Julen Apellak irabazi du Donostia Kultura Poesia Lehiaketako saria

'Postal bat desertuan' lanagatik eman diote saria. Balea Zuriak maiatzean argitaratuko du

Julen Apella —erdian—, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, atzo, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Poesiaren Nazioarteko Eguneanjakinarazi zuten, atzo, Donostia Kultura poesia lehiaketaren seigarren aldiaren irabazlearen izena: Julen Apella Santamaria (Berriz, Bizkaia, 1998) saritu dute, Postal bat desertuan lanagatik. Epaimahaiaren iritzian, «ahots gazte baino sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz». Halaber, «belaunaldi baten ahots gisa» ere altxatzen dela iritzi dio epaimahaiak, «baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du». Haren poema askotan «egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak» bat egiten dutela gaineratu du epaimahaiak, eta liburuari osotasuna emateko, hainbat osagai baliatu dituela Apellak, hala nola zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora nahiz erlojuak.

Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarrekin antolatzen dute sariketa, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanei bultzada emateko asmoz. Arantza Urkia Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko zuzendari teknikoak jakinarazi duenez, hamabi parte hartzailek aurkeztu dituzte aurten beren lanak lehiara —lau gizonezkok eta zortzi emakumezkok—, eta, sei urteren ondotik, sariketa «osasuntsu» dagoela iritzi dio. Ildo beretik mintzatu da Felipe Juaristi Balea Zuria argitaletxeko kidea ere. Haren hitzetan, idazle gazteak idaztera animatzeko ere balio du haiei beren lanak argitaratuta ikusteko aukera emateak, eta orain arte plazaratu dituzten liburuei erreparatuta —Estibaliz Martinez Diaz de Zerio, Gorka Salces, Lizar Begoña, Maialen Berasategi eta Izaskun Igoaren bildumak eman dituzte gaur arte—, sariketa ibilbide oparoa egiten ari dela iritzi dio.

1.000 euroko saria ez ezik, Imanol Larrinagaren margolan bat ere jaso du Apellak. Halaber, Balea Zuriak haren liburua argitaratuko du; Juaristik iragarri duenez, maiatz aldera aterako dute poesia bilduma. Eta ekainean, berriz, Poesia eta Pentsamendua zikloan bere poemak errezitatzeko aukera izango du.

Tentsioa eta desira

EHUn Euskal Ikasketetan graduatua da Apella, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin ditu. Euskara irakasle ari da gaur egun lanean, eta hau izango du literaturaren arloan argitaratuko duen lehen liburua. Bertan, garai desberdinetako poemak bildu dituela azaldu du idazleak, baina azken urtebetean ondu dituela gehienak.

Izenburuak biltzen dituen bi elementuei ere egin die erreferentzia. «Desertua betidanik interesatu izan zaidan elementu edo eremu bat izan da ikuspuntu literariotik. Askotan erlazionatu izan da gabeziarekin, hustasunarekin, eta uste dut zentzu horretan eduki ahal duela gaur egungo errealitatearen oihartzun bat. Baina bestalde, uste dut askotan erlazionatu dela barne bilaketa batekin, bidaiaren ideiarekin, abenturaren ideiarekin, eta uste dut horregatik badaukala anbibalentzia moduko bat, niretzat oso interesgarria zena, baita liburua definitzeko orduan ere. Batetik, badagoelako errealitate latz bat, baina, bestetik, baita eremu horretan leku bat, zentzu bat, kolektibotasun bat bilatzeko kezka bat ere».

Bestalde, gaur egun postala hitzean pentsatuz gero, haren ustez «faltsukeria edo itxurakeria» bezalako ideiak etorri ohi zaizkio jendeari gogora, eta idazlearentzat kontzeptu horrek balio dezake islatzeko garaiotan zer-nolako garrantzia hartu duen irudi fisikoak norbere identitatea eraikitzeko orduan. Baina baita partzialtasunaren ideia iradokitzeko ere, postal batek leku jakin baten zati txiki bat besterik erakusten ez duen neurrian. «Eta uste dut poesia ere, poema bera, hizkuntza bera, hori dela gutxi gorabehera; poema adierazpide literario partzial bat dela kasu honetan, eta poema liburu bat, partzialitate txiki horiek guztiak batuta sortzen den halako mezu bat, diskurtso bat».

Gai horiek eta beste hainbat ez ezik, liburuan «tentsio moduko bat ere nahiko presente» dagoela uste du idazleak; gizartearekiko, norbere buruarekiko, kolektibotasun bat bilatzearekiko... «geruza askotan» azaleratzen den tentsio bat. Baina hori desirarekin, biziminarekin ere lotuta doala adierazi du, eta hala, bi elementuen artean «oreka bat» dagoela liburuan barrena.

Halaber, azaldu du poemetan «eguneroko hizkuntzatik aldentzen» saiatu dela; ez idazkera ilun edo kriptiko baten alde, ezpada jendeak hizkuntzarekin izan dezakeen harreman «naturalizatu edo automatizatu» hori zalantzan jartzeko, eta irakurlearengan «efektu bat» lortzeko.

Horretarako, erreferentzia ugari biltzen ahalegindu dela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.