Julen Apella Santamariari (Berriz, Bizkaia, 1998) eman diote aurtengo Augustin Zubikarai saria. Idazleak Abizen berri bat izeneko lanari esker irabazi du sariketa. Zehazki, testua nobela proiektu bat da, eta, hemendik aurrera, Apellak urtebeteko denbora tartea izanen du nobela bukatzeko. 8.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du horretarako, eta ziurtatua du eleberria Elkar argitaletxearekin plazaratzeko aukera.
Hogei lan aurkeztu dituzte sariketaren aurtengo aldira, eta Leire Bilbao idazleak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak osatu dute epaimahaia. Atzo eman zuten epaileen erabakiaren berri, Ondarroako (Bizkaia) Kofradia Zaharrean, eta Apellaren lanari buruzko zenbait pista eman zituzten argitara. Esplikatu dutenez, Abizen berri bat gaurko egunean eta Euskal Herrian giroturiko istorio bat da, eta Jokin eta Felix lagunen arteko harremana da ardatza. Pertsonaiak ikasketak amaitzear dira, eta nobelan argi azaleratuko da zeinen desberdinak diren elkarren artean: izaera diferentekoak dira, eta haien familien eta klase sozialen artean ere alde nabarmenak daude. Bien «noraezak» ere garrantzia du kontakizunean, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heldu beharrean baitira biak.
Bestalde, epaimahaiak idazlearen anbizio linguistiko eta intelektuala goraipatu ditu, batik bat. Apellak Postal bat desertuan olerki liburua plazaratu zuen iaz (Balea Zuria), Donostia Kultura saria irabazi zuenez gero.
Zubikarai sariaren aurtengo irabazlea jakinarazi ez ezik, iazko irabazleek emandako lanak ere aurkeztu zituzten atzo Ondarroan: Karmele Mitxelenaren Zoriona, edo antzeko zerbait eta Goio Ramosen London Calling. Epaimahaiak bi autoreren lanak saritzea erabaki zuen 2023ko aldian, eta, hortaz, ordainsaria bien artean banatu bai, baina bien liburuak argitaratu ditu Elkarrek. Mitxelenak alargun gelditu berri den emakume heldu batek egindako barne eta kanpo bidaia kontatu du nobelan. Ramosek, berriz, bere bi pasioak uztartu ditu London Calling nobela proiektuan: literatura eta musika.