Zuzendaria eta kontzertinoa: Gabriel Ardojan. Pianoa: Judith Jauregi. Egitaraua: Joseph Haydnen Piano eta orkestrarako kontzertua re maiorrean eta Wolfgang Amadeus Mozarten Sinfonia re maiorren K 196+121, 29. Sinfonia K 201/186 eta Serenate ex C. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriaren 20a.BAVARIAKO ganbera orkestra filarmonikoa
Kursaal Eszenak hasiera eman dio bere denboraldi klasikoari, hain zuzen, klasizismoaren punturik gorenenean kokatzen den programa eskainiz Bavariako Ganbera Orkestra Filarmoniko finaren eskutik. Augsburgen 1990ean sortua, haren soinu garbia eta norabide zentzu argia guztiz aproposak izan ziren proposatzen zen errepertorio galanta aurkezteko.
1774. eta 1775. urteen artean idatzi zuen Mozartek bere Sinfonia re maior-ean, 18 edo 19 urte zituela. Lehen bi mugimenduak La finta giardiniera opera bufoko oberturatik abiatzen dira, eta azken mugimendua modu independentean konposatu zuen geroago. Oro har, konposizio honen tonua eta izaera nahiko arinak dira garai bereko bere beste kontzertu-sinfoniekin alderatuta, nahiko motza eta elaborazio handirik gabea, eta alaitasun dosi handiak dituena; orkestrakideen doitasunak biziki nabarmendu zuen alderdi hori.
Judith Jauregi pianista batu zitzaien gero. Erromantizismo garaiko errepertorioa bere indargunea bada ere, bere interpretazioek definizio handia izaten dute eta, horregatik, sen onaz ekin diezaioke Joseph Haydnen dotoreziari, gustua birtuosismoaren gainetik jartzen duena. Partiturak apenas dituen espresioari edo dinamikei lotutako oharrak, hain zuzen, interpreteak garaiko estiloa ulertzea espero zelako, xehetasunak haren irudimenaren esku utzita. Zentzu horretan, esango nuke Jauregik gehiegitxo erabili zuela pedala, tarteka harmoniak nahasiz, eta esaldiak behar gabe luzatuz. Bis gisa eskaini zuen Frederic Chopinen Mazurka op. 17, 4. zenbakian, bai zabaldu zituen berezko espresio bideak.
Kontzertua ixteko sorpresa txikia egon zen: Leipzigeko (Alemania) Udal Liburutegian deskubritu berri den Mozarten Serenate ex C partitura lehen aldiz entzun ahal izan zen gure artean. Orkestra bizi eta freskoa hauteman zen une oro, haizeak fin lehen mugimenduko pasarterik zailenetan edo azken Allegro con spirito-ko ehiza-deietan ere. Denera, klasizismoko ganbera-musikak izan dezakeen indarraz, melodia lirainez eta oldarkortasun puntuaz gozatzeko gaua izan zen.