adina txistu entzun ziren aretoan zinemagile frantsesaren bigarren film luzearen emanaldian, eta kritikak ere proposamen arriskatutzat jo zuen osagaien artean sexua eta indarkeria dituen lan hori. Bada, arriskua hartu izana aitortu zion atzo 74. jaialdiko epaimahaiak, Urrezko Palma hari emanda. Ezusteko eta guzti, gainera, agentzien arabera, Spike Lee epaimahaiburuak behar baino lehen iragarri baitzuen irabazlearen izena sariak emateko ekitaldian. Sharon Stone aktorearen eskutik jaso zuen garaikurra zuzendariak; emakume batek ondutako lan batek jaialdiko sari nagusia irabazi duen bigarren aldia da —Jane Campionek 1993an lortu zuen, The Piano filmarekin, baina Chen Kaigeren Ba wang bie ji (Farewell My Concubine)-rekin ex aequo izan zen ordukoan—.
Bestalde, epaimahaiak bere aitortzetako beste bi ex aequo ematea erabaki zuen. Epaimahaiaren sari nagusia Juho Kuosmanen zuzendari finlandiarraren Hytti N°6 eta Asghar Farhadi zinemagile irandarraren Ghahreman filmek irabazi zuten. Eta epaimahaiaren saria, berriz, Apichatpong Weerasethakul thailandiarraren Memoria-k eta Nadav Lapid israeldarraren Ahed's Knee-k.
Zuzendari onenaren saria Leos Carax zinemagile frantsesak eskuratu zuen, Annette filmagatik. Memoria-rekin batera, faboritoen artean aipatzen zuten askok Ryusuke Hamaguchi zuzendari japoniarraren Drive My Car (Doraibu mai kâ), eta gidoi onenaren saria lortu zuen azkenean.
Gizonezko aktorerik onenaren saria Caleb Landry Jones estatubatuarrak irabazi zuen, Justin Kurzelen Nitram filmean eginiko lanagatik. Eta emakumezko aktorerik onenaren saria, berriz, Renate Reinsve norvegiarrarentzat izan zen, Joachim Trierren Verdens Verste Menneske filmeko antzezpenagatik.
Halaber, lan laburrik onenaren Urrezko Palma Tang Yi zuzendariaren Tout les corbeaux du monde filmarentzat izan zen; eta epaimahaiak aipamen berezia eman zion Jasmin Tenucciren Céu de agosto filmari. Zuzendari baten lehen filma saritzen duen Camera D'or saria, berriz, Antoneta Alamat Kusijanovicentzat izan zen, Murina lanagatik.
Marco Bellocchioren ibilbidea ere saritu zuen jaialdiak, Ohorezko Urrezko Palma hari emanda.
Julia Ducournauren 'Titane' filmak irabazi du Urrezko Palma Cannesko jaialdian
Leos Caraxek lortu du zuzendari onenaren saria, 'Annette' filmagatik. Epaimahaiak 'ex aequo' saritu ditu 'Hytti Nº6' eta 'Ghahreman' lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu